Monthly Archives: July 2014

Zer egin dezakegu euskararekin oporretan gaudenean?

ETB1eko ‘Tribuaren Berbak’ saioaren lehen denboraldiko azken atala izan dugu asteazken honetan ikusgai. Udazkenean istorio eta kontu berriekin itzuliko da Kike Amonarriz baina, aste honetan, opor giroan esan digu agur.

Oporretan gaudenean euskararekin zer egin dezakegun argitzen saiatu da. Zer egin euskararekin oporretan gaudenean? Maletan sartu beharko genuke edo etxera bueltatu arte atseden eman?

Turistak Donostian

Turistak Donostian

Horretarako, lehenik eta behin, turistek euskararen berri ote duten jakin nahi izan du Kikek, Biarritzera eta Donostiara joandako bisitarien eskutik. Txinatarrak, japoniarrak, ingelesak, amerikarrak, italiarrak, frantziarrak…guztiek antzeko erantzuna eman diote Kike Amonarrizi: Euskararen inguruan ezer gutxi dakitela, eta euskara ulertzea zein irakurtzea oso zaila egiten zaiela turista gehienei.

Oihana Maritorena aktorea eta Bagerakidea

Oihana Maritorena aktorea eta Bagerakidea

Turistek euskararen inguruan duten ideia hau pixka bat aldatzeko, adibidez, Donostian “Euskararen Donostia” ibilbide gidatuak antolatzen ditu Bagera Donostiako Euskaltzaleen elkarteak. Hizkuntza ezberdinetan egiten dituzten bisita gidatu hauen bidez, euskararen historia ezagutzeko aukera ematen diete Donostiara etorritako turistei. Donostiak euskararekin duen harreman estuaren lekuko diren hamaika txoko ezagutzeko aukera ere izango dute turistek: Udaletxea, Herri Irratiaren egoitza, Antzoki Zaharra, kaia, Orixe ikastola, Sarriegi plaza, San Juan kalea -Mikel Laboaren sorlekua, Bretxako merkatua…

Eneritz Ansa, Elkar liburudendako langilea

Eneritz Ansa, Elkar liburudendako langilea

Dena den, euskara eta euskal munduaren inguruan informazio gehioago bildu nahi duen turistarentzat liburu ezberdinak ere badaude. Elkar liburudendan gure hizkuntza eta kulturari buruz ingelesez gauza gutxi daudela esan digute: Xamarren Orhipean: Gure herria ezagutzen liburua, Mark Kurlanskyren The Basque History of the World eta Paddy Woodworthen The Basque Country, adibidez. Literaturaren aldetik Bernardo Atxagaren liburuak dira salduenak. Euskarazko elkarrizketa manualak ere erosten dituzte turistek, baina pintxo-errezeten liburuak dira gehien interesatzen zaizkien liburuak.

Eider Corbezon Bakaikuko barnetegiko irakaslea

Eider Corbezon Bakaikuko barnetegiko irakaslea

Euskararen inguruko liburuak irakurtzeaz gain, euskaran murgiltzeko barnetegiak aukera ezin hobea dira. Horregatik ‘Tribuaren Berbak’ saioko lantaldea Bakaikura joan da berton Gabriel Aresti eukaltegiak duen barnetegia hurbilagotik ezagutzeko. Eider Corbezon Bakaikuko barnetegiko irakaslearekin eta bertan ikasten dauden zenbait ikaslerekin hitz egin du Kike Amonarrizek.

Laida Mugica "Euskaraz besta egin nahi dut" kanpainaren antolatzailea

Laida Mugica “Euskaraz besta egin nahi dut” kanpainaren antolatzailea

Udaleku eta barnetegietan ikasitakoa kalean praktikatzea beharrezkoa da, eta horretarako, udan herri guztietan ditugun festak aukera itzela dira. Laida Mugica Kontseiluko kidea da, eta “Euskaraz besta egin nahi dut” kanpainaren antolatzailearekin honi buruz hitz egin du Kikek. Jai batzordeek Ipar Euskal Herriko jaiak antolatzen dituztenean (egitarauak, kartelak, txapelketak, ekitaldiak…) euskara kontutan har dezaten du helburu kanpainak honek. Gainera, festan dagoen jendeak ere euskara erabiltzeko martxan jarritako ekimenak zeintzuk diren kontatu digu Laidak.

Elorrioko Esteñibar nekazaletxea

Elorrioko Esteñibar nekazaletxea

Udan Euskal Herriko txoko guztietan festa giroa izaten da nagusi, baina lasaitasuna bilatzen dutenak ere badira. Horretarako, nekazaletxe ugari ditugu gurean. Horietako askok euskara eta euskal mundua hurbiletik ezagutzeko aukera eskaintzen dio turistari. ‘Tribuaren Berbak’ saioa, adibidez, Mikel Irizarrek eta Fatima Aranzabalek Elorrion duten Esteñibar nekazaletxean izan da. Ostatuaz gain beraien denbora eskaintzeko diote bisitariari, euskaldunekin bizi eta bertoko turismoa ezagutu dezan.

