Tag Archives: eitb nahieran

‘Tribuaren Berbak’ saioko atal guztiak, osorik

Kike Amonarriz. Iturria: EiTB

Kike Amonarriz. Iturria: EiTB

Euskara ardatz duen ‘Tribuaren Berbak‘ telebista saio guztiak ikusi ez badituzu, ondorengo zerrenda honetan dituzu eskuragarri. EiTB Nahieran atarian daude Kike Amonarrizek ETB1en aurkezten duen saio honen atal denak. Baina zerrenda honetan, saioa osorik ikusteko bidea aurkitzeaz gainera, bakoitzean ze gai landu zen jakin dezakezu.

Euskararen tamaina
Lehendabiziko ‘Tribuaren Berbak’ izan zen. Zenbat euskaldun gauden munduan aztertu zuten atal honetan eta milioi bat inguru garela ondorioztatu zuten. Egin klik ‘Euskararen tamaina‘ saioa ikusteko.

Momentu bat euskaldun berriei!

Bigarren atalean euskaltegietan ari direnei eta euskaldun berriei buruz aritu ziren. Ikusi ‘Monumentu bat euskaldun berriei!‘ saioa.

Euskal babel
Euskal Herrian hitz egiten diren hizkuntzei buruzko saioa izan zen hau. Arabiera omen da gurean gehien hitz egiten den atzerriko hizkuntza! Ikusi ‘Euskal babel‘ saioa osorik.

Publizitatea eta euskaraz
Izenbururik ez duen atala izan zen hau. Euskaraz egiten den publizitateari buruz aritu ziren hizketan eta saioan zehar atal honentzako izen bila ibili ziren. Ikusi osorik publizitatea eta euskara saioa.

Gazteuskara
Gazteek darabilten euskarari buruz aritu ziren saio honetan. Euskaraz ala erdaraz aritzen diren eta nolakoa den erabiltzen duten euskara aztertu zuten. Egin klik ‘Gazteuskara‘ saioa ikusteko

Euskara sexista al da?
Galdera horri erantzuten saiatu ziren ‘Tribuaren Berbak’-eko atal honetan. Euskarak hizkuntza bereizketa egiten duela ondorioztatu zuten, baina ez dela sexista, sexistak erabiltzaileak direla alegia. Ikusi ‘Euskara sexista al da?‘ saioa osorik.

Urte berri, asmo berri
2014a hastera zihoala eta, urte berriari begira egindako saioa duzue hau. Euskararen alorrean zein asmo dituzten kontatu zuten hainbat pertsona ezagunek. Egin klik ‘Urte berri, asmo berri‘ saioa osorik ikusteko.

Riojatik Errioxara
Arabako Errioxako lehen euskaldun zaharraren bila aritu zen Kike atal honetan. Duela hamarkada dezente galdu zen inguru hartan euskara, baina aspaldiko 20 urtetan berreskuratzeko lan handia egin dute eta dagoeneko bertan jaiotako euskaldun zaharrak ere badaude. Ikusi ‘Riojatik Errioxara‘ saioa osorik.

Eus=mc², zientziaren hizkuntzak
Zientziari buruz eta zientzia egitean erabiltzen diren hizkuntzei buruz hitz egin zuten ‘Tribuaren Berbak’ saioko atal honetan; eta euskarak bertan duen presentziaz ere bai. Egin klik ‘Zientziaren hizkuntzak‘ ikusteko.

Frantziaren itzal luzea
Ipar Euskal Herrian euskarak bizi duen egoera aztertu zuten saio honetan. Egoera zaila den arren, argi izpiak badaudela erakutsi zuten. Egin klik ‘Frantziaren itzal luzea‘ atala osorik ikusteko.

Abestien hitzak, hitzen doinuak
Atal honen ardatza musika izan zen, euskaraz abesten den musika batik bat. Hainbat talde eta musikarirekin eta musikan adituak diren kazetariekin hitz egin zuten. Ikusi euskal musikari buruzko saioa.

Bertan Bilbo
Bilbon ibili zen Kike Amonarriz atal honetan. Bizkaiko hiriburuan euskarak duen egoera erakusteaz gainera, euskararekin lotutako hainbat leku erakutsi zituen, hala nola, Euskaltzaindiaren egoitzan izan zen. Ikusi ‘Bertan Bilbo‘ saioa osorik.

Jendaurrean
Jendaurrean hitz egitea zein zaila den batzuetan! Horretan ohitutako kazetariekin bildu zen Kike Amonarriz, nolako teknikak erabiltzen dituzten jakiteko. Egin klik ‘Jendaurrean‘ saioa osorik ikusteko.

Euskatalá
Kataluniak eta Euskal Herriak, hizkuntzari dagokionez, dituzten antzekotasun eta ezberdintasunak izan zituzten hizpide atal honetan. Hemen daukazue ‘Euskatala‘ saioa osorik.

Hau dunk umorea!
Euskarazko umorerik ba ote dagoen galdetu zuen ‘Tribuaren Berbak’ saioak atal honetan. Aktore, bertsolari eta beste hainbatekin hizketan aritu zen Kike Amonarriz atal honetan. Egin klik ‘Hau dunk umorea!‘ saioa osorik ikusteko.

Gelatik kalera
Eskoletan euskara ikastea bermatuta dagoela diote hezkuntza agintariek. Hori dela eta, gaur egungo erronka, haurrek kalean euskara gehiago erabil dezatela da. Horretarako zer egin behar den aztertu zuten atal honetan. Ikusi ‘Gelatik kalera‘ saioa osorik.

Nafarroa, arragoa
Euskarak Nafarroan duen egoera aztertu zuten ‘Tribuaren Berbak’ saioko atal honetan. Hizkuntzari dagokionez, hiru gunetan banatuta dagoenez, euskara ez da ofiziala lurralde osoan eta horrek zailtasunak sortzen ditu bai ikasteko baita erabiltzeko ere. Egin klik ‘Nafarroa, arragoa‘ saioa osorik ikusteko.

Adi, filmatzen, ekin!
Zinemari buruzko saioa izan zen hau. Euskaraz egiten den zinema izan zuten hizpide alde batetik eta bikoizketari buruz ere aritu ziren. Ikusi zinemari buruzko atala osorik.

Itsu, gor, baina ez mutu
Zentzumenetako batean arazoak dituzten pertsonek ze hizkuntza erabiltzen dituzten eta ze zailtasun dituzten azaldu zuten atal honetan. Zeinuen hizkuntza eta braillea pixka bat ezagutu ahal izan genuen. Egin klik ‘Itsu, gor, baina ez mutu‘ atala ikusteko.

Biba Xiberua!
Zuberoa edo Xiberua ardatz hartuta aritu zen Kike Amonarriz atal honetan. Euskarak han dituen ezaugarriak eta bizi duen egoera ezagutu ahal izan genuen. Ikusi ‘Biba Xiberua!‘ atala.

Euskara 2039
Hemendik 25 urtera euskarak izango duen egoera aurreikusten saiatu zen ‘Tribuaren Berbak’ atal honetan. Eta gainditu beharreko erronkak izango baditu ere, esperantzaz ikusten dute etorkizuna adituek. Egin klik ‘Euskara 2039‘ saioa osorik ikusteko.

Jolasean euskaraz eta euskararekin
Euskara tresnatzat erabilita nola jolas egin dezakegun erakutsi ziguten atal honetan. Hitz-jokoak, mahai-jokoak, gurutzegramak eta palindromoak zer diren eta nola egiten diren azaldu ziguten. Ikusi jolasei buruzko saioa osorik.

Bertoko eta kanpoko
Etorkinak euskarara hurbiltzeko zer egin behar den aztertu du ‘Tribuaren Berbak’ saio honetan. Egin klik ‘Bertoko eta kanpoko‘ saioa osorik ikusteko.

