Monthly Archives: April 2011

Irakurri, gozatu eta oparitu

Topagunearen Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoaren bosgarren edizioa abian da. Irakurketa sustatzeko asmoz sortu den egitasmoa Hego Euskal Herriko 12 herritan gauzatuko da, tokian tokiko euskara elkarteen, udal liburutegien eta liburu denden elkarlanari esker.

liburuak

Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira bertan parte hartzeko:

Irakurri: lehenengo pausua irakurtzea da; euskaraz irakurtzea, hain zuzen ere. Herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan hartzea da lehen pausua. Hartzea eta irakurtzea, noski.

Gozatu: liburua irakurritakoan, liburutegira bueltatu, eta fitxa sinple-sinple bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua, zer inpresio eman digun… Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.

Oparitu: azken pausua, aurrekoetan bezalaxe, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, bihotzeko azukre koxkorrari… edo, zergatik ez, norbere buruari. Liburutegian jasotako txartelarekin, prezioaren %25 ordaindu ahal izango dugu liburu dendan euskarazko beste edozein liburu erostean, edo %50 Euskara Elkarteko kidea izanez gero.

Egitasmoaren helburu nagusia irakurzaletasuna bultzatzea da, euskaraz irakurtzearen alde atsegina azpimarratu nahi izan dugu: euskararen erabilera gozagarria sustatu nahi du Topaguneak, irakurtzeak eta oparitzeak (zein opariak jasotzeak) dakarten gozamenaren bidez.

Baina, bide batez, oso garrantzitsuak diren bestelako helburuak ere lortu nahi ditu Topaguneak ekimen honen bidez:  batetik, Euskara Elkarteetako bazkide diren euskaltzaleak liburutegi publikoen erabiltzaile aktibo bihurtzea, era askotako eragile publiko eta pribatuen elkarlana sustatzea, eta eragile horien guztien arteko harreman sarea euskaraz hedatzea, eta azkenik, ekimen honek ekarpena egin nahi dio euskarazko liburugintzari, liburuen ekoizpena eta salmenta bultzatuz.

Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoa apirilaren 23an hasi zen, Liburuaren Nazioarteko Egunean. Katalanek Diada de Sant Jordi delakoa ospatzen dute egun horretan, elkarri arrosak eta liburuak oparituz. Amaiera, berriz, uztailaren 23an izango du: izan ere, uda izaten da jendeak irakurtzeko denbora gehien duen tartea, eta ondorioz uda aurreko hilak oso egokiak iruditu zaizkigu liburu trukea sustatzeko.

Aiziak biali du!!!!!

Aiziak biali du edo haizeak ekarri du eitb.com-eraino. Blog berri bat jarri dugu martxan, bertsolaritzaren ingurukoa. Plaza zabala izan nahi du honek, bertsoarekin zerikusia duen orok izango du lekua blog berri honetan, euskaraz eta euskaratik. Gaiak, Xabier Sukia eta Onintza Enbeita bertsolariek jarriko dituzte.  Batzuetan tiraka eta besteetan tiroka arituko dira, bakoitza beretik. Hitza Jolas eta Hitzetik Hortzera-ko edukien erakusleiho ere izango da plaza hau.  Ibilbideari ekiteko, jokatu berri den Nafarroako Bertsolari Txapelketari egin diogu lekua. Horra: