Tag Archives: amy winehouse

Amy Winehousen lehentasun gastronomikoak

Amy Winehouse. Argazkia: EFE

Urte bete baino gehiago igaro da Amy Winehouse abeslaria hil zenez gero, baina bere inguruko albiste eta bitxikeriek ez dute etenik. Orain ezagutu dugun datuak zur eta lur utzi gaitu: Mercadonako patata-tortilla oso gustuko omen zuen.

Mitch Winehouse Amyren aitak bere alabari buruzko liburua argitaratu du. Artista britainiarraren nondik norakoez gain, bien artean zuten harremana ere aztertu du. Horren guztiaren berri emateko, Vanity Fair aldizkariak Londreseko Jazz After Dark pubean elkarrizketatu du.

Alabaren arrakasta eta porrotei buruz mintzatu zen Mitch luze eta zabal, galderaz galdera. Bat-batean, ordea, Sam Shaker tabernako jabeak Amyren ahultasunetako bat agerian utzi eta Mercadonako patata-tortilla asko gustatzen zitzaiola aitortu zuen!! Berak ekartzen omen zion Espainian oporretan izaten zen bakoitzean. Harrigarria, ezta?

Amy Winehouseren etxea, salgai

Ia urtebete pasatu da Amy Winehouseren droga arazoek bere heriotza ekarri zutenetik. Hori dela eta, bere gurasoek abeslariaren etxea salgai jartzea erabaki dute.

Hasiera batean, eraikina Amy Winehouse fundazioaren egoitza izango zela zioten zurrumurruek. Hala ere, badirudi azkenean etxea salgai jartzea erabaki duela familiak. Euren bozeramaileak adierazi duenez, gurasoek ez dute bertan bizi nahi eta hutsik uztea, oso garestia izateaz gain, ez da batere praktikoa: “Primerako etxea da eta etorkizunean beste familia batek disfrutatzea espero dute”.

Winehouseren etxea Londreseko Camden auzoan dago eta abeslariaren jarraitzaileentzat erreferentziazko leku bilakatu da. Hiru logela, hiru egongela, patio pribatua eta lorategia ditu, eta 3,3 milioi euroan jarriko dute salgai.

Norbaitek erosiko al du etxea? Guri behintzat arraroa egiten zaigu abeslaria hil zen etxean bizi nahi izatea…