Monthly Archives: November 2012

Shakiraren haurdunaldia, lau haizetara!

Argazkia: Shakiraren twitterra

Twitter sarearen bitartez, ondoko argazki hau partekatu du Shakirak. Haurdun zegoela baieztatu zenetik oso adi egon gara, baina abeslari famatuak intimitatean eraman nahi izan du kontua. Orain, baina, erditzeko aste gutxi batzuk falta dituenean, argazki honekin harrituta utzi ditu sare sozial horretan dituen 18 milioi jarraitzaileak.

Lehen seme-alaba izango da Shakira eta Gerard Piqué futbolariarentzat, eta, antza, oso pozik daude biak haurdunaldiarekin. ‘Beste 9 hilabete igaroko nituzke horrela!’ txertatu dio abeslariak argazkiari. Dirudienez, Shakirak ez ditu haurdun dauden emakume gehienek izan ohi dituzten arazoak izan.

Argazkian, bere mutilaren besoetan ikus dezakegu artista kolonbiarra, eta kamiseta bular azpian lotuta duenez, bistan da haurdunaldia aurrera doala. Adi egon, laster izango baitugu jaioberria ezagutzeko aukera!

Kristen Stewart, haurdun?

Robert Pattison eta Kristen Stewart

Albisteak ezustekoan harrapatu gaitu, baina, txutxu-mutxu guztien arabera, Kristen Stewart haurdun egon liteke! Aita, noski, Robert Pattinson bikotekidea omen da.

Azkenaldian zeresan asko eman du bikoteak. 4 urteko harremana hautsi egin zuten duela urtebete. Garai hartan Kristen ‘Blancanieves’ filma grabatzen ari zen, eta filmeko zuzendariarekin abentura bat izan zuen. Baina badirudi Robertek denborarekin barkatu egin ziola, eta, ordutik, etengabe aritu dira harremana hausten eta berreskuratzen.

Oraingoan oso serio hasi omen dira berriro; izan ere, OK Magazine aldizkariak baieztatu duenez, Kristen haurdun dago. Aktoreak berak duela gutxi egindako adierazpenen arabera, bere seme-alabek Roberten begiak izatea nahi du. Baliteke amets hori laster betetzea.

Gaur egun, bikotea Crepusculo sagako azken filma promozionatzen ari da, biran. Film horretan ere alaba bat dute elkarrekin. Guraso lanetan entrenatzen ibili ote dira?

Taylor Swift eta One Directioneko Harry Styles, elkarrekin

Duela gutxi, abeslariak Conor Kennedyrekin zuen harremana hautsi berri zuela iragarri genuen blog honetan. Baina badirudi Taylor Swiften bihotza erraz sendatu dela; izan ere, txutxu-mutxu guztien arabera, Harry Styles One Direction taldeko kidearekin dago!

Albistea Mario Lopezek eman du, 104,3 MY irrati programan. “X Factor” programako epaile da Lopez, eta Taylorrek ikuskizuna eskaini zuen bertan, ostegunean, artista gonbidatu gisa. Lopez Harry agurtzera joan zen deskantsu batean, eta hor zergatik ote zegoen galdetu zion. Orduan, Taylor seinalatu zuen eskuaz, laguntzera etorri zela argi utzita.

Antza denez bikotekideak elkarrengandik gertu egon ziren arratsalde osoan, eta horrek ingurukoen susmoak piztu zituen. E News!-ek ere eman du txutxu-mutxuaren berri dagoeneko.

Bridget Jones bueltan da

Renee Zellwegerrek gorpuztu du filmeetan. Argazkia: IMDb

Helen Fielding idazleak adierazi duenez, laster izango dugu sagako hirugarren liburua irakurtzeko aukera. Londreseko gazteak maitasun perfektuaren bila jarraituko du, 2013an kaleratuko den liburuan.

BBCko “Women’s Tour” programan eman zuen idazleak albiste handia; izan ere, 13 urte pasatu dira Bridget Jonesen abenturen berri azkenekoz izan genuenetik. Dena dela, zalantzarik gabe, liburuetan oinarritutako pelikulekin egin zen ezagun pertsonaia bitxia.

Fieldingek esan duenez, istorioa Bridgeten bizitzaren ingurukoa izango da, baina zehazteke dago oraindik zein pertsonaiak errepikatuko dituzten abenturaz josiriko orrialdeak Bridgetekin.  “Edateari eta erretzeari uzten saiatzen jarraituko du, baina errealitatea ez du horren erraz aldatuko”, esan du idazleak sortu duen pertsonaia ezagunenaren inguruan.

Filmerako gidoia ere abian da, baina honako honetan ez da liburuaren moldatze hutsa izango; elkarlanean sortuko dituzte bi testuok.

Justin Bieber eta Selena Gomez banandu egin dira!

Justin Bieber eta Selena Gomez

Lehengo astean Justin Bieberrek kamiseta kendu zuela iragarri genuen arren, notizia hori ezerezean geratu da orain. Antza denez, abeslariak eta Selena Gomezek hautsi egin dute! Oso gazte zirela bilakatu ziren biak izar mediatiko, eta bien arteko maitasunak munduko txoko guztietako jarraitzaileak ere maitemindu ditu. Baina badirudi Selenak harremana bertan behera uztea erabaki duela.

E! Online-n eskutik iritsi da berria. Antza denez, duela gutxi Justin musikal bat ikustera Joan zen Broadwayera Victoria Secret markako modelo batekin, eta horrek haustura gertu zegoela iragarri zuen. Azkenean, bi urte elkarrekin egon ondoren, nork bere bidea hartzea erabaki du. Denbora asko ematen zuten elkar ikusi gabe, eta badirudi Selenak bere mutilarengan zuen konfiantza galdu duela.

Hautsak harrotu ditu albisteak Interneten. Bikoteak jarraitzaile asko ditu, eta gaia ‘trending topic’ izan da Twitterren egun askotan. Badirudi orain bataren edo bestearen alde egin beharko dutela zale horiek guztiek; erabaki zaila ‘belieber’ askorentzat ziurrenik.

Justin Bieber, kamiseta gabe!

Ez gaude ohituta abeslari gazteak gorputza erakustera; horregatik, harrituta geratu gara Justin Bieberrek berak igo duen azken argazkiarekin. Twitter bidez, argazki hau partekatu du, kamiseta gabe, eta, antza denez, ‘txokolate tableta’ erakutsiz.

Abeslari kanadarra ordu batzuk geroago Victoria’s Secreten desfile famatuan eman behar zuen ikuskizuna prestatzen zegoen, eta bere jarraitzaileeoi, belieber-ei sorpresa bat ematea erabaki zuen. Rihanna eta bera izan ziren gaua girotzeko arduradunak.

Irudi honen bidez, Bieberrek argi utzi du dagoeneko ez dela ume bat eta heldu bilakatzen ari dela. Zerekin harrituko gaitu hurrengoan?

Miley Cyrusen ezkontzako xehetasun guztiak

Miley Cyrus eta Chris Hermsworth. Argazkia: hola.com

Hainbat hilabete igaro dira Miley Cyrus abeslariak Liam Hemsworth aktoreak ezkontza iragarri zutenez gero. Bikoteak ez zuen, ordea, ospakizunari buruzko xehetasunik eman.

Azken egunotan kantari estatubatuarrak berak aditzera eman duenez, 2013an ezkonduko dira. Gainera, bat nahikoa ez izanda, hiru jai antolatuko dituztela esan du, bakoitza hiri batean: Los Angeles, Tennessee eta Melbourne.

Eta, noski, soinekoak ere hiru izango dira! Hasi omen da diseinatzaileekin lanean, dagoeneko, eta 775.000 euroko aurrekontua duela esan du jantzietarako. Gonbidatuen zerrendari buruz ez dute oraindik ezer aurreratu, baina, lehen datu horiek ezagututa, argi dago ez dela nolanahikoa izango! Hasi soinekoak eta trajeak prestatzen 2013ko ezkontza nagusienerako!