33 ataletan zehar, euskararen inguruko hainbat gai jorratu ondoren, gero arte esateko garaia iritsi da. Datorren ikasturtean, euskarari buruzko istorio eta kontu gehiagorekin bueltatuko da Kike Amonarriz eta ‘Tribuaren Berbak’ saioa ETB1era.

Euskaldunok zergatik ez dugu beste euskaldunekin euskaraz egiten?

Motibazioek helburu jakin bat lortzeko bidean jartzen gaituzte. Helburu jakin hori euskara egitea denean zer gertatzen den aztertu du, aste honetan, ‘Tribuaren Berbak’ saioak.

Lehenik, eta behin euskara egin ahal izateko baldintza batzuk bete behar dira: norberak euskaraz jakitea, mintzakideak euskaraz badakiela jakitea, eta garrantzitsuena, euskaraz egin nahi izatea. Ordea, asko gara euskaraz hitz egiten dakigunak, baina dakigun guztiok ez dugu beti eta dakiten guztiekin erabiltzen. Zergatik kostatzen zaigu hainbeste nahi izatetik hitz egitera jauzi egitea? Zergatik egiten dugu erdaraz euskaraz egin dezakegunean? 

Juanjo Allur, Siadeco taldeko ikertzailea

Juanjo Allur, Siadeco taldeko ikertzailea

Juanjo Allur, Siadeco taldeko ikertzaileak, jendeak kalean euskaraz ez egiteko arrazoiak sailkatzen lagunduko dio Kike Amonarrizi. Bi  multzo nagusi bereizi ditu: Alde batetik, norberarekin lotutako arrazoiak egongo lirateke ( euskaraz ideiak adierazteko zailtasuna, gaztelaniaz aritzeko erosotasuna, gai batzuetaz hitz egiteko euskarak suposatzen duen esfortzua, borondate falta, euskara ama hizkuntza ez izatea, pertsona jakin batzuekin hizkuntza jakin bat erabiltzeko ohitura…) ; eta bestetik, arrazoi sozialak, hau da, inguruarekin edo gizartearekin lotutakoak.  Sailkapen honen arabera, euskara ez erabiltzeko ematen diren arrazoi gehienak lehen multzoan egongo lirateke, eta beraz, euskara erabiltzea norberaren esku asko dagoela esan du Juango Allurrek.

Fermin Etxegoien kazetaria

Fermin Etxegoien kazetaria

Hau dela eta, arrazoi guzti hauei konponbideak bilatzea izango litzateke erronka nagusiena. Eta horretarako, euskara hiztunen artean erakargarri egiteko metodoak bultzatu behar dira. Ilusioa ezinbesteko elementua da, Fermin Etxegoien kazetariaren arabera. Baina, batez ere, euskara erakargarria izateko estetikoki funtzionala izan behar duela uste du. Euskara erraztea eta sinplifikatzea proposatzen du, jendeak euskara ondo barneratu eta erabili dezan.

Estitxu Garai komunikazio eta marketing aditua

Estitxu Garai komunikazio eta marketing aditua

Bestalde, euskara bultzatzeko hainbat kanpaina egin dira. Estitxu Garai, komunikazio eta marketing adituaren arabera, euskara sustatzeko kanpaina hauek beharrezkoak dira baina eraginkorrak  izateko, lehenik eta behin, jendeak euskaraz hitz egiteko motibazioak zeintzuk diren ikertu behar dira. Behin motibazioak identifikatuta, euskara sustatzeko kanpainak diseinatu behar dira.

Aurkene Redondo, coach-a

Aurkene Redondo, coach-a

Aurrekoari lotuta, jendeak euskaraz hitz egiteko motibazio metodoak ere oso garrantzitsuak dira. Aurkene Redondo coachak jendea nola motibatu azaldu digu. Horretarako, ‘galdera boteretsuen metodologia’ erabiltzen du: Nahi duguna ondo definitzea eta identifikatzea, nahi dugun hori gure esku dagoen edo ez definitzea, helburua lortzeko pausuak zehaztea, baliabideak bilatzea, epe bat finkatzea, zer edo zer alboratu behar dugun jakitea eta, azkenik, nahi dugun helburua gure buruan irudikatzea energia horretan jartzeko.

Yuli Vargas kubatarra eta euskaldunberria

Yuli Vargas kubatarra eta euskaldunberria

Azkenik, orain arte ikusi ditugun ‘Tribuaren Berbak’ saioko atal ezberdinetan beraien burua motibatu eta euskaraz gozatzeko helburua lortu duen euskaldun berri asko ezagutu ditugu.

Beraz, aste honetako saioak erakutsi digu euskaraz egin nahi duenak euskaraz egin dezakeela.