Batua vs. euskalkiak
Euskara batua eta euskalkiak kontrajarriak ote diren ala biak diren beharrezko aztertu zuen atal honetan ETB1eko saioak. Egin klik euskalkiei buruzko atal hau osorik ikusteko.

Munduko herririk euskaldunenak
Euskarak osasun onena duen herrietan barna ibili zen Kike Amonarriz atal honetan. Azpeitia, Lea-Artibai bailara, Pagola… bakoitzean nolako egoera dagoen eta hango ekimenak aztertu zituzten. Ikusi herri euskaldunei buruzko saioa.

Ahozko ondarea
Euskararen ahozko ondarea ezagutzeko parada eman zuen saio honetan ‘Tribuaren Berbak’ programak. Bertsolaritza, antzerkigintza, esaera zaharrak, zirtoak, esamoldeak, kantak, ipuinak… Ikusi ahozko ondareari buruzko saioa.

Arrasate:euskara eta kooperatibismoa
Arrasateko euskara eta herri horretan gure hizkuntza bultzatzeko burututako ekimenak aztertu zituzten ‘Tribuaren Berbak’ saioaren atal honetan. Egin klik Arrasateri buruzko saioa ikusteko.

Itsasoa laño dago
Atal honetan itsasaldeko euskara aztertu zuten ‘Tribuaren Berbak’ taldekoek. Bermeon, Zumaian, Ondarroan eta beste hainbat herritan ibili ziren. Ikusi itsasaldeko euskarari buruzko saioa.

Sareetan harrapatuta
Euskarak interneten eta teknologia berrietan duen presentziari buruz aritu ziren atal honetan. Ikusi Sareetan harrapatuta atala osorik.

60ko hamarkadako astindua
60ko hamarkadan iraultza gertatu zen euskararen zabalkundean: ikastolak eta Sehaska sortu ziren, kulturaren produkzioa asko hazi zen… Horrela, esparru gehiagotara iritsi zen euskara. Saioa osorik ikusteko egin klik hemen.

Gasteizko euskaldunak
EAEko hiriburuan euskara nahikoa galduta zegoen XX. mendearen amaieran, baina azken hamarkadetan asko zabaldu da. Ikusi osorik Gasteizko euskara eta euskaldunei buruzko saioa.

Zergatik ez dugu euskaraz egiten?
Euskaldunok euskaraz aritzeko ditugun zailtasun eta konplexuei buruz aritu ziren ‘Tribuaren Berbak’ saioko atal honetan. Ikusi saioa osorik hemen klik eginda.

Euskararen Eguna ate joka dugun honetan, 10.000 lagun biltzeko erronka gertuago Facebooken

Larunbat honetan, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da eta gure Facebookeko orrialdean geroz eta gehiago gara. Horregatik eguna heldu aurretik euskaldun guztioi eskerrak eman nahi dizkizuegu Euskararen alde egin duzuen guztiagatik. Erronka izango dugu hizpide gaurko laburpenean, baina beste gai batzuk ere jorratuko ditugu ondorengo lerroetan. Etorriko al zarete gurekin? 🙂

Azken asteotan, abenduaren 3an egingo den Euskararen Egunaren harira, hainbat ekitaldiren berri eman dizuegu Euskaldunok Euskaraz Facebooken, horien artean erronka bat: Euskararen Egunerako 10.000 lagun biltzea orrialdean. Erronkara heltzeko oraindik nahiko urrun bagaude ere, gorakada nabarmena izan da orrian, beraz, ESKERRIK ASKO! 🙂 Asko izan zarete erronkan sinistu duzuenak, eta utzi dituzuen iruzkin guztiak hemen biltzea ezinezkoa bada ere, horietako batzuk bildu nahi izan ditugu.

Elisa Alvarezek, Joseba Orbegoak edo Unai Larrañagak, esaterako, erronka lortuko dugula uste dute, eta Josu Orbek, berriz, norberak bere gogoeta egiteko, ondorengo hitzak uzten zituen: “Momentu honetan 6575 garela ikusten dut baina, zenbatek daukagu euskara nabigatzailearen lehen hizkuntza? Zenbatek daukagu Feisbuka euskaraz? Zenbatek sistema eragilea? Aurrera! Eman pausua!!!”. Juan Luis Ormaetxeak “euskara dela euskaldun egiten gaituena” esaten zigun, eta Patxi Goñik, berriz, hitz eder hauek partekatzen zituen gu guztiokin: “Gu gara euskara gu euskaraz gara”. Eskerrik asko bihotz-bihotzez guztioi eta lortzen ez badugu ere, zuen hitzek eta animoek bete egin gaituztela esan nahi dizuegu.

Euskararen jatorriaren dokumentala, Bernardo Atxaga Anitzelen….

Euskararen Egunarekin jarraituko dugu, izan ere hori abiapuntu hartuta, atzo ETB-1n Hasier Etxeberriaren “Euskararen jatorria: Enigma europar bat” dokumentala estreinatu zen. Dokumentalaren estreinaldiaren kontua aste hasieratik dabil gure orrialdean bueltaka. Liv Lif Tailorrek ikus-entzunezkoaren trailerra partekatu zuen. “Itxura ederra dauka”, gaineratzen zuen. Gaur arratsaldean bertan, gainera, Iban Bilbaok EITB Nahierara Euskara, Enigma europarra dokumentala ikusteko lotura uzten zigun: “Ia noiz dakoten tartetxu bet 😉” esaten zuen. Zuek ere ikus-entzunezkoa ikustera gonbidatzen zaituztegu, euskaldunok belaunaldiz belaunaldi hitzetik hortzera darabiltzagun gaien berri ematen baitigu Hasierrek zuzendutako lan honek.

Eta gaiez aldatuz, gaur gauerako hitzordu bat. Bernardo Atxaga idazle euskaldunaren ibilbide profesionala zein pertsonala gertutik ezagutu nahi izatera, ez galdu Xabier Euzkitzek gidatutako saioa, Bernardo Atxaga Anitzelen egongo baita gaur gauean.

Garazi Weyek “Euskara…atzo, gaur eta beti” izeneko bideoklip eder bat partekatzen zuen Facebookeko orrialdean. BBKKlip txapelketarako egindako bideo bat zela kontatzen zigun. Honen aurrean Azkue Fundazioak ere iruzkina uzten zuen eta aste honetan irabazleak nortzuk diren esango dutela jakinarazten zigun. “Benetan bideo polita!”, gaineratzen zuen. Zorte on ona opa diogu bai Garaziri baita bideoklipean parte hartu duten lagun guztiei ere. Guk ere euskaraz maite zaituztegu!! Hemen duzue bideo oso osorik! Gozatu!

Amaitzeko, asteartean MinoriTB jardunaldi irekia egin zen EITBren Bilboko Egoitzan. Berrikuntzen artean Txio zuzeneko emanaldietan integratzen den jarraipen tresna erabiltzeko aukera izango zela kontatzen genizuen, izan ere, sare sozialetan ere euskera bultzatzea da euskaldun guztion helburua, eta bagoaz, piskanaka, betetzen.

Eta honekin amaiera emango diogu gure gaurko laburpenari. Gogoratu larunbatean euskaldunok hitzordua dugula, Euskararen Eguna ospatuko baita munduko hainbat txokotan. Goio Etxezarragak horman uzten zigun hitz hauekin agurtuko gara. “Heuskara ialgi hadi plazara!. Euskaldunok euskaraz kalean!!!!!!”. Besarkada bat guztioi eta egurra erronkari!! Lortuko dugu eta! 🙂

Euskarak izango al ditu 10.000 lagun Facebooken? Erronka bero dago

Euskararen Eguna ate joka daukagu eta eguna mundiala izatea nahi dugu. Hori dela eta, Facebookeko orrialdean erronka abiatu genuen duela aste batzuk. Dagoeneko ba al zara Euskaldunok Euskaraz orrialdearen lagun? Abenduaren 3an izango ditugun kontzertuez gainera, euskararen inguruko beste hainbat konturi errepasoa egingo diegu gaurkoan. Goazen, bada, laburpenarekin! 🙂

Euskaldunon eta Euskararen txokoak ez du arnasarik hartzen, eta euskararen inguruko jakintza aditzera emateaz gainera, egunotan erronka ederra daukagu martxan, datorren abenduaren 3rako, 10.000 lagunek euskaldunok euskaraz orrialdea gustuko izatea. Horren aurrean, zuetariko askok horman parte hartu duzue eta erronka lortuko dugula aipatzen zenuten. Joxemari Carrere, esaterako, erronkatik haratago joan: “10.000 bakarrik? Gu Roberto Carlos kantari brasildarra baino gutxiago ez gara izango, badakizue: “Yo quiero tener un millón de amigos…” Hark lortu bazuen… guk 2 milioi, edo gehiago!!!”. Ohiana Prietok, Iker Iturriegik, Gurutzeta Sorondok eta Izaskun Kortazarrek ere lortuko dugula uste dut, eta Imanol Ibaigorriagak, berriz, hitz eder hauek uzten zituen euskararen txokoan: “Berbetan, eskribiduten, esateko eran, nazena naz euskaraz, besarkada bat danoi”. Besarkada handi bat zuri ere, baita gugan sinestu duzuen guztioi ere!

Eta ez gara aspertuko Euskaren Eguna mundiala izango dela esaten. Gaztea irratiak ere orrialdean parte hartzen zuen eta, datorren abenduaren 3an, Euskararen Eguna dela eta, Gasteizko Mendizorrotza Kiroldegian hainbat kontzertu izango direla kontatzen zigun. Gogora ekartzen zuen, gainera, “Euskaldunok euskaraz orrian erronka dutela eta abenduaren 3rako 10.000 lagun izatea nahi dutela. Lortuko al dute?”. Lortuko ez dugu ba! Zuen laguntzarekin, hori eta gehiago lortuko dugu, ziur. Gatibu, EH Sukarra, Kerobia eta Hesian taldeak izango dira Euskararen Eguneko giroa berotuko duten taldeak.

Euskara telebistan eta teknologia berrietan

Teknologia berrien presentzia geroz eta handiagoa da euskal gizartean, eta euskarak ere badu bere txokoa mundu honetan. Iragan ostiralean euskarak Facebookean proba-garaia gainditu zuela kontatzen genizuen. Aurrerantzean, beraz, Facebook sare sozialak eskaintzen dituen tresna guzti-guztiak dagoeneko euskaraz ditugu!

Hau guztiaz gainera, eta teknologia berrietan euskara areagotzeko asmoz, igande honetan, azaroak 20, hauteskunde gaua euskal blogariekin pasatzeko gonbitea luzatzen genizuen. Hirugarren hitzordua da hau, duela bi urte pasatxo hauteskunde autonomikoetan egin baitzen lehenengoz baita azken udal eta foru hauteskundeetan ere, bigarrengoz. Animatzen al zara 2011ko hauteskunde orokorrak euskal blogariekin igarotzera? Gainera, Txio zerbitzua probatzeko aukera izango da, hitzordu ezberdinak sare sozialen bitartez jarraitu ahal izateko zerbitzu berria.

Eta sare sozialetatik telebistara egingo dugu saltoa, izan ere, astelehen honetan Mihiluze saioak, euskararekin jolas egiten duen saio honek, denboraldiko lehen sari potoloa banatu zuten eta, hala, Aitor eta Iñigok 22.815 euroko saria irabazi zuten. Aupa bikote, zorionak, eta segi euskaraz jolasean!

Eta amaitzeko, bertsolaritza gustuko dutenentzat aipamena. Pasa den igandean Hitzetik Hortzera ETB-1eko saioa eskaini zen telebistan. G Puntua eta Sarako bertso afaria izan zituen protagonista, eta EiTB Nahieran saioa oso osorik ikusteko aukera eskaintzen genizuen. Ikusi al duzue? Benetan merezi du!!

Eta honekin gaurkoz amaiera emango diogu laburpentxoari. Badakizu, euskaldun, hauxe da zure txokoa. Partekatu euskararen inguruko albisteak, hitzorduak, argazkiak… Guk zuek esandakoak Euskararen blog honetan bilduko ditugu. Eta ez ahaztu, egin euskaraz! Muxu potolo bat guztioi eta laster arte! Pozik bizi! 🙂

Euskareran aldeko apostua Goenkalen. Telebistan ere euskaraz!

Euskaraz egiten den telesailik arrakastatsuenak, Goenkalek iragan asteartean aspaldian izandako audientzia daturik onenak eman zituen. Arraldeko kontuak eta Facebookeko orrialdean aipatu diren beste gai batzuk izango ditugu mintzagai gaurko laburpenean.

Nork ez du Goenkale ezagutzen? Ba al da euskaldunon artean Maria Luisa edo Boga Boga ezagutzen ez duenik? Urteak dira Goenkale ETB-1eko saio arrakastatsua lehenengoz estreinatu zela, hemezortzi urte, hain justu. Goenkale 1994. udazkenean hasi zen eta hasiera batean Lasa familiaren gorabeherak kontatzen bazituen ere, euskal aktore askok eman dituzte euren pausoak telesail arrakastatsu honetan.

Lehendabiziko urteetan astelehenetik ostiralera emititzen bazen ere, egun astelehenetan eta astearteetan goza dezakegu Goenkalez, eta Facebookeko orrialdean aipatzekoa iruditu zaigu esteka honekin astearte honetako atalak saioak urte osoan izandako audientzia daturik altuenak lortu dituela. Zorionak, Goenkaleko kideei guztiei, eta nola ez, baita telesailaren jarraitzaileei ere, horiek egiten baitute posible Goenkale!

Askok eman diozue “Gustuko dut” botoiari, eta Maite Aguirrek honela esaten zigun komunitatean: “Aupa!!!Kolonbian bizi den euskaldun bat naiz eta Goenkale ikusteko moduren bat badaukat jakin nahiko nuke, eitb.com-en bilatzen egon naiz baina ez dut ezer aurkitu. Mila esker!!!”. Oinatz Ortyizek berehala erantzuten zion http://www.eitb.tv/eu/ eitb.com-eko Nahieran orrialdera linka utziz.

Iragan ostiralean, berriz, “Euskaraz bizi nahi dut kanpaina” aurkeztu zuen Kontseiluak Donostiako DOKA Kafe Antzokian, arratsaldeko 19:00etan. Aurkezpenean azken hilabeteotan euskaraz bizitzearen alde egindako hainbat ekimenen berri emango zuten eta Esne Beltza taldeak egindako abestia ere aurkeztu zen. Guk Facebookeko orrialdean kanpainaren bideoa eskegitzen genizuen, izan ere, euskaraz bizitzea da gure nahia!

Amaitzeko, hilabete geratzen da Euskararen Egunerako, eta 10.000 lagun biltzea nahi dugu Euskaldunok Euskaraz Facebookeko orrialdean. Euskaldunak burugogorrak garela diote, eta arrazoi apur bat badute beraz, animatu eta gomendatu Euskaldunok euskaraz zuen lagunei, denok elkarrekin euskararen aldeko txoko erraldoi batean bilakatu behar dugu eta gure orrrialdea. Badakizue, egin euskaraz etxean, kalean, gurasoekin, lagun artean, jolasean….. Bizi euskaraz!! Besarkada bat eta laster arte lagunok. Pozik bizi!!