Tag Archives: tatuajea

Tatuaje batekin indartutako harremana

bradpitt

Ezkondu aurretik, tatuaje bat egiteko asmoa dute Angelina Joliek eta Bad Pittek. Oraingoz ez dute urrats hori eman, baina badirudi dagoeneko diseinua hautatzen dabiltzala. Zalantzarik gabe, jarraitzaileen artean arrakasta izango duen diseinu bat izango da Joliek eta Pittek hautatutakoa.

Bikotearen hurbileko iturri baten esanetan, une honetan bizi duten momentua irudikatzen duen diseinu berezi bat aukeratu nahi du Brad Pittek, eta litekeena da biek gorputzeko leku berean egitea tatuajea. Horrekin elkarren arteko lotura indartzea dute helburu.

Betidanik izan dituzte gustuko tatuajeak, batak zein besteak. Dena den, aipatutako iturriaren arabera, nerabe plantak egiten dabil Brad Pitt. Izan ere, orain arte Angelina arduratzen zen diseinuak aukeratzeaz, baina orain bien artean dabiltza irudi aproposena bilatzen.

Gainera, ez omen dute komunikabideen aurrean tatuaje berri horri buruz hitz egiteko asmorik, bien arteko “sekretua” izango delako..

Zuen ustez gai izango dira sare sozialetan tatuajearen irudia ez zabaltzeko?

Rihannaren tatuaje berria

Amona omentzeko era berezia aukeratu du Rihannak. Izan ere, tatuaje berria egitea erabaki du bularraren azpian. Isis jainkosa egiptoarraren irudia aukeratu du, eta twitter sare sozialaren bidez zabaldutako argazkian erakutsi digu.

Rihannaren tatuaje berria. Argazkia: twitter

Uztailean hil zen Grand Dolly, minbizia ezin gaindituta. Zenbait kontzertu bertan behera uztea erabaki zuen Barbadoseko abeslariak, oso triste sentitzen zelako. Orduz gero, oporretan ibili da munduan barrena, eta bere nondik-norakoen berri eman digu sare sozialen bidez.

Musika arloan, Talk That Talk Tour biran murgildu da berriz ere. Horrez gain, “We found love” kantaren bideoklipa urteko bideorik onena aukeratu zuten MTV Video Music Awards sarietan. Amodio kontuetan ere ari da zeresana ematen Rihanna. Askok diotenaren arabera, Chris Brownekin zuen harremanari berrekin dio, joan den astean MTV galan elkarri musu eman ziotelako.

Rihannak beste tatuaje bat egin du

Twitterren zale amorratua da Rihanna; hori dela eta, egunero behin baino gehiagotan ematen digu bere bizitzaren berri sare sozialaren bitartez.

Oraingoan, bere azken tatuajea erakutsi nahi izan digu abeslari polemikoak, orkatilan tatuatu duen belatza. Argazkiarekin batera honakoa adierazi du: “Belatza, iluntasunean distira egiten duen argia. Ez ditu begiak ixten lo egiten duen bitartean”.

Tatuajea Bang Bang New Yorkeko tatuatzaile ezagunak egin dio; aurrekoetan ere berarengana jo du abeslariak tatuajeren bat egiteko orduan. Tatuaje ugari ditu Rihannak gorputzean: izar batzuk lepoaren atzeko aldean, musika nota bat eskuineko oinean, errebolber bat saihets-hezurren inguruan…