Tag Archives: dibortzio

2012ko banatzeak

2012a hasi besterik ez da egin eta bikote ospetsu andana banatu da dagoeneko. Joan den urtea baino okerragoa izango al da hau bikoteentzat?

Seal eta Heidi Klum banatu egin direla jakin dugu gaur. Elkarrekin sei urte ezkonduta eman eta lau seme-alaba izan  ostean, amaitu da maitasun istorioa. Nork esango luke orain dela egun batzuk?

Hollywoodeko beste bikote ezagun batenak ere egin du. Johnny Deep eta Vanessa Paradis banatu egin dira “People” aldizkariaren arabera. Aktoreak eta artista frantziarrak ia 14 urte egin dituzte batera, Parisen, “maitasunaren hiriburuan”, bat-batean maitemindu eta gero.

Marc Anthonyk eta Jennifer Lopezek osatutako bikote mediatikoa duela sei hilabete zapuztu zen baina eskutik helduta ikusi ditugu aste bukaera honetan, biek elkarlanean ekoizten duten telebista programa baten aurkezpenean. Dena den, bakeak egin bai, baina ez dirudi berriz elkarrekin itzuliko direla. Izan ere, Anthonyk bikotekide berriaren omenez tatuajea egin du.

Ez du asko iraun Katy Perryren eta Russell Branden artekoak. Urte berriarekin batera dibortziatzea erabaki dute. Informazio fidagarria da, gainera; izan ere, artistak Twitterretik borratu du Brand, eta senarrak bideo bat grabatu du ezkontza eraztuna kentzen.

Denak ez dira berri txarrak, ordea. Avril Lavigne eta Brody Jenner banatu egin zirelako zurrumurruak entzun genituen duela egun gutxi. Gezurtatu egin du artista kanadarrak Twitter bidez.

Haurdunaldiak, zentsurak, dibortzioak eta beste gorabehera batzuk

Pinkek baieztatu egin du azken egunetan bolo-bolo zebilen albistea: haurdun dago.

“Carey Hartek eta biok neskato bat izango dugu” esan du kantari estatubatuarrak Ellen Degeneres aurkezlearen saioan, aste honetan kaleratu duen bilduma-lana aurkeztera joan denean.

Horrelako zurrumurruak askotan zabaltzen dira baina ez dira beti egiazkoak izaten. Zenbat aldiz egon ote da haurdun Beyonce? Orain dela gutxi ere zabaldu zen zurrumurrua eta bere amak gezurtatu behar izan zuen albistea. Ezetz, ez dagoela haurdun, oraindik, behintzat, ez.

Hori bai, zentsuraren atzaparretan erori da kantari estatubatuarra, Heat izeneko bere lurrina promozionatzeko iragarkia “beroegitzat” jo baitute Britaina Handian eta, hori dela eta, 19:30 arte ezingo baita emititu.

Haurdunaldi kontuetara itzuliz, uste baino lehenago amaitu zaio berea Paulina Rubio mexikarrari. Espero baino lehen jaio da Nicolas, artistak Nicolas Colate Vallejo Najerarekin izan duen haurra.

Gaztelaniazko esaera batek dio haurrak besapean ogi bat dutela jaiotzen direla baina, dirudienez, kantariaren semea milioi bat dolarreko demanda batekin iritsi da. Kolonbiako herri batean eman behar zuen kontzertua iaz bertan behera uzteagatik epaitegietara eraman nahi baitute artista.

Eta haurrak izateko denborarik gabe amaitu da beste bikote baten arteko harremana: Eva Longoria aktorearen eta Tony Parker saskibaloi jokalariaren artekoa.

Dibortziatu behar zutenik ukatu zuten bikotearen ordezkariek, baina, itxura denez, Longoriak dibortzio-demanda aurkeztu du senarraren aurka Los Angelesko epaitegian. Zurrumurruek diote bikotearen lagun batekin adarrak jarri dizkiola Parkerrek. Longoriaren eta Parkerren arteko irudi melengak amaitu dira, beraz!