Tag Archives: futbola

Bizilagunak gogaituta daude Buffonen sexu-saioekin

buffonGaur-gaurkoz futbolariekin lotutako edozein albistek ematen du zeresana. Batez ere, futbol-jarraitzaileak dira kontu horietan adi ibiltzen direnak, baina gaur jaso dugun albisteak kirola hain gustuko ez dutenen artean ere izan du oihartzuna.

Elcomercio.es webguneaK jakitera eman duenez, Gianluigi Buffon Juventus futbol-taldeko atezainaren bizilagunak haserre daude harekin, sexua praktikatzerakoan egiten omen dituen zaratengatik.

Ilaria D’Amico Sky Italiako kazetaria eta Fernando Llorenteren taldekidea untxien antzera ibiltzen ei dira larrua jotzen, eguneko edozein ordutan. Horrek bake-giroa hausten du auzokideen artean. Hori dela eta, horietako asko haserre agertu dira.

Alena Seredova modeloarekin ezkonduta zegoen Buffon, Ilariarekin harremana hasi zuenean. Dirudienez, ez da denbora alperrik galtzen duen horietakoa.

Nola biziko da Xabi Alonso Munichen?

xabiBost egunetan goitik behera aldatu da Xabi Alonsoren bizitza. Bayern Munich taldeak fitxatuko duela jakin genuen orain dela lauzpabost egun, eta denbora gutxian taldekide ohiak agurtu, Bayernekin debuta egin, Alemanian aurkezpen ofiziala egin eta mediku azterketak pasatu ditu. Gauza asko denbora tarte laburrean.

Real Madrilek fitxatu aurretik, Donostia utzi eta Liverpool aldera abiatu zen futbolaria, bizitza berri bat ekiteko, eta orain, lan kontuak direla eta, Bavierara alde egitea egokitu zaio.

Hizkuntza aldetik ez du arazo gehiegirik izango, taldeko hainbat jokalarik eta entrenatzaileak berak (Pep Guardiola) ere gaztelaniaz hitz egiten dutelako.

Egunorokotasunean, adliz, aldaketak nabariagoak izango dira. Hasteko, El Mundo egunkariak zabaldu duenez, oraindik etxe gabe dago tolosarra, eta hurrengo egunetan familiarekin bizitoki berria estreinatu beharko du. Alonsoren talde berriak, ordea, ez du zehaztu non biziko diren, baina litekeena da Charles Hotel inguruan bizitzea, hiriko luxu handiko leku batean. Han, besteak beste, Thiago, Javi Martinez eta Pep Guardiola bizi dira.

Dena den, aurreneko egunetan behintzat Pepe Reinarekin ikusi dute batez ere. Izan ere, Paulanerrek antolatutako ekitaldi batean parte hartu zuten biek asteburuan.

Oraingoz ezer gutxi dakigu Xabi Alonsoren bizitza berriari buruz, baina hainbat iturrik zabaldu dutenez, Nagore Aranburu emaztea eta haien seme-alabak ere Munichen daude jada. Gainera, jokalari euskaldunaren edertasunak Alemaniako emakume guztiak aho zabalik utzi dituela dioten zurrumurruak ere geroz eta indar gehiago ari dira hartzen.

 

Aitor Ocio eta patua

Ezin nion Aitor Ociori elkarrizketa egin arratsaldez izan behar zuelako eta beste zerbait nuen. Amaia Akordagoitia lankideari pasatu nion “marroia”. Eta bera pozik. Gainera, post bat ere idazteko eskatu nion. Honakoa da:

“Egia esan, Aitor Ociori elkarrizketa aurrez aurre egin nahi nuen nik, baina, tamalez, telefonoz egiteko eta urteko gizonik ederrenaren ahotsa entzuteko aukera besterik ez nuen izan. Aitor Ocio benetakoa da eta ez da futbolean bakarrik aritzen, zin dagizuet. Futbolariari 15 minutuko elkarrizketa bat egiteko irmotasuna eta iraunkortasuna ezinbestekoak izan dira.

16:15 aldera deitu behar nion, berak aginduta, baina ez zuen telefonoa hartzen. Behin baino gehiagotan saiatu ostean, Aitorrek ezetz esan zidan, alabarekin eta haren “laguntxo” batekin zegoela eta elkarrizketa hurrengo egunerako uzteko eskatu zidan. Ni, pozik! Egun bakar batean hitz egin ordez, bitan hitz egiteko aukera izango nuen eta.

Aitor Ocio

Hurrengo egunean, estaldurarekin arazoak izan genituen. Patuak gu bion artekoa ezinezkoa zela adierazi zidan. Azkenean, hainbat alditan saiatu ostean, bere ahotsa entzun nuen. Gasteizera bidean harrapatu nuen eta bost aldiz hots egin behar izan nion. Hala ere, futbolariak tipo dotorea dela erakutsi zuen.

Gehien harritu ninduena bere alaba Naiarengatik duen debozioa da. Ziur asko aldizkarietan azaltzen direnek pertsona arruntek eguneroko normala eta sentimenduak izatea arraroa egiten zaigulako. Baina Aitor aita bihozbera da, zalantzarik gabe.

Futbolariaren agendarengatik zaila izango da Aitor Ocio Bilboko Alde Zaharreko tabernaren batean topatzea. Hori ez da gure patua izango. Hala eta guztiz ere, egun gutxi barru (azaroaren 28a) bere urtebetetzea izango denez, berriz ere esateko aprobetxatuko dut txoko hau: Aitor ikaragarri zaude!”

Eskerrik asko, Amaia.

Xabi Alonsok ez du edozeinen elkarrizketa onartzen

Nire lagun bat bere laguna denez, Xabi Alonso deitu baino lehen, abisatzeko eskatu nion, gauzak errazteko. Ez zuen ezertarako balio izan. Hiru astez ibili nintzen Xabi Alonso deitzen eta ez zidan hartu. Lehendabiziko deian mezua utzi nion erantzungailuan, nor nintzen azaldu eta 10 minutuko kontua baino ez zela izango esaten nion. Alferrik. Banekien oso itxia zela eta elkarrizketak ez zituela gogoko… Egia da, antza.

Eta jatorra iruditzen zitzaidan…

Lagun Onari Saria eman zioten eta Graffitirekin hitz egin zuen, Radio Euskadin. Gainera, aldizkari baterako argazki saioa egiten zuen bitartean bideoa egin zioten eta Urrezko Baloirako izendatuta dago. Eta ni elkarrizketa lortu ezinik!

Xabi Alonso

Irratian, kiroletan, lan egiten duen lagun batekin hizketan, argia ikusi nuen: deitzen eta deitzen ari nintzen eta egin behar nuena Real Madrid taldeko prentsa bulegoan elkarrizketa eskatzea zen. Batzuetan biderik errazena ematen duena, zailena da. Berria naizela dirudi!

Azkenean… Real Madrid taldeko prentsa bulegoan ezezkoa eman didate:

“Lehendabizi, gurekin harremanetan jarri izana eskertu nahi dizugu.

Hala ere, oraingoz, zure eskaera burutzeko ezintasuna komunikatu behar dizugu.

Baina zure eskaera kontutan izango dugu eta berririk balego esango dizugu.

Eskerrik asko zure arretagatik eta jaso ezazu gure agurra.”

Bada, horixe, Xabi Alonsok ez duela edozeinen elkarrizketa onartzen. Nirea ez behintzat.

Javier Clemente eta bere oihartzun mediatikoa

Javier Clementeri elkarrizketa egitea erabaki nuenean banekien titularren bat emango zidala, baina ezin nuen imajinatu bere hitzek horrelako oihartzuna izango zutenik. Elkarrizketa webgunean argitaratu eta hurrengo egunean, Marca kirol egunkariaren paperezko edizioak orri osoan atera zuen. Eta ez zuen beste munduko ezer esan, baina Clementek ahoa zabaltzen duenean…

Elkarrizketa prestatzeko, bere adierazpenak eta biografia errepasatzeaz gain, nire neba deitu nuen, Athleticeko zale amorratua da eta. Gainera, Clementeren jarraitzailea ere bada eta Athleticeko foroan parte hartzen du. Foroan idazten dutenen artean, Clemente aurrez aurre izanez gero zer galdetuko zioten itauntzeko eskatu nion (zertarako zen esan gabe), eta hortik hainbat galdera atera nituen; zergatik dauden Nafarroan hainbeste jokalari on eta diasporako jokalariak fitxatzearen aldekoa den, besteak beste.

Javier Clemente

Elkarrizketa lotzeko deitu nuen eta hurrengo egunean, 19:00etatik aurrera, deitzeko esan zidan, ordu horretan etxean egoten baita, Zarautzen. Txoko batean bazkaria zuela azaldu zidan, baina ordurako etxean egongo zela. Elkarrizketak grabatzeko ohitura daukat, hitzez hitz idazteko, eta, ondoren, ezabatu egiten ditut. Baina, kasu honetan, elkarrizketarekin batera audio originala eseki nuen arazoak ekiditeko. Adostutako orduan deitu nuen eta erantzungailua atera zen. Nitaz ahaztu da! Mezua utzi nion hitzordua genuela esanez eta bost minutu itxaron nituen. Berriro deitu nuenean telefonoa hartu zuen, baina astirik ez zuela esan zidan. Bost minutu baino ez zirela esanez konbentzitu nuen.

Egia esateko, naturala eta jatorra iruditu zitzaidan, baina aitortu beharra daukat elkarrizketatzen ditudan guztiak begi onez hartzeko joera daukadala. Stockholmeko Sindrome moduko bat daukat. Egiaz nik Javier Clemente aurretik ezagutzen nuen bere semearekin ikasi nuelako, eta gero seme hura nire lagun baten mutil laguna izan zen; gainera, garai batean bere alaba gurekin ibiltzen zen koadrilan. Hortaz, bere etxean askotan egonda nintzen, baina ez nion ezer esan.

Batzuetan elkarrizketatzen ditudan pertsonen bizitzari buruzko zehetasunak ezagutzen ditut, baina horren inguruko galderarik egitea ez zait gustatzen. Kasu honetan, gauza asko dakizkit, baina morboa ez dut gogoko, sentitzen dut.