Monthly Archives: March 2014

Bertsomovieda 2014: Bozkatu euskarazko bertso onenaren alde!

Bertsoa eta euskara beti izan dira elkarren lagun, eta hori abiapuntutzat hartuta, aurten ere Beasaingo Arrano kultur elkarteak Bertsomovieda 2014 lehiaketa antolatu du, euskaltzaileei zuzenduriko lehiaketa, hain zuzen ere. Parte hartzeko ez dago zertan bertsotan trebea izan beharrik, umorea eta euskara erabiltzearekin nahikoa da!!  Dagoeneko amaitu da lanak bidaltzeko epea eta bozketa fasean sartu da lehiaketa. Euskararen blog honetako kideok dagoeneko ikusi ditugu bideoak eta eman dugu gure epaia.

Bertsomovieda 2014. Iturria: www.bertsomovieda.com/

Bertsomovieda 2014. Iturria: www.bertsomovieda.com/

Bideoak bertsomovieda.com webgunean daude ikusgai eta oraingoz “Sar dadila kalabazan” bideoak jaso ditu ditu boto gehien. Giroa berotzen joateko, lehenengo postuan dagoen bideoa partekatu nahi izan dugu. Ia zuen gustukoa den!

Mundu osora zabaldutako lehiaketa da, eta ikusiko duzuenez, mota guztietako lanak bidali dituzte parte hartzaileek. Bozketa fasea martxoaren 30ean amaituko da! Barre egin nahi baduzu, bisitatu Bertsomovieda lehiaketaren webgunea, eta bozkatu 2014ko Bertsomovieda onenaren alde! 🙂

Zein sari jasoko dute irabazleek?

• Gazteentzat:
o 300€ bertsmovie onenari
o 100€ko aipamen berezia
• Helduentzat:
o 1000€ko lehen saria
o 350€ko aipamen berezia
• Ikusleen saria 500€
• Bertsorik onenak dituen bertsomovieari 250€

Badakizue, orain zuen txanda da. Zeren zain zaudete? Bozkatu zuen bideo gustukoena eta ondo pasa! 🙂

Ze tamaina du euskarazko zinemagintzak?

Euskarazko zinema hartu du ardatz aste honetan ETB1eko ‘Tribuaren Berbak’ saioak. Azken urte hauetan dozenaka film luze, labur, dokumental eta animaziozko egin dira euskaraz, baina duela urte batzuk lehortea ere izan zen alor honetan.

Urteetan atzera eginda ordea, duela gutxi arte uste izan da euskarazko lehen filma Gotzon Elortzak 1959an egindako ‘Ereagatik Matxitxakora’ dokumentala zela. Baina joan zen urtean, Pariseko ganbara batean, 1956an André Madré jeneralak zuzendutako ‘Gure Sor Lekua’ dokumental desagertua aurkitu zuen Josu Martinezek eta hau da orain euskarazko filmik zaharrena.

Miren Manias, euskarazko zinemaren ikertzailea

Miren Manias, euskarazko zinemaren ikertzailea

Miren Manias, EHUko ikerlariarekin aritu da euskarazko zinemaren historiari buruz Kike Amonarriz. Bere hitzetan lehendabiziko aldiz 1933 inguruan entzun zen euskara apur bat film batean; Teodoro Hernandorenaren ‘Euzkadi’ lanean adibidez. Gero etorri ziren ‘Gure Sorlekua’, Gotzon Elortzaren lanak, Fernando Larruquert eta Nestor Basterretxearen ‘Amalur’ eta Antxon Ezeizaren ‘Ikuska‘ bilduma.

80ko hamarkadan, Eusko Jaurlaritzak zinemagintzarako lehen diru-laguntzak eman zituen eta garai hartan euskal ekoizpena asko hazi zen. 43 film luze egin ziren hamar urtetan. 90ko hamarkadan ordea, krisia egon zen; administrazioa eta ekoizleen artean tirabirak egon ziren eta euskarazko zinemagintzak geldialdia izan zuen. Azkenik, 2000. urtetik aurrera loraldi berri bat ikusi dugu.

