Tag Archives: abeslaria

Perretxiko haluzinogenoak onuragarri?

Adam Levineren ustez, perretxiko haluzinogenoak onuragarriak izan daitezke. Hala adierazi du Maroon 5 taldeko abeslariak Q aldizkarian eskainitako elkarrizketa batean.

Levinek adierazi duenez, perretxiko haluzinogenoekin izandako esperientzia onuragarria izan zen berarentzat: “Neure buruari buruz pentsatzea eragin zidaten, eta beste era batean ulertuko ez nituzkeen gauzak konprenitzen lagundu zidaten”. Gainera, txikitan izaten zituen zenbait sentimendu horiei esker berreskuratu zituela azpimarratu zuen abeslariak.

Perretxiko haluzinogenoak probatu dituen arren, estatubatuarrak oso argi dauka droga guztiak direla arriskutsuak: “Noizbehinka droga horiek probatzea onuragarria iruditzen zait, baina gehiegi erabiliz gero maniako psikotiko baten antzera bukatzeko arriskua dago”.

133.075 dolarreko soineko bat erosi du Lady Gagak

Askotan hitz egin dizuegu Lady Gagaren janzkera bitxiaren inguruan; duela gutxi, abeslariak labezomorroz egindako txapel bat erosi nahi zuela jakinarazi genizuen.

Ohitura horri jarraituz, historiako soinekorik garestienetako bat erosi du Lady Gagak, Alexander McQueen diseinatzaile zenak 2008ko udazkenean aurkeztutakoa.

WWD webgune estatubatuarraren arabera, Londoneko Christie’s enkante-etxeak jarri zuen salgai soinekoa, eta abeslariak telefonoz hartu zuen parte enkantean. 133.075 euro ordaindu zituen jantzia eskuratzeko.

Soinekoa zetazkoa da, marfil kolorekoa, eta Daphne Guinnes artista britainiarrarena zen, 2010ean bere buruaz beste egin zuen Alexander McQueenek diseinatu zuen, eta ‘’The Girl Who Lived in the Three’’ izeneko bildumaren parte zen.

Lady Gaga McQueenen lagun izan zen denbora luzean, eta hura hil denetik abesti eta sari ugari dedikatu dizkio.

Kontsolagailua oparitu diote Lady Gagari

Normalean Lady Gaga da bere erokeriekin harrituta uzten gaituena, baina, oraingoan, bere jarraitzaileetako bat izan da abeslaria ahoa zabalik utzi duena.

Lady Gaga Australian egon da, Born This Way Ball kontzertu birako zenbait emanaldi egiten, eta, Brisbanen zegoela, bere jarraitzaileetako bat hurbildu zaio kontsolagailu bat oparitzeko asmoz.

Abeslariak oparia hartu eta, harrituta, ondorengoa erantzun dio zaleari: “Eskerrik asko nire bizitza sexuala kontuan hartzeagatik, baina ez daukazu zertan kezkatu; oso bizia da”.

Dirudienez, barregarria iruditu zaio oparia Lady Gagari; izan ere, kontzertu amaieran, kontsolagailua hartu eta publikoari bota dio, norbaitek oroigarri moduan nahi duen galdetuz.

Miley Cyrus eta Liam Hemsworth ezkondu egingo dira!

Zurrumurru ugari entzun ditugu azkenaldian Liam Hemsworthen eta Miley Cyrusen inguruan. Martxoan komunikabide ugarik argitaratu zuten bikote gaztea ezkontzekotan zegoela, baina abeslariak berehala ezeztatu zuen informazio hori sare-sozialetako bere profilen bitartez.

Oraingoan, albistea egiaztatuta dago: hiru urteko harremanaren ondoren, Miley Cyrus eta Liam Hemsworth ezkondu egingo dira. Cyrusek berak aitortu du informazioa Twitterreko bere profilean.

Dirudienez maiatzaren 31an eskatu zion The Hunger Games pelikulako aktoreak neska-lagunari berarekin ezkontzeko, 3,5 kilateko diamante batekin, eta honek baietz erantzun zion.

Oso gazteak diren arren (22 urte ditu Hemsworthek eta 19 Cyrusek) laster ezkontzeko asmoa dute bikotekideek. Horren ondorioz, Elsa Patakyren koinata izango da Cyrus, aktore espainiarra Chris Hemsworthekin, Liamen anaiarekin, ezkonduta baitago.

Shakira haurdun?

TVNotas aldizkariak prentsa arrosaren mundua astindu du, albiste harrigarri batekin. Argitalpenaren arabera, Shakira haurdun dago, eta bera eta Pique guraso izango dira datorren urteko urtarriletik aurrera. Oraindik ez da egon bikotearen egiaztapenik, baina, aldizkariak dioenez, abeslaria bi hilabeteko dago.

Aste honetan bertan, bikoteak erosi duen etxe erraldoiaren irudiak agertu dira, eta erosketa hori haurdunaldiarekin erlazionatu dute askok. “Shakira asko poztu zen haurdunaldiaren berri izan zuenean, eta horregatik erosi dute berak eta Piquek etxe bat Bartzelonan”, adierazi du bikotearen inguruko batek.

Informazio hori ez dator bat inola ere Pique eta Bar Rafaeli modeloa erlazionatzen zituzten zurrumurruekin. Egiazkoa izango ote da albistea? Eta, hala izatekotan, nola bateratuko dituzte bikotekideek euren ibilbide profesionala eta ume bat hazteko lana?

Amy Winehouseren etxea, salgai

Ia urtebete pasatu da Amy Winehouseren droga arazoek bere heriotza ekarri zutenetik. Hori dela eta, bere gurasoek abeslariaren etxea salgai jartzea erabaki dute.

Hasiera batean, eraikina Amy Winehouse fundazioaren egoitza izango zela zioten zurrumurruek. Hala ere, badirudi azkenean etxea salgai jartzea erabaki duela familiak. Euren bozeramaileak adierazi duenez, gurasoek ez dute bertan bizi nahi eta hutsik uztea, oso garestia izateaz gain, ez da batere praktikoa: “Primerako etxea da eta etorkizunean beste familia batek disfrutatzea espero dute”.

Winehouseren etxea Londreseko Camden auzoan dago eta abeslariaren jarraitzaileentzat erreferentziazko leku bilakatu da. Hiru logela, hiru egongela, patio pribatua eta lorategia ditu, eta 3,3 milioi euroan jarriko dute salgai.

Norbaitek erosiko al du etxea? Guri behintzat arraroa egiten zaigu abeslaria hil zen etxean bizi nahi izatea…

Shakira, oso jeloskor

Shakira eta Pique. Argazkia: Getty.

Shakira eta Piqueren artean arazoak sortu omen dira azkenaldian. Intouch aldizkariak dioenez, abeslaria oso jeloskor dago bere mutil-lagunaren mugikorrean aurkitutako argazki batzuk direla eta.

Dirudienez, Piquek eta bere lagunek modelo ezagunen argazkiak trukatzen dituzte noizbehinka mugikorraren bitartez, eta Shakirak ez du batere gustuko futbolariaren ohitura hori.

Ondorioz, kolonbiarra Piqueren mugikorra kontrolatzen hasi da, eta etengabe gainbegiratzen ditu bere mutil-lagunak jasotzen dituen mezu eta irudiak. Bikotearen inguruko pertsona baten arabera, Piqueren lagunek ez dute batere ondo ikusten abeslariaren jeloskortasuna eta bere mugikorra begiratzea eragoztea gomendatu diote Bartzelonako jokalariari.

Asteotan, bikotea garai latza pasatzen ari dela zioten zurrumurru ugari izan dira; krisian egongo ote da Shakira eta Piqueren arteko harremana?

Selena Gomez, neska batekin musuka

Selena Gomezek Disney pelikuletan zeukan itxura otzana alde batera utzi nahi du eta horren adibide da bere azken pelikula: Spring Breaker.

Bertan, abeslari eta aktorearen alde bihurriena ikusiko dugu unibertsitateko ikasle problematiko batena egiten. Hori dela eta, parrandan ikusiko dugu; alkohola edaten, zigarroak erretzen eta, argazkian ikusten den moduan, neska bat musukatzen.

Aktore gazteak adierazi duenaren arabera, jarraitzaileak harrituta utziko ditu film horrekin. Izan ere, berarekin alderatuta izaera oso ezberdina daukan neska baten papera egiten du. Horregatik, elkarrizketa batean aitortu duenez, bere lankideek erretzen irakatsi behar izan zioten filmeko eszena bat grabatu ahal izateko. Erretzen zuen lehenengo aldia omen zelako.

Badirudi Selena oso pozik egon dela filmaren grabazioan, etengabe igo baititu Twitterren daukan orrialdera bere lankideekin ateratako argazkiak. Parte hartu duten aktore ezagunen artean, Vanessa Hudgens, Ashley Benson eta James Franco daude.

Paulina Rubiok mutil-lagun berria dauka

Paulina Rubio eta bere mutil-laguna. Argazkia: Diez minutos.

Bost hilabete pasatu dira Paulina Rubio eta Nicolas Vallejo, Colate, dibortziatu zirenetik, eta badirudi abeslari mexikarra maiteminduta dagoela berriz ere.

Izan ere, aste honetan bere mutil-lagun berriarekin ibili da Paulina Rubio Miamiko jatetxe eta diskoteka ezagunenenetan. 41 urteko artistaren bikotekide berria Kaliforniako enpresari gazte bat da, eta abeslaria oso pozik omen dago berarekin.

Disko berriaren aurkezpenenean adierazi zuenez, mexikarrak bere bizitzaren etapa bat itxi zuen dibortzioarekin eta, orain, beste bat hasi du, “itxaropentsu”. Horrez gain, maitasunean sinesten jarraitzen duela azaldu zuen eta etorkizunean berriz ezkontzea eta seme-alaba gehiago izatea gustatuko litzaiokeela aitortu zuen. Abeslariak Colaterekin izandako semeak 16 hilabete ditu.

Sexu-harremanekiko menpekotasuna daukaten famatuak

Britney Spears. Argazkia: Randee St Nicholas

Hipersexualitateak edo sexu-harremanekiko menpekotasunak osasun arazo larriak sor ditzake. Sexologoek ez dute gaixotasun honen jatorria aurkitu baina Osasunaren Mundu Erakundeak buruko gaixotasunen zerrendan sartu nahi duela jakinarazi du. Gaurkoan, gaixotasun honengatik arazoak izan dituzten famatuei buruz arituko gara Gazteako txutxumutxu blogean.

Robert Downey Juniorrek, Sherlock Holmes pelikulako aktoreak, sexuarekin obsesionatuta zegoela aitortu zuen elkarrizketa batean. Aktoreak azaldu zuenez, masturbatzean pentsatzen ematen zuen egun osoa.

Sharon Stone aktorearen bizitza sexualaren inguruan ere zurrumurru ugari egon ziren 2004an. Garai hartan bere senarrak, Phil Bronsteinek, adierazi zuenaren arabera, Stonek egunero hainbat aldiz eskatzen zion berarekin sexu harremanak izateko. Lindsay Lohanen mutil-lagun ohiak ere aktore polemikoak sexu-harremanak egunean lau aldiz izan nahi zituela adierazi zuen.

David Duchovnyren kasua askoz larriagoa izan zen. 2000. urtean Arizonako klinika batean denboraldi bat eman behar izan zuen hipersexualitatea zela eta. Antzeko zerbait gertatu zitzaion Rob Lowri. Aktorearen bideo sexual bat publiko egin zenean errehabilitazio klinika batera joan behar izan zuen.

Charlie Sheenen inguruko polemika oso ezaguna egin zen komunikabideei esker. Aktorea Two and a half men telesailetik kaleratu zuten bere bizitza sexualaren inguruan ezagutu ziren gehiegikeriak zirela eta.

Sexu-harremanak alkoholarekin eta drogekin nahasten direnean arazoak egon ohi dira. Hori izan omen zen Britney Spearsen kasua. Bere senar ohiak eduki sexual altuko bideo batzuk publikatzearekin mehatxatu zuen artista.

Hugh Granti, aldiz, dibortzioa ekarri zion arazoak. 13 urtez Liz Hurley aktorearekin ezkonduta egon ostean, bigarren honek dibortzioa eskatu zion argazkilariek auto batean beste emakume batekin aho-sexua izaten harrapatu zutenean. Izugarrizko polemika sortu zen irudi horien inguruan eta, oraindik ere, prentsa britainiarraren artean irudi txarra dauka aktoreak.