Emakumeak eta euskara izan ditu hizpide ‘Tribuaren Berbak’ saioak. Abiapuntu gisa hartu du Lorea Agirrek, Jakin aldizkariko zuzendariak, 19. Korrikako mezuan esandakoa: ahaldundu behar dugula. Ahalduntzea plaza hartzea da, boterea hartzea, ez inor menpean hartzeko, egoera eraldatzeko baizik.

Lorea Agirre eta Kike Amonarriz
Ahalduntzea feminismotik datorren ideia da, hori dela eta, genero-ikuspegia txertatu nahi izan dio Kike Amonarrizek hausnarketa horri.
Agirre bera elkarrizketatu du, saioa hasteko, Amonarrizek. Hark esan du emakumeen gainean eta euskararen gainean diskurtso bera erabili dela, hegemoniatik, menderatuta edukitzeko. Feminismoak ‘jakitearen, jabetzearen eta boteretzearen’ beharraz hitz egiten du, eta hori euskalgintzari ere aplika dakioke. Izan ere, feminismoak euskalgintzari teoria eta praxi orokorra eskaintzen dizkio.

Itziar Idiazabal
Itziar Idiazabal EHUko UNESCO katedradunarekin ama hizkuntza esamoldeaz aritu dira. Izan ere, oraindik ere erabiltzen da, baina, gaur egun, zuzenagoa da lehen hizkuntza esatea, ama ez baita derrigorrez hizkuntza transmititzen duen bakarra. Lehen hizkuntza esatean, berriz, ez dugu esaten nork irakatsi duen, ikasitako lehena izan dela baizik.

Kike Amonarriz eta Jone Miren Hernandez
Dena dela, hizkuntzen transmisioan emakumeek garrantzi berezia izan dute nabarmendu du Jone Miren Hernandez EHUko irakasleak, eta, oraindik ere, badutela. Euskal herrian, historikoki, emakumeen papera oso lotuta egin da hizkuntzarekin, eta, ideologikoki berari egokitu zaio hizkuntzaren eta kulturaren transmisioa. Emakumeen aukera izan ez bada ere, gehienetan, eurek hartu dute euren gain ardura hori. Umeen sozializazioa emakumeen eskuetan egonda, bai etxe barruan, bai kanpoan, eta horrekin batera dator transmisioa. Dena dela, azpimarratu duenez, ardura garrantzitsua izan bada ere, isilean geratu da, ez baitu izan prestigio sozialik. Gaur egun aldaketak izan dira, baina Hernandezen aburuz, diskurtso mailan izan dira praktikan baino gehiago.

Ines Osinaga
Emakumeak bere tokia hartzen ari dira tradizioz gizonezkoena izan den eremuetan. Musikaren arloan, esaterako, ‘frontman’ak ezagutu ditugu batik bat, baina, izan, badira ‘frontwoman’ apur batzuk ere. Ines Osinagak, Gose taldeko kantari eta trikitilariak, nahiago du plazandre kontzeptua aldarrikatzea. Esan du etxekoandretik asko duela plazandreak, “ez duelako amatasun-bajarik, gizarte segurantzak ez dituelako aurreikusten lanean sartutako orduak…”. Agertokia bere emetasunetik baliatzen du Osinagak, garrantzitsua baita, bere hitzetan, taula gainean dagoenean irudikatzen duen rola, eta rol horrekin esan nahi duena. izan ere, agertokira igotzen direnek “gauzak aldatzeko erantzukizuna” daukate, bere iritziz. Dena dela, dirudiena baino gehiago omen dira horretan diharduten emakumeak, baina bistaratzea ez omen da hain erraza.

Estitxu Eizagirre
Bide beretik, Estitxu Eizagirre Argia aldizkariko zuzendariak nabarmendu du emakumeak aritzen zirela lehen ere bertsotan, baina ez zutela plazan abesten. Gaur egun dauden emakume bertsolariak ikusita, asko lortu dela esan du, baina, oraindik ere, alde handia dagoela plazetan dagoen emakume eta gizonezko kopuruaren artean. Bestalde, feminismoaren eta bertsolaritzaren arteko loturaz galdetzean, Eizagirrek uste du feminismoari buruz kantatzeaz gain, bestelako gai batzuei arreta jartzea ekarri duela, baita bertsolariak bere rolak deseraikitzea ere. Gainera, fisikoki ere beste bide bat zabaldu du, bai ahotsari, bai jarrerari dagokionean; azken batean, aniztasun handiago ekarri dio feminismoak bertsolaritzari.

Ritxi Lizartza
Euskarak hiru hizkuntza trataera ditu, berorika, zuka eta hika. Azken horrek, gainera, genero bereizketa egiten du, toka eta noka. Ritxi Lizartza itzultzailearen hitzetan, tradizioz hala ez bada ere, azken urteetan gizonezkoek erabiltzen dute batik bat. Are gehiago, kaleko hizkeran, genero aldetik desoreka bat egon daiteke, izan ere, mutilen artean eta mutilei zuzentzeko, hika erabiltzen da, baina neskei zuzentzeko, berriz, zuka. Hori saihesteko, kalean sarritan, noka ezagutzen ez dutenez, toka erabiltzen dute neskei hitz egiteko, pentsatuz berdintasuna dagoela. Lizartzak ez luke esango hitanoa desagertzear denik, baina sortzen ari den eredu berri hori saihesteko, beharrezkoa da kontzientzia bat sortzea, eta eskoletan hitanoa txertatzea.

Itxaro Borda
Emakumeen presentzia txikia izaten da hainbat esparrutan, besteak beste, komunikabideetan eta literaturan. Itxaro Borda emakumea, Iparraldekoa eta idazlea izanik, bazterrekotzat jo liteke, baina berak ez du bere burua hala kokatzen. Idazten hasi zenean ia ez zen emakume idazlerik, eta, gainera gai ausartak hautatu zituen. 1994an argitaratu zuen lehen detektibe nobela, eta protagonista gisa Amaia Ezpeldoi hautatu zuen, detektibea, emakumea eta bisexuala. Beti “inkontziente xamarra” izan dela aitortu du Bordak. Emakumeen literatura urratsez urrats joan omen da aitzinera, eta, olde horretan, bera ere joan da aurrera.

Mari Luz Esteban
Mari Luz Esteban antropologoak dio feminismoa euskalgintzarako baliagarria dela gogoeta-tresna gisa. Feminismoan, erronka nagusietako bat da, gaur egun, emakumea defendatzeaz gain, emakumeen eta gizonen arteko mugak deseraikitzea. Estebanek adierazi du erronka hori bera daukagula euskalgintzan ere. Batetik, nola defendatu euskaldunen eskubideak, eta, bestetik, nola ulertu euskal identitatea modu konplexuagoan; alegia, nola deseraiki identitate hori. Kontzientzia modu dinamikoan hartzearen garrantzia nabarmendu du, bai feminismoan, bai euskalgintzan. Hau da, ideologia soilik ez da nahikoa, praktikarik gabe.
Emakumeak ikusgarri behar ditugu, eta, horretarako, ikusaraztea da guztion lana, bai gizonena, bai emakumeena: orain arte, ikusezin, ahul, agertutakoa ahalduntzea. Euskarak eta euskalgintzak eskertuko dute.
Ikus ezazue osorik “Euskara dela eta, emakumeek zer diote?” atala.