Tag Archives: Bitxikeriak

Izarrek ere maniak dituzte

Jennifer_lopezGuztiok ditugu maniak. Arruntagoak edo bitxiagoak, baina denok ditugu maniak. Izarren artean ere askok dute horrelakorik, eta hauetako batzuk bitxiak dira benetan. Adibidez, Britney Spears pop musikako printzesak zoratu egiten ditu hoteletako langileak. Izkira eta ganba entsaladak, edari energetikoak, txikleak, karameluak eta hamarnaka zereal kutxa eskatzen ditu beretzat. Gainera, nahi duena lortzen ez badu, jendea kaleratzen hasten da. Ez da hori, baina, bere maniarik handiena. Izan ere, ahotsik gabe geratu zen egun batean, bere eztarria zaintzeko kamera hiperbariko bat erostea agindu zuen. Aurkitzea ez zen batere erraza izan, eta 11.000 euro balio izan zituen

Jennifer Lopez abeslari polifazetikoari nazka ematen omen dio jendeak erabilitako maindire artean lo egiteak, eta bere maindireak eramaten ditu beti hoteletara. Gainera, bere logela zuriz apaintzera behartzen ditu hoteletako langileak eta opilak eta alkohola egon beharrean ur natural botilak egotea eskatzen du. Izaera berezia du gainera, ikertzeko modukoa. Izan ere, ez da igogailuetan bakarrik egoteko gai, eta bizkartzainez inguratuta besterik ez da ateratzen eraikin publikoetatik. Gainera, Kolonbiara egin zuen bidaia batean saltoki-gune bat ixtea eskatu omen zuen, bera erosketak egitera joateko.

Paulina Rubioren aldagelek gutxienez 40 metro karratu izan behar dituzte, edateko ura hiru tenperaturatan izan behar du, eta toalla zuriak eta perfumatuak bakarrik nahi ditu. Behin, logela beltzez margotuta eta kandelaz beteta egotea eskatu zuen.

Musika munduko izar ospetsu eta tirabiratsuekin jarraituz, Mariah Carey ezin alde batera utzi. Manien erregina da hau. Ur mineral frantsesean bainatzen da, bere maskotekin batera, eta, dirudienez, ez da gai aurretik beste inork erabilitako komunak erabiltzeko.

Hilton hotelen oinordekoak, Paris Hiltonek, antza, BMW markako ibilgailuak bakarrik erabiltzen ditu, milaka dolar gastatzen ditu Swarovski markako kristalez apaindutako ura erosten, eta milioika dolar ordaindu zituen bere txerritxoa Marilyn Monroeren hilobiaren ondoan lurperatzeko lur zati bat erosten.

Gizonezkoen artean ere bada mania bitxirik duen izarrik. Brad Pitt aktoreak zoologiko bat eraiki du Frantzian duen gazteluan, bere seme-alabak mimatzeko. Hainbeste diru izanda, 20.000 dolar ordaindu zituen inoiz jaso ez zituen lore exotiko batzuk izateko.

‘Papito’ bira egiten ari zela, Miguel Bosek suite bateko lurra moketatzeko eskatu zuen. Gainera, edateko ur kopuru handiak eta sasoiko fruta eskatzen zituen.

David Beckham futbolariaren maniak ere ez dira oso ohikoak. Badirudi Victoria Beckam emaztearen handinahiaren parekoa dela berea. 1.800 euro ordaindu zizkion behin laguntzaile bati Gabonetako opariak irekitzeko, eta ia bi milioi euro gastatu zituen emazteari platinozko eta diamantezko bibradore bat oparitzeko, lanak behar baino denbora gehiago kenduz gero berarekin ez ahazteko.

Duela urte batzuk, Elton Johnek 60.000 dolar gastatzen zituen urtero loreak erosten. Horrela, ez da hain arraroa 2007. urtean Gasteizen egon zenean hoteletik kontzertua eman behar zuen lekura joateko limusina bat erabili izana eta Viña del Mar jaialdiko 53. edizioan hoteleko logelan narruzko ezer ez egotea eskatu izana.

133.075 dolarreko soineko bat erosi du Lady Gagak

Askotan hitz egin dizuegu Lady Gagaren janzkera bitxiaren inguruan; duela gutxi, abeslariak labezomorroz egindako txapel bat erosi nahi zuela jakinarazi genizuen.

Ohitura horri jarraituz, historiako soinekorik garestienetako bat erosi du Lady Gagak, Alexander McQueen diseinatzaile zenak 2008ko udazkenean aurkeztutakoa.

WWD webgune estatubatuarraren arabera, Londoneko Christie’s enkante-etxeak jarri zuen salgai soinekoa, eta abeslariak telefonoz hartu zuen parte enkantean. 133.075 euro ordaindu zituen jantzia eskuratzeko.

Soinekoa zetazkoa da, marfil kolorekoa, eta Daphne Guinnes artista britainiarrarena zen, 2010ean bere buruaz beste egin zuen Alexander McQueenek diseinatu zuen, eta ‘’The Girl Who Lived in the Three’’ izeneko bildumaren parte zen.

Lady Gaga McQueenen lagun izan zen denbora luzean, eta hura hil denetik abesti eta sari ugari dedikatu dizkio.

Labezomorroz betetako txapela nahi du Lady Gagak

Haragiz egindako soinekoarekin ikusi dugu Lady Gaga aurrekoetan, baita arrautza erraldoi baten barruan ere. Oraingoan, labezomorroz betetako txapela prestatu nahi du abeslari bitxiak.

Ameriketako Estatu Batuetan egin duten ikerketa zientifiko batean, labezomorroek Lady Gagaren musikari beste abeslari batzuenari baino hobeto erantzuten diotela frogatu dute, eta ikerketaren emaitza hori oso bitxia iruditu omen zaio abeslariari.

Hori dela eta, labezomorroz betetako txapela prestatu nahi du artista ezagunak; horrela, berarekin eraman ahal izango ditu bere “munstro maiteak”. Dirudienez, txapel baten gainean, kaiola moduko bat eraiki nahi du, sare batekin estalia, intsektuak horretan zehar mugi daitezen.

Zer iruditzen zaizue abeslariaren azken erokeria hori? Atentzioa emateko daukan ohituraren ondorio, agian?

Lady Gaga, izarrei begira

Lady Gaga. Argazkia: Abeslariaren Twitter ofiziala.

Aurretik ere Lady Gagaren mania arraroei buruz hitz egin badugu ere, abeslariaren bitxikeriek askotarako ematen dute.  Zein da bere azken kezka? Merkurio planetaren kokapena.

Abeslariak astrologo talde bat dauka kontratatuta horoskopoaren berri eman diezaion. Horren arabera, Merkurio planetak ibilbidea aldatuko du uztailaren 15etik abuztuaren 8ra. Aldaketa horren ondorioz, planetak atzera egiten duela ematen du, zerura begiratuz gero, eta horrek arazoak sortzen omen ditu. Fenomeno hau urtean hiru aldiz baino ez da gertatzen.

Merkurion aldaketa hori izaten den garaian Lady Gaga “Born this way” kontzertu biran murgilduta egongo da eta horretan zerbait txarra gertatuko den beldur da; horregatik bildu da gaian aditu direnekin.

Bestalde, azken astean polemika handia zabaldu du abeslariak Twitterreko bere profilean egindako adierazpen batzuekin. Horietan, pop abeslariek jan behar ez dutela esaten zuen eta kritika ugari jaso ditu. Hala ere, bere jarraitzaileak gero eta gehiago dira eta bere kontzertuetarako sarrerak berehala saltzen dira. Horren azken adibide dira Erresuma Batuan emango dituen kontzertuak; saltzen hasi eta minutu batzuetara agortu ziren sarrerak.

Bill Kaulitzen look aldaketa

Bill Kaulitzen (Tokio Hotel taldeko abeslaria) irudia beti izan da oso bitxia, eta oraingoan ere, bere itxurarekin arreta bereganatzea lortu du. Izan ere, Alemaniako hainbat egunkaritan azaldu da look berriarekin. Horretaz gain (gezurra badirudi ere), albistegi alemaniar guztietan aipatu dute musikariaren orrazkera berria.

Argazki honetan ikus dezakegun bezala, orain ile horia du Kaulitzek. Gainera, bizarrarekin eta tamaina handiko eguzkitarako betaurrekoekin agertu da artista duela egun batzuk.

Hasiera batean bera dela sinestea zaila egiten den arren, argazkia bi aldiz begiratuta, ez dago zalantzarik… Beraz, dagoeneko iraganeko kontua da bere ile luze eta beltza, eta orain itxura oso desberdina du Kaulitzek.

Ziur aski rock taldeko izarraren jarraitzaileek ere ez zuten horrelako look aldaketarik espero, baina abeslaria itxura berri honekin ikustera ohitu beharko dute. Ez dute beste aukerarik.