Tag Archives: Javier Clemente

Javier Clemente eta bere oihartzun mediatikoa

Javier Clementeri elkarrizketa egitea erabaki nuenean banekien titularren bat emango zidala, baina ezin nuen imajinatu bere hitzek horrelako oihartzuna izango zutenik. Elkarrizketa webgunean argitaratu eta hurrengo egunean, Marca kirol egunkariaren paperezko edizioak orri osoan atera zuen. Eta ez zuen beste munduko ezer esan, baina Clementek ahoa zabaltzen duenean…

Elkarrizketa prestatzeko, bere adierazpenak eta biografia errepasatzeaz gain, nire neba deitu nuen, Athleticeko zale amorratua da eta. Gainera, Clementeren jarraitzailea ere bada eta Athleticeko foroan parte hartzen du. Foroan idazten dutenen artean, Clemente aurrez aurre izanez gero zer galdetuko zioten itauntzeko eskatu nion (zertarako zen esan gabe), eta hortik hainbat galdera atera nituen; zergatik dauden Nafarroan hainbeste jokalari on eta diasporako jokalariak fitxatzearen aldekoa den, besteak beste.

Javier Clemente

Elkarrizketa lotzeko deitu nuen eta hurrengo egunean, 19:00etatik aurrera, deitzeko esan zidan, ordu horretan etxean egoten baita, Zarautzen. Txoko batean bazkaria zuela azaldu zidan, baina ordurako etxean egongo zela. Elkarrizketak grabatzeko ohitura daukat, hitzez hitz idazteko, eta, ondoren, ezabatu egiten ditut. Baina, kasu honetan, elkarrizketarekin batera audio originala eseki nuen arazoak ekiditeko. Adostutako orduan deitu nuen eta erantzungailua atera zen. Nitaz ahaztu da! Mezua utzi nion hitzordua genuela esanez eta bost minutu itxaron nituen. Berriro deitu nuenean telefonoa hartu zuen, baina astirik ez zuela esan zidan. Bost minutu baino ez zirela esanez konbentzitu nuen.

Egia esateko, naturala eta jatorra iruditu zitzaidan, baina aitortu beharra daukat elkarrizketatzen ditudan guztiak begi onez hartzeko joera daukadala. Stockholmeko Sindrome moduko bat daukat. Egiaz nik Javier Clemente aurretik ezagutzen nuen bere semearekin ikasi nuelako, eta gero seme hura nire lagun baten mutil laguna izan zen; gainera, garai batean bere alaba gurekin ibiltzen zen koadrilan. Hortaz, bere etxean askotan egonda nintzen, baina ez nion ezer esan.

Batzuetan elkarrizketatzen ditudan pertsonen bizitzari buruzko zehetasunak ezagutzen ditut, baina horren inguruko galderarik egitea ez zait gustatzen. Kasu honetan, gauza asko dakizkit, baina morboa ez dut gogoko, sentitzen dut.