Denetik egin da azken hamarkada honetan: film laburrak, luzeak, dokumentalak, animazioa… Baina fikziozko film luzeak, adibidez 80ko hamarkadan baino gutxiago izan dira, 16 soilik. Izan ere, film luze bat ekoiztea ekonomikoki ez da erraza, gastua handia da eta, horren ondorioz, euskal zinema aretoetan proiektatuz soilik oso zaila da errentagarria izatera iristea.

Hori horrela, oso lan handia egiten dute Lekeitioko Euskal Zine Bilera edota Hazparneko Zinegin Festibala bezalako jaialdiek.

Telmo Esnal eta Asier Altuna

Telmo Esnal eta Asier Altuna

Historian gehien ikusi den euskarazko filma ‘Aupa Etxebeste’, Telmo Esnal eta Asier Altunak zuzendu zutena izan da. 70 mila ikusle gerturatu ziren zinema-aretoetara. Urte askoren ondoren, euskaraz egindako lehen filma izan zen. Telmoren eta Asierren iritziz euskarazko zinemaren erronka nagusietako bat, gure filmak kanpora ateratzea izango da. Izan ere, Euskal Herria herri txikia da eta soilik bertan ikusgai egonda, zaila da filmek irabaziak ematea.

Ikuspegi horretatik begiratuta, historia interesgarriak kontatzea dela kontua diote bi zuzendariek eta horretarako modu naturalean ondoen datorkien hizkuntza erabiltzea. Horrekin lotuta, euskalkiak erabiltzeak daukan garrantzia aipatu dute; ikusleenganako gertatutasuna lortzen dela horrekin irizten diote.

Film luze bat egiteak dituen kostuak zeintzuk diren jakiteko, egunotan gure herri eta hirietan grabatzen ari diren ‘Lasa eta Zabala’ filmeko ekoizlearengana, Joxe Portelarengana, jo du Kike Amonarrizek. Ideia bat egiteko, pelikula honetan, esate baterako, 60 aktore inguruk, figurante pila batek eta 50 laguneko talde teknikoak hartu du parte. Jende hori guztia Euskal Herriko hainbat herritara mugituko da zazpi astez, sekuentzia bakoitzari dagokion lekuan grabatu ahal izateko. Produkzio garaiko gastuak, beraz, ez dira makalak.

Portelak kontatu duenez, duela zortzi urte inguru, akordio bat sinatu zuten ETBk eta zinema-ekoizleek, eta finantziazio horri esker, urtean bi pelikula egiten dira gaur egun.

Hizkuntzei buruz galdetuta, ‘Lasa eta Zabala’ren kasuan ere, errealismoa eta naturaltasuna bilatu nahi izan dituzte eta bai euskara bai gaztelera erabiltzen ari dira. Alde batetik, Joxi eta Joxeanen familia eta lagunen giroa euskalduna da eta hala erakutsiko du filmak; eta bestetik Intxaurrondoko kuarteleko edo epaiketetako hizkuntza gaztelania izango da.

Animaziozko zinema da euskal zinemaren barruan emaitza gehien ematen ari dena, “industria” deitu dezakeguna. Urtero eskaintza berritu egiten da, eta gainera “Gartxot” bezalako filmek ikusleengana iristea lortzen dute. Juanba Berasategiren “Kalabaza Tripontzia” izan zen aitzindaria eta ondoren etorri dira “Blackie eta Kanuto”, “Haritzaren bihotza”, “Ipar haizearen erronka”,  “Adar Txikiaren kondaira”…

2015ean adibidez, Juanjo Elordiren ‘Pixi Post ikusi ahal izango dugu. Alemaniako ekoiztetxe batekin koprodukzioan egindako lana izango da eta, horri eskerrak, Euskal Herriko mugetatik kanpora ateratzeko ere erraztasun handiagoak izango ditu. Istorioa euskaraz idatzi zutela lehendabizi kontatu dio ETB1eko saioari eta ondoren ingelesera itzuli zutela koprodukziorako lankide bila aritzeko.

Animazioa vs Bikoizketa

Animazioa vs Bikoizketa

Animazioan askotan egiten da lan beste herrialde batzuetako ekoiztetxeekin. Juanjo Elordiren Yoko izeneko telesailean adibidez, errusiarrak, katalanak, euskaldunak, amerikarrak eta abar daude lanean. Lehendabizi bakoitzak bere hizkuntzan idazten du gidoia eta ondoren ingelesera itzultzen dute denen artean adostasun batera iristeko.

Zinemagintzaren beste negozio unitate bat bikoizketarena da. Baina bikoizketa eta azpi-idatziei buruz eztabaida handia dago gizartean: Batzuk euskara hizkuntza bezala bultzatzeko ahalik eta film gehienak bikoiztu behar direla diote. Besteek ordea, ekonomia arrazoiak argudiatuz (merkeagoa baita azpi-idaztea bikoiztea baino) eta hizkuntzak ikasteko aukerak aipatuz azpi-idatziak nahiago dituzte.

Eta film laburren mundua ere aipatu behar dugu. Kasu honetan, dirua behar bada ere, askoz merkeagoa da produktu bat ekoiztea, hori dela eta, sortzen den film laburren zenbakia askoz altuagoa da.  Joxean’s Hileben zonbien filma ekoizteko 700 euro behar izan dira efektu bereziak barne.

Euskarazko zinemagintzak muga estuak dituela jakin arren, era guztietako historiak gure hizkuntzan kontatzen eta ikusten jarraitu nahi genuke. Horretarako, ekoizpenak ahalbidetuko dituzten baldintzez gain, ikusleon bultzada ezinbestekoa izango da.

Saio osoa ikusi:

Rith jaialdia: ezagutu Irlandako ‘Korrika’!

Ba al zenekien? Euskal Herrian gure euskararen alde bi urtero ospatzen dugun Korrikak badu anai iralandarra!!! Rith du izena, eta hau da ekimenaren webgunea. Horren helburua, zein izan den? Bada, bertako jendea irlanderaz hitz egitera animatzea!!! :-). Euskararen blog honetan Rith jaialdiaren xehetasunak nahi ditugu bildu!!

rith-irlanda

Zer da Rith jaialdia? Bada, Irlandan egin duten ekimen ederra; horrekin irlanderaren erabilera nahi izan dute bultzatu, eta kultura irlandarra ospatu (eurek webgunean bertan esaten dutenez). Korrika bezalakoa da, azken finean; Irlandan zehar 1.000 kilometro egin dituzte, iparraldetik hegoaldera, batez ere ekialdeko kostaldetik, asmo horrekin!!

Zergatik deitzen da horrela, “Rith”? Oso erraz!! Hitz horrek “korrika egin” esan nahi duelako!

Non egon dira Ritheko parte-hartzaileak? Baile Bhuirnetik abiatu ziren (Corketik) eta Béal Feirstera heldu ziren, larunbatean (Belfastera, hor amaitu zen jaialdia).

Zer egin ahal izan du jendeak laguntza emateko? Korrikan egiten dugun bezala, kilometro bat erosteko aukera izan dute. Hiru aukera izan dute: kilometro gehienek 100 euro balio izan dute; herrietako eta hirietako kalerik garrantzitsuenetako kilometroek, ordea, 250 euroko prezioa izan dute. Eta kilometro birtualak erosteko abagunea ere eskaini dute, webgunean; horiek 10 euroko balioa zuten.

Noiztik ari dira egiten Rith jaialdia? 2010ean egin zuten lehen aldiz; eta Korrikarekin guk egiten dugun bezala, bi urtero antolatzen dute. Hau da, Korrika ez dagoeneko urteetan, Rith dago :-).

Begira zer esaten duten Rithen webgunean!!rith-korrikaArgi dago, erlazio handia dago gure Korrika eta Rith jaialdiaren artean!!!

Amaitzeko, irlandar guztiak zoriondu nahi ditugu!! Zergatik? Astelehenean bertan, martxoak 17, San Patrizio Eguna izan zelako!! Irlandