Tag Archives: telebista

Iban Garate, komunikatzaile hutsa

Iban Garate

Pertsona batzuk komunikabideetarako eginda daude, eta horietako bat da Iban, nahiz eta berak ekonomia gustuko izan. Halako erraztasuna du hitz egiterakoan! Hain da alaia eta berritsua parrandazalea izango zela uste nuela, baina ez, mutil zintzoa da, langilea eta formala, eta neskalaguna du. Neska nor den ez zidan esan, baina irratian lan egiten duela bai. Nafarroako unibertsitatean ikasketak egin zituen lan egiten zuen bitartean, eta orain ekoiztetxe bat sortu du, Tuntuxa, beste bi lagunekin batera.

Iban Garateri elkarrizketa egitea oso atsegina izan zen, denbora guztian irribarrea ahoan izan nuen. Gorka Otxoarekin gertatu zitzaidan bezala, poteatzera irteteko modukoa dela iruditu zitzaidan. Bai, hau ere bere neskalagunarekin.

Gorka Otxoa, aktore euskalduna

Gorka Otxoa

Batzuetan, elkarrizketa bat amaitu eta, bakarrik nagoela, “Bai, jatorra!” esaten dut ozenki. Hauxe da kasu horietako bat. Gorka Otxoari elkarrizketa egitea Madrilera lanera joandako zure koadrilako lagun batekin hizketan egotea bezalakoa da. Egia esan behar badut, nagia ematen zidan elkarrizketa egitea, “pailazo” tipikoa zela uste nuelako; baina ez da, ez. Oso mutil jatorra da, eta gauzak oso modu naturalean kontatzen ditu. Bere neskarekin, Eva Ugarterekin oso maiteminduta dagoela sumatzen da, etengabe aipatzen du eta. Hori bai, zelan ligatu zuen galdetu nionean (Pagafantas filmaren harira) oso ondo jakin zuen ezer kontatu barik erantzutea, baina zakarra izan gabe.

Deigarria iruditu zitzaidan psikologia ikasketak amaituta dituela eta amaitu ondoren ere psikologiari buruzko ikastaroak egin izan dituela. Baita bizitza osoa euskal dantza talde batean ibili dela (Kresala) eta Madrilera joan zenean ere Donostiara bueltatzen zela dantzatzera. Bere Madrileko lagunak euskaldunak direla kontatu zidan, eta ahal duen guztietan igotzen dela Donostiara. Elkarrizketa egin aurreko asteburuan etxean egonda zen eta hurrengoan ere joateko asmoa zuen, Reala eta Athleticen arteko derbya Anoetan ikustera. Irrikan zegoen. Tira, Madrilera banoa poteak hartzera joateko deituko dut. Bera, bere lagunak, eta, nola ez, bere neska.

Marivi Bilbao, antz-azturak hobiraino

Marivi onena da. Oso solasaldi atsegina izan genuen, elkarrizketa baino, lagunen arteko hizketaldia ematen zuen. Bere alaba dekoratzailea dela kontatu zidan eta galderak ere egin zizkidan, berak niri!

Marivi Bilbao

Marivi Bilbaori elkarrizketa egiten hasi bezain laster, honakoa bota zidan: “Itxaron, zigarro bat piztuko dut”. Egia esan, berak ez zuen oso argi nor nintzen ni, Madrilen zer moduz bizi nintzen galdetu zidan eta. “Ez Marivi, ni hemen bizi naiz”. Ozen hitz egiteko eskatu zidan, ez zuelako oso ondo entzuten. Barre egin nuen emakumeei buruz hitz egiten ari zela honakoa esan zidanean: “Zu, emakumea zarela; igarri dizut eta…”. Gutxi barru, erre ahal izateko zigarroa piztu eta ibaira bota beharko garela esan zuenean ere barregura eman zidan. Itzela da.

Abegitsua, atsegina eta xelebrea. Marivi Bilbao bikaina da.

Carmen Lomana pija da, baina ez inozoa

Euskalduna ez bada ere, urte askotan Gipuzkoan bizi izan zenez, elkarrizketatzeko aitzakia neukan; beraz, Carmen Lomanari elkarrizketa egitea erabaki nuen. Edo saiatzea behintzat. Orduak eman nituen Interneten bila, mail bat, telefono bat, bere agentearen izena… Azkenean management agentzia baten erreferentzia topatu nuen eta mezu elektroniko bat bidali nien. Carmen Lomanak Donostian emandako urteen inguruko galdera batzuk baino ez nituen bidali (lankide batek gero azaldu zidanez, bere etxea Hondarribian zegoen). Bi egun igarota ez zirela Carmen Lomanaren agenteak erantzun zidaten. Usteak ustel!

Carmen Lomana

Sarean miatzen jarraitu nuen, eta Carmenen beraren post bat ere aurkitu nuen bere ilobaren ezkontzari buruzko eztabaidagune batean. Azkenik, kolaboratzen duen argitalpen batera idatzi nuen. Nire maila birbidali omen zuten eta Telecincoren deia jaso nuen. Galderak irakurri eta bere bizitzaren eremu zehatz horri buruzkoak baino ez zirenez, ez zutela erantzuteko baimena emateko arazorik esan zidaten, baina Carmenen agenteak onartu behar zuela. Telebistarako izanez gero, ezinezkoa izango zela imajinatzen dut. Horrela gertatu zitzaidan Jorge Fernandezekin, kontratuen esklusibotasun kontuak zirela eta ezin izan niola elkarrizketa egin. Bere agentearen telefono zenbakia eman zidaten eta deika hasi nintzen. Aste bat baino gehiago eman behar izan nuen erantzuna lortu arte. Gizona nahiko lehorra izan zen, zer nahi nuen azaldu nion eta posta elektronikoz bidaltzeko esan zidan.

Ez nuen erantzunik jaso, baina… Carmen Bilbora, bere liburua aurkeztera zetorrela jakin nuen. Primeran. Saltzeko zerbait daukatenean, erraza da pertsona ospetsu batekin elkarrizketa lortzea. Espasako Nieves deitu nuen eta elkarrizketa lotu nuen Carmen Eitbko egoitzara, Radio Euskadira, zetorrela aprobetxatuz.

Carmen Lomana

Gutxitan galdetu didate hainbeste elkarrizketatutako norbaiti buruz. Azalduko dizuet. Carmen oso pinpirina iruditu zitzaidan, ez dut ukatuko. Hitz egiterakoan aurpegiko muskulu bat ere ez du mugitzen. Baina horretaz aparte, jatorra da eta, batez ere, manera onak ditu eta oso adeitsua da. Tratu atsegina izan zuen, nahiz eta lo gutxi eginda eta elkarrizketez nazkatuta egon. Nire ustez jendeak gauzak nahasten ditu; pinpirina edo aberaskumea izateak ez du esan nahi leloa denik, eta uste dut Carmen Lomana ez dela inozoa; alderantziz, oso jantzia da eta, seguruenik (hori ezin da elkarrizketa soil batean sumatu) nahiko argia ere bada. Nirekin oso atsegina izan zen, baita nor nintzen oraindik ez zekienean ere, izan ere, Nieves Felix Linaresekin hizketan hasi zen eta ez zituen aurkezpenak egin.

Horretaz aparte, Carmenek gorputz ikaragarria dauka. 62 urteekin 34 taila erabiltzen duela esango nuke, eta ile izugarri distiratsua dauka. Bere burua asko zaintzen duela ikusten da. Maleta erraldoia eta jantziak garraiatzeko zorro luze bat zeramatzan. Batek baino gehiagok ikusi nahiko genuke bertan zeraman soinekoa…

Beste gauza bat, zergatik ematen dio amorrua jendeari 9:00etan esnatzen dela eta egunero egunkariak ohean irakurtzen dituela jakiteak? Niri amorrua ez, inbidia ematen dit!

Jorge Fernandezekin jacuzzian

-Bai, kaixo. Nor zara?

-Nor zara zu?

-Ni Jorge.

Glup. Jorge Fernandezek telefonoz deitu dit. Batzuetan telefono zenbaki bat lortzen dut eta ez dakit topatu nahi dudan pertsonarena den, bere agentearena, bere amarena edo aurretik zegoen enpresarena. Jorge Fernandez lokalizatzeko zenbaki batera deika ibili nintzen eta inork ez zuen hartu. Jorgek deia ikusi omen zuen eta nor zen jakiteko deitu zuen.

Jorge Fernandez

Ni nintzen. Nor nintzen azaldu nion eta elkarrizketatu egin nahi nuela. Oso jator, bere agentearekin hitz egin behar nuela esan zidan eta agenteak Antena 3 katearekin hitz egingo zuela, eta zenbakia eman zidan.

Egia esan, oso atsegina izan zen. Ez zuen ematen elkarrizketa egiteko arazorik zeukanik, baina… esklusibotasuna  zeukala esan zidan agenteak eta ezetz.

Antza, kontratu horiek ez dituzte aldizkari edo idatzizko beste komunikabideetan agertzea debekatzen; baina agian, Euskal Telebistaren web orria izanik, konpetentzia gara. Adibidez, Carmen Lomanari elkarrizketa egin ahal izan nion (beste egun batean kontatuko dizuet zer iruditu zitzaidan; bitartean, elkarrizketa irakur dezakezue), baina kontratu guztiak ez omen dira berdinak.

Aspaldian, Mister España titulua irabazi berri zuela, jacuzzian egon nintzen Jorge Fernandezekin. Eta beste 5 pertsonekin. Nire bikotekidearekin Donostiako La Perla spara joan nintzen eta jacuzzian Jorge topatu genuen. Jorge Fernandezekin jacuzzian egon naizela esatea gustatzen zait. Orain, gainera, “Jorge Fernandezek telefonoz deitu dit” ere esan dezaket.

Carlos Sobera, unibertsitatean irakasle izan nuen telebista aurkezlea

Unibertsitatean ikasten ari nintzela ezagutu nuen Carlos Sobera. Gezurra badirudi ere, Publizitatearen Zuzenbidea ikasgaiaren irakasle izan nuen; karrera guztian gazteleraz izan nuen ikasgai bakarrarena, alegia (Kazetaritza eta Publizitatea, biak kontuan izanda). Batzuen ustez, zentzurik gabe hitz egiten zuen, baina niri bere eskolak oso barregarriak iruditzen zitzaizkidan. Benetako umore bakarrizketak egiten zizkigun. Bereziki gogoratzen dut bere arrebaren ezkontzari buruzko solasaldi bat, Japonian ezkondu behar zela kontatu zigun eta jakin nahi nuke benetakoa zen edo asmakizun hutsa. Oso ona izan zen. Ez dut gogoratzen egun horretan ikasgaiaren zer gai azaltzen ari zen…

Carlos Sobera

Carlos Soberak Adela Gonzalezekin aurkezten duen “Consumidores” saioa hasi behar zela eta, elkarrizketatu nuen. Eta okerrena horixe izan zen, elkarrizketa saioaren aurkezpenagatik baldintzatuta geratu zela, eta ez zen nahi nuen bezala geratu. Hala eta guztiz ere, nire ustez, prentsaren aurrean Carlos Sobera ez da hain txistagarria (berak esaten duen bezala); ez unibertsitateko gelan bezain beste, behintzat. Nahiko irribarretsua bada ere, ez du burua galtzen. Penagarria.

Carlos Soberari egindako elkarrizketan kontatu zidana alde batera utzita, bere alabei buruz ere hitz egin genuen (bata berea da eta bestea bere emazteak bazuen aurretik). Lokartzeko orduan baino ez dituela ikusten esan zidan, “aita gehienak bezala”, baina asteburua eurekin buru belarri ematen duela.

Miren Ibarguren ('Aida' eta 'Escenas de matrimonio')

Miren oso neska normala iruditu zitzaidan eta oso naturala. Elkarrizketa egitea guztiz erraza izan zen. Berehala hartu zidan telefonoa eta oporretan zihoala esan zidan. Orduan, arratsalde horretan bertan telefonoz elkarrizketatzea proposatu nion. Baietz esan zidan eta 18:00etan deituko nuela adostu genuen, baina lehenago bere agenteari esan behar niola azaldu zidan. Bere agentea deitu eta ez zidan arazorik jarri. Arratsalde horretan Mirenekin hitz egin ahal izan nuen, arazo barik.

Miren Ibarguren. Argazkia: Palomamaria.

Miren Ibarguren. Argazkia: Palomamaria.

Gorka Otxoarekin bizi da Madrileko pisu batean. Hori baino lehen, Barbara Goenagarekin bizi zen eta bien lagun mina da. Elkarrizketan irakur dezakezuen bezala, eurekin irtetea du gogoko, txuletoia jateko. Hizketan ari ginen bitartean, Gorka agertu omen zen, Mirenek ahopeka esan baitzuen: “Hantxe dago”. Etxetik zerbaiten bila zebilela imajinatzen dut. Ez al zaizue barregarria iruditzen Miren eta Gorka Madrileko pisu batean imajinatzea? Nire ustez, telesail baterako jokoa ematen du.

Egia esateko, elkarrizketa egitea oso erraza izan zen, baina… solasaldia ez zen grabatu. Teknikaren arazoak. Berehala joan behar izan nuen ordenagailura, esan zidan guztia idaztera, ezer ahaztu baino lehen. Dena jaso nuela uste dut, baina elkarrizketak grabatzea gustatzen zait kontatu didatenaren zehetasunik ez galtzeko.

Hala ere, espero dut Miren Ibargureni egindako elkarrizketa atsegin izana.

Miren Ibarguren (‘Aida’ eta ‘Escenas de matrimonio’)

Miren oso neska normala iruditu zitzaidan eta oso naturala. Elkarrizketa egitea guztiz erraza izan zen. Berehala hartu zidan telefonoa eta oporretan zihoala esan zidan. Orduan, arratsalde horretan bertan telefonoz elkarrizketatzea proposatu nion. Baietz esan zidan eta 18:00etan deituko nuela adostu genuen, baina lehenago bere agenteari esan behar niola azaldu zidan. Bere agentea deitu eta ez zidan arazorik jarri. Arratsalde horretan Mirenekin hitz egin ahal izan nuen, arazo barik.

Miren Ibarguren. Argazkia: Palomamaria.

Gorka Otxoarekin bizi da Madrileko pisu batean. Hori baino lehen, Barbara Goenagarekin bizi zen eta bien lagun mina da. Elkarrizketan irakur dezakezuen bezala, eurekin irtetea du gogoko, txuletoia jateko. Hizketan ari ginen bitartean, Gorka agertu omen zen, Mirenek ahopeka esan baitzuen: “Hantxe dago”. Etxetik zerbaiten bila zebilela imajinatzen dut. Ez al zaizue barregarria iruditzen Miren eta Gorka Madrileko pisu batean imajinatzea? Nire ustez, telesail baterako jokoa ematen du.

Egia esateko, elkarrizketa egitea oso erraza izan zen, baina… solasaldia ez zen grabatu. Teknikaren arazoak. Berehala joan behar izan nuen ordenagailura, esan zidan guztia idaztera, ezer ahaztu baino lehen. Dena jaso nuela uste dut, baina elkarrizketak grabatzea gustatzen zait kontatu didatenaren zehetasunik ez galtzeko.

Hala ere, espero dut Miren Ibargureni egindako elkarrizketa atsegin izana.