Monthly Archives: February 2016

‘Jotamentala’ dokumentala Bilbon aurkeztuko dute gaur

‘Jotamentala’ film dokumentala gaur estreinatuko da Bilboko Bizkaia Aretoa auditorioan. AIKO Taldeak eta Bideografikek ekoiztuta, euskaraz eta gaztelaniaz egindako proiektu honek jotaren inguruko ibilbide zorrotza egiten du 50 minututan. Dantza tradizional horren jatorritik hasi, bilakaeratik eta aldaeretatik igaro, eta gaur egungo egoeran eta aurreikusten zaion etorkizunean amaitzen da.

AIKO Taldeak dantza herrikoi ezagunenetakoa eta klasikoenetakoa irudien bitartez omentzea erabaki du. Kideez gain, ‘Jotamentala’ dokumentalak aditu askoren testigantza ere eskainiko digu: Cesc Gelabert edo Jon Maya bezalako dantzari eta koreografoena, eta Juan Antonio Urbeltz, Jon Pertika, Iñaki Irigoyen edo Jose Inazio Ansorena bezalako folklorearen ikerlariena, besteak beste.

Filmaren jatorria, AIKO Taldeak jotaren aurrean duen debozioan, eta bere ibilbidean milaka pertsonari transmititzea lortu izatean dago. Banaka eta bikoteka egiten den erabateko dantzak, aldi berean iradokitzeko, jolasteko eta gorteatzeko aukera ematen du. Hori dela eta, Elizak bekatuzkoa zela esan zuen. Folklorearen imajinario nazionalistak landa ingurunekotzat hartu zuen arren, batez ere hirikoa izan zen eta da, gaur egun; horregatik da hain ezaguna. Etengabe eguneratzeko eta berriztatzeko aukera ematen duenez, erabateko indarra eta gaurkotasuna duen kultur adierazpena bilakatu da.

‘Jotamentala’, AIKO Taldeak Interneten jotari buruzko plataforma martxan jartzeko duen egitasmo handiaren barruan sartzen da. Bertan audio eta bideo grabazioak, partiturak, idazkiak, gogoetak, proposamen didaktikoak, ariketak, pausoak eta, orokorrean, dantza herrikoi horren inguruan ekarpena egin dezakeen edozein elementu sartu ahal izango da. Horrela, dokumentala jotaren jatorriei, oinarriei, esanahiari eta bilakaera historikoari buruzko sarrera da. Hona hemen, proiektuaren trailerra, aurrerapen gisa:

Jotamentala – Trailer from Bideografik on Vimeo.

Welles eta Cyrus

Adituen iritziarekin batera, ‘Jotamentala’ lanak balio estetiko handia duten sekuentziak eta irudiak ere eskaintzen ditu. Musikaren eta mugimenduaren bitartez hitzak gainditzen dituzten kontzeptuak eta sentimenduak transmititzen ditu. Batez ere, komunikazio ariketa gisa ulertzen den dantzaren ideia ematen du.

Baionako, Hernaniko, Donostiako, Bilboko, Durangoko, Areatzako eta Zeanuriko hainbat lekutan filmatu den lanak artxibategietan aurkitutako material baliotsua erakusten du: argazkiak eta filmak, Kutxaren artxibategian, Gipuzkoako Artxibategi Orokorrean edo Bilboko Euskal Museoan jasotakoak, besteak beste. Horrez gain, 1955ean Orson Wellesek BBC katerako egin zuen ‘The Land of the Basques’ dokumentalaren sekuentzia bat ere jasotzen du.

Horrela, filmak jotaren jatorriari, bilakaerari, testuinguru sozio-politikoari, aldaerei, erromerietan dantzatzeko moduari, denboran zehar izan dituen berrikuntzei, hain ezaguna izatearen arrazoiei eta une honetan duen erabateko gaurkotasunari buruzko hainbat atal dokumentatzen ditu. Hainbat motatako eszenatokitara eramango gaitu: AIKO taldearen ikastaroetatik eta emanaldietatik Kukai edo Ereintza Dantza Taldeen koreografietara, XVIII. mendeko jauregietako dantza bat edo XVI. mendeko gallarda bat berregitera, telebistako irudietara, gaur egun artxibategietan kontserbatzen diren etxean egindako filmazioetara, antzinako argazkietara…

Jotamentala dokumentalaren trailerraren irudia

Jotamentala dokumentalaren trailerraren irudia

Jotaren unibertsoari ematen dion gainbegiratuan, beste musika genero eta estilo batzuekin dituen lotura ugariak ere aipatzen ditu dokumentalak, horietako batzuk dantza herrikoiarekin oso gutxitan erlazionatu diren arren. Horrela, AIKO Taldearen interpretazioekin batera (‘Aurrez Aurre’, ‘Oinak Kantuz’, ‘Soken Dantza’, ‘Bilgua’, ‘Kobreik!’ eta ‘Herri Musika ta Dantza’ CDetatik jasotakoak), dokumentalaren soinu bandak mota guztietako melodiak jasotzen ditu. Jordi Savallen edo Enrike Solinísen antzinako musika (duela denbora gutxi kaleratutako ‘Euskel Antiqva’ CDkoa), Miley Cyrusen popetik igaroz, Jesús Guridiren piezak, Asturiaseko, Galiziako eta Salamancako jotak edo Eva Cassidyk eskaintzen duen Tennesseeko balsa ahaztu barik.

Dokumentala, egoitza Durangon duen Bideografik Ekoizpenak etxeak ekoiztu du. AIKO Taldeak lehendik ere egin du lan ekoizpen etxe horrekin, ‘Dantza Plazara’ (2013) film labur dokumentalean, hain zuzen ere. Gidoia Carlos Iglesiasena da, zuzendaritza Eukeni Arriortuarena eta errealizazioa Xabier Zabalarena.