Monthly Archives: October 2012

Conor Kennedyk eta Taylor Swiftek bertan behera utzi dute bien artekoa

Conor Kennedy eta Taylor Swift

Taylor momentuko izar ezagunenetako bat da. Conor Estatu Batuetako familia boteretsuenetako baten parte. Askoren ustez, adinean bien artean dagoen aldea handiegia zen arren, bikotekideek ez zuten jada euren arteko harremana ezkutatzen.

Hiru hilabete elkarrekin eman ondoren, ordea, Conor Kennedyk abeslariarekin zuen harremana haustea erabaki du. ‘RadarOnline’k adierazi duenez, Kennedy nekatu egin da bera baino lau urte gazteagoa den Taylorrekin zuen harremanarekin, eta bertan behera utzi du. Antza denez, Swiftek konpromiso handiegia eskatzen zion mutil-lagunari, eta hori ez zegoen horren harreman sendoa izateko gogoz.

AEBetako hedabideek, berriz, beste arrazoi batzuk ere kaleratu dituzte. Askoren esanetan, bikotearen krisiaren arrazoia Taylorrek Kennedy familiagatik zuen obsesioa da. Dena dela, gero eta argiago dago Taylor harreman motzak izatera ohitu dela.

Justin Timberlake eta Jessica Biel ezkondu egin dira

Justin Timberlake eta Jessica Biel. Argazkia: Reuters

Bikotea asteburu honetan ezkondu da, Italiako opor zentro batean. Bost urteko erlazioaren ostean, aurrerapauso bat ematea erabaki dute aktoreek, eta senar- emazte dira dagoeneko.

Aktore bikoteak Borgo Ernazia Resort hotela aukeratu du ezkontzarako, eta lagunarteko zeremonia bat ospatzea erabaki zuten. Opor zentroa San Dominico golkoan dago, eta leku ezin hobea da ezkontzak ospatzeko, haien esanetan.

Berriaren esklusiba People aldizkariarentzat izan da, eta bikoteak oso zoriontsu daudela iragarri du, ohar baten bitartez: ”Ezkonduta egotea zoragarria da, ospakizuna bikaina izan zen eta lagunekin eta familiarekin partekatzea, are hobea”.

Pilar Rubiok Sergio Ramosen etxean egiten du lo dagoeneko

Pilar Rubio, Sergio Ramosen etxetik ateratzen harrapatu dute. Argazkia: Europa Press.

Duela gutxi elkarrekin daudela baieztatu dizuegu, eta hau aurrera doa! Orain arte prentsarekin jolasean ibili badira ere… orain euren arteko maitasuna erakutsi besterik ez dute egiten. Paparazziek erlazioa baieztatu ondoren, arlo profesionalak uzten dien bakoitzean elkarrekin dago bikotea.

Azkenaldian, telebistako aurkezlea futbolariaren etxean geratu izan da gaua pasatzen eta oraingoan harrapatu egin dute kamerek. Argazkilariak bezperatik zeuden Ramosen etxe kanpoan zain, eta azkenean lortu dute merezitako saria. Kamerengatik harrapatua izan dela ikustean, kotxeko leihatila ireki eta Pilar Rubio irribarre handi batez agurtu da.

Harremana ezin hobeto doala baieztatzen du honek, eta azkenean bikoteak ezkutatzeari utzi diola. Dirudienez, hau luzerako doa!

Megan Fox eta Brian Austin Green guraso dira dagoeneko

Megan Fox eta Brian Austin Green. Argazkia: Reuters

Albistea berehala iritsiko zelakoan ginen… eta hemen dugu! Megan Foxek facebook sare sozialaren bidez iragarri du ama izan berri dela. Haurra irailaren 27an jaio zen eta Noah Shannon Green izena jarri diote gurasoek.

Honako hau idatzi du Foxek: “Oso zorioneko izan gara lasaitasun aste batzuk izateagatik, baina nik neuk eman nahi dizuet albistea. Gure seme Noah joan den irailaren 27an jaio zen. Osasuntsu, zoriontsu eta bikain dago!”.

26 urteko aktorearentzat lehen semea da, eta bere senar Brian Austin Greenentzat, aldiz, bigarrena. Oso pozik dagoela aitortu du Meganek, eta Jainkoari eskerrak eman dizkio amatasunak ematen duen zoriontasuna ezagutzen uzteagatik.

Azkenik, eskerrak eman nahi izan dizkie haurdunaldi osoan zehar lagundu dietenei.

Jennifer Anistonek Brad Pitten ama gonbidatu du bere ezkontzara

Jennifer Aniston. Argazkia: Europa Press.

Duela zenbait hilabete iragarri zuten Brad Pittek eta Angelina Joliek euren ordezkarien bitartez, ezkontzeko asmotan zirela. Oraindik, ordea, ez da ospakizunik izan eta badirudi Pitten bikotekide ohia, Jennifer Aniston, aurreratu egingo zaiela.

Justin Theroux bere senargaiarekin ezkontzekotan da Hollywoodeko aktorea eta ospakizunaren inguruko xehetasunak ezagutarazten ari direnez, pentsatzekoa da eguna gutxi barru izango dela. Datu horien artean deigarriena gonbidatuei loturikoa da: Jennifer Anistonek Brad Pitten ama, Jane Pitt, gonbidatzeko asmoa du. Hala azaldu du The Sun aldizkariak bere web atarian.

Pitt eta Anistonen istorioak iraun zituen 4 urteetan harreman estua egin zuten Pitten amak eta bikotekideak eta hurrengo 7 urteetan ere erlazio horri eutsi diote. Jane izugarri pozik omen dago Jennifer Anistonek berriro ere zoriontasuna topatu duelako eta 7 urteotan babesa eta aholkuak eman dizkiola adierazi du Anistonen gertuko lagun batek aipatutako aldizkariari.

Eguna iristean ezagutuko dugu zein den gonbidatuen zerrenda…

Robert Pattinson eta Kristen Stewart, bigarren aukera baten alde

Bikoteak ez dio albiste izateari utzi, izan ere, gertuko iturriek diotenez, elkarrekin daude berriro ere! Protagonismo gehiegi bilatu duten lagunen deklarazioei esker izan dugu orain arte horren berri, baina People aldizkariak baieztatu du dagoeneko.

Aldizkariaren webgunean irakurri ahal izan dugunez, irailaren 15eko asteburuan hartu zuen bikoteak erabakia. Haien egoeraren inguruan hitz egiteko elkartu omen ziren, eta bien artekoari bigarren aukera bat ematea erabaki zuten, antza.

Honen frogak ere badaude; bikoteak salgai zuen etxea berreskuratzea erabaki du. Robert Pattinsonek bere neska-lagunak Rupert Sandersekin adarrak jarri zizkiola jakin zuenean, etxea saltzea erabaki zuen, baina badirudi bikoteak bertara itzultzeko asmoa duela.

Aktoreen hurrengo agerpen publikoa kritikoa izango da prentsa arrosarentzat, People aldizkariak zabaldutako albistea baieztatzeko. Horien azken filma (Crepúsculo Amanecer lanaren jarraipena) promozionatzeko izango da. Beraz, une hori iristen denean ikusiko dugu nola jokatzen duen bikoteak…

Sergio Ramos eta Pilar Rubio, elkarrekin!

Sergio Ramos eta Pilar Rubio. Argazkia: Europa Press

Zurrumurruek maiz izaten dute zerbait egiatik eta badirudi Sergio Ramos Real Madrileko jokalaria eta Pilar Rubio aurkezlea bikote direla. Kontuaren gaineko adierazpenik egin ez badute ere, euren azken agerraldiek gero eta argiago uzten dute harremana.

Duela zenbait egun festa berean egon ziren biak, eta elkarrekin sartu eta irten ez baziren ere, susmoak piztu zituzten. Pasa den asteburuan, aldiz, jatetxe batean elkartu ziren; kasu honetan ere bakoitza bere aldetik sartu eta atera bazen ere, biek elkarrekin afaldu zuten.

Dena den, maitasun zantzu nagusia Sergio Ramosek berak erakutsi du: futbolariak “Rubio” hitza jartzen duen tatuaje berri bat egin du, ¡Hola! aldizkariak argitaratutako argazkian ikus daitekeenez.

Pilar Rubio aurkezleak 10 urte zeramatzan Hamlet taldeko José Molinero kidearekin eta Sergio Ramos Lara Álvarez kazetariarekin ibili zen. Orain euren bideak gurutzatu direla dirudi.

Bai, Shakirak mutikoa espero du

Shakira eta Piqué. Argazkia: Reuters


Shakirak bere haurdunaldia iragarri zuenetik, ugariak izan dira haurraren inguruan zabaldutako esamesak. Kontuaren gaineko ezer esango ez zuela zirudien baina kolonbiarrak jada baieztatu du zurrumurruek ziotena: alegia, mutikoa espero duela. Hala adierazi du RTL kate alemaniarrerako egindako elkarrizketa batean.

Haurdunaldiko seigarren hilabetean da abeslaria eta irrikaz espero du gutxi barru abiatuko duen etapa berria; elkarrizketa honetan ulertzera eman duenez, gainera, prest agertu da esperientziaz jendaurrean hitz egiteko.

Bere amatasuna ez zuen, ordea, hizpide bakarra izan: Gerard Piqué bere bikotekideaz hitz egiteko beta ere hartu zuen Shakirak: “Gizon hau bizitzan pasa zaidan gauzarik onena da. Eta orain… haurtxo hau!”.

Ezagutarazi ez duena haurraren izena izan da: Ulisito izena izango ote duen ala ez jakiteko hurrengo atal batera arte itxaron beharko dugu…