Tag Archives: ETB

Anjel Alkain, umorea lanerako da

Anjel Alkain eta Aitor Gabilondo

Komikoekin gertatzen da denbora guztian barregarriak izatea espero dugula, eta ez du zertan horrela izan behar. Are gehiago, horrela izanez gero, jasangaitza izango litzateke. Anjel Alkaini elkarrizketa egin nionean tipo normala iruditu zitzaidan. Galderak erantzun zituen, lan egiten egongo bazen bezala. Ez dut uste bere burua aktore dramatikotzat duenik, eta ez da hori bere helburua. Komikoa da, lan egitea du helburu, eta horretarako borrokan ari da. Egia esan, nahiko ondo joan zaio…

Nirekin oso zuzena eta nahiko jatorra izan zen, baina barregarria izan gabe. Bere lana, lana baino ez dela badakiela uste du. Hori bai, Radio Euskadiko “Antes de mirar cruzar” saioan entzuten dudanean, nik barreak botatzen ditut. Elkarrizketatu nuen pertsona bera denik ezin dut sinetsi. Agian, ez da hain aktore txarra izango

Carlos Sobera, unibertsitatean irakasle izan nuen telebista aurkezlea

Unibertsitatean ikasten ari nintzela ezagutu nuen Carlos Sobera. Gezurra badirudi ere, Publizitatearen Zuzenbidea ikasgaiaren irakasle izan nuen; karrera guztian gazteleraz izan nuen ikasgai bakarrarena, alegia (Kazetaritza eta Publizitatea, biak kontuan izanda). Batzuen ustez, zentzurik gabe hitz egiten zuen, baina niri bere eskolak oso barregarriak iruditzen zitzaizkidan. Benetako umore bakarrizketak egiten zizkigun. Bereziki gogoratzen dut bere arrebaren ezkontzari buruzko solasaldi bat, Japonian ezkondu behar zela kontatu zigun eta jakin nahi nuke benetakoa zen edo asmakizun hutsa. Oso ona izan zen. Ez dut gogoratzen egun horretan ikasgaiaren zer gai azaltzen ari zen…

Carlos Sobera

Carlos Soberak Adela Gonzalezekin aurkezten duen “Consumidores” saioa hasi behar zela eta, elkarrizketatu nuen. Eta okerrena horixe izan zen, elkarrizketa saioaren aurkezpenagatik baldintzatuta geratu zela, eta ez zen nahi nuen bezala geratu. Hala eta guztiz ere, nire ustez, prentsaren aurrean Carlos Sobera ez da hain txistagarria (berak esaten duen bezala); ez unibertsitateko gelan bezain beste, behintzat. Nahiko irribarretsua bada ere, ez du burua galtzen. Penagarria.

Carlos Soberari egindako elkarrizketan kontatu zidana alde batera utzita, bere alabei buruz ere hitz egin genuen (bata berea da eta bestea bere emazteak bazuen aurretik). Lokartzeko orduan baino ez dituela ikusten esan zidan, “aita gehienak bezala”, baina asteburua eurekin buru belarri ematen duela.