Author Archives: Bea Sever

Ibarretxe anaiak, euskal zineman "mitologia"

Ibarretxe anaiak Un mundo casi perfecto-ren filmaketan

Ibarretxe anaiak Un mundo casi perfecto-ren filmaketan

Ibarretxe anaiek nahiko bereziak direla entzunda daukat; hortaz, elkarrizketatik edozein gauza espero nuen. Hori bai, ezagutzen dituzten guztiek ederki hitz egiten dute Ibarretxetarrei buruz. Duela gutxi, Alex de la Iglesiari egin nion elkarrizketan, zuzendari bilbotarrak “mitologia” direla esan zuen.

Baina ez zen hainbesterako izan. Javier Ibarretxeri egin nion elkarrizketa, produkzio gaiak kudeatzen dituen anaia, eta Javier ez da besteak bezain “bitxia”, nolabait esateko. Hori bai, hitz egin, asko hitz egiten du. Eta etengabe aldatzen du gaia. Kazetari baten amesgaiztoa… Moztu eta itsatsi ibili behar izan nuen testuari zentzua emateko.

Zenbaitetan desilusioak hartu baditu ere, Javierrek jarrera positiboa eta aurrera jarraitzeko gogo handia duela iruditu zitzaidan. Euskadi ikus-entzunezko industria sortzeko gune egokia dela aldarrikatzen du, eta, aldi berean, Ibarretxe anaiek koprodukzioetan egiten dute lan. Gogoko dut bere filosofia hori eta emaitza onak izatea espero dut.

Alex de la Iglesiarekin harremana izateaz gain, Ibarretxetarrek Nacho Vigalondo, Borja Cobeaga eta talde horrekin guztiarekin ere badute harremana. Egia esan, elkarrekin imajinatzen ditut eta… Hau beldurra!

Un mundo casi perfecto Ibarretxe anaien azken pelikularen filmaketan egon ziren batzuek azaldu zidatenez, lagun eta senide ugari egon zen figurante lanak egiten. Adibidez, Rosak, euren ekoiztetxeko idazkariak (Armonika) ertzainaren papera egin du. Seguru barre algarak entzun zirela.

Miren Ibarguren ('Aida' eta 'Escenas de matrimonio')

Miren oso neska normala iruditu zitzaidan eta oso naturala. Elkarrizketa egitea guztiz erraza izan zen. Berehala hartu zidan telefonoa eta oporretan zihoala esan zidan. Orduan, arratsalde horretan bertan telefonoz elkarrizketatzea proposatu nion. Baietz esan zidan eta 18:00etan deituko nuela adostu genuen, baina lehenago bere agenteari esan behar niola azaldu zidan. Bere agentea deitu eta ez zidan arazorik jarri. Arratsalde horretan Mirenekin hitz egin ahal izan nuen, arazo barik.

Miren Ibarguren. Argazkia: Palomamaria.

Miren Ibarguren. Argazkia: Palomamaria.

Gorka Otxoarekin bizi da Madrileko pisu batean. Hori baino lehen, Barbara Goenagarekin bizi zen eta bien lagun mina da. Elkarrizketan irakur dezakezuen bezala, eurekin irtetea du gogoko, txuletoia jateko. Hizketan ari ginen bitartean, Gorka agertu omen zen, Mirenek ahopeka esan baitzuen: “Hantxe dago”. Etxetik zerbaiten bila zebilela imajinatzen dut. Ez al zaizue barregarria iruditzen Miren eta Gorka Madrileko pisu batean imajinatzea? Nire ustez, telesail baterako jokoa ematen du.

Egia esateko, elkarrizketa egitea oso erraza izan zen, baina… solasaldia ez zen grabatu. Teknikaren arazoak. Berehala joan behar izan nuen ordenagailura, esan zidan guztia idaztera, ezer ahaztu baino lehen. Dena jaso nuela uste dut, baina elkarrizketak grabatzea gustatzen zait kontatu didatenaren zehetasunik ez galtzeko.

Hala ere, espero dut Miren Ibargureni egindako elkarrizketa atsegin izana.