Carmen Lomana pija da, baina ez inozoa

Euskalduna ez bada ere, urte askotan Gipuzkoan bizi izan zenez, elkarrizketatzeko aitzakia neukan; beraz, Carmen Lomanari elkarrizketa egitea erabaki nuen. Edo saiatzea behintzat. Orduak eman nituen Interneten bila, mail bat, telefono bat, bere agentearen izena… Azkenean management agentzia baten erreferentzia topatu nuen eta mezu elektroniko bat bidali nien. Carmen Lomanak Donostian emandako urteen inguruko galdera batzuk baino ez nituen bidali (lankide batek gero azaldu zidanez, bere etxea Hondarribian zegoen). Bi egun igarota ez zirela Carmen Lomanaren agenteak erantzun zidaten. Usteak ustel!

Carmen Lomana

Sarean miatzen jarraitu nuen, eta Carmenen beraren post bat ere aurkitu nuen bere ilobaren ezkontzari buruzko eztabaidagune batean. Azkenik, kolaboratzen duen argitalpen batera idatzi nuen. Nire maila birbidali omen zuten eta Telecincoren deia jaso nuen. Galderak irakurri eta bere bizitzaren eremu zehatz horri buruzkoak baino ez zirenez, ez zutela erantzuteko baimena emateko arazorik esan zidaten, baina Carmenen agenteak onartu behar zuela. Telebistarako izanez gero, ezinezkoa izango zela imajinatzen dut. Horrela gertatu zitzaidan Jorge Fernandezekin, kontratuen esklusibotasun kontuak zirela eta ezin izan niola elkarrizketa egin. Bere agentearen telefono zenbakia eman zidaten eta deika hasi nintzen. Aste bat baino gehiago eman behar izan nuen erantzuna lortu arte. Gizona nahiko lehorra izan zen, zer nahi nuen azaldu nion eta posta elektronikoz bidaltzeko esan zidan.

Ez nuen erantzunik jaso, baina… Carmen Bilbora, bere liburua aurkeztera zetorrela jakin nuen. Primeran. Saltzeko zerbait daukatenean, erraza da pertsona ospetsu batekin elkarrizketa lortzea. Espasako Nieves deitu nuen eta elkarrizketa lotu nuen Carmen Eitbko egoitzara, Radio Euskadira, zetorrela aprobetxatuz.

Carmen Lomana

Gutxitan galdetu didate hainbeste elkarrizketatutako norbaiti buruz. Azalduko dizuet. Carmen oso pinpirina iruditu zitzaidan, ez dut ukatuko. Hitz egiterakoan aurpegiko muskulu bat ere ez du mugitzen. Baina horretaz aparte, jatorra da eta, batez ere, manera onak ditu eta oso adeitsua da. Tratu atsegina izan zuen, nahiz eta lo gutxi eginda eta elkarrizketez nazkatuta egon. Nire ustez jendeak gauzak nahasten ditu; pinpirina edo aberaskumea izateak ez du esan nahi leloa denik, eta uste dut Carmen Lomana ez dela inozoa; alderantziz, oso jantzia da eta, seguruenik (hori ezin da elkarrizketa soil batean sumatu) nahiko argia ere bada. Nirekin oso atsegina izan zen, baita nor nintzen oraindik ez zekienean ere, izan ere, Nieves Felix Linaresekin hizketan hasi zen eta ez zituen aurkezpenak egin.

Horretaz aparte, Carmenek gorputz ikaragarria dauka. 62 urteekin 34 taila erabiltzen duela esango nuke, eta ile izugarri distiratsua dauka. Bere burua asko zaintzen duela ikusten da. Maleta erraldoia eta jantziak garraiatzeko zorro luze bat zeramatzan. Batek baino gehiagok ikusi nahiko genuke bertan zeraman soinekoa…

Beste gauza bat, zergatik ematen dio amorrua jendeari 9:00etan esnatzen dela eta egunero egunkariak ohean irakurtzen dituela jakiteak? Niri amorrua ez, inbidia ematen dit!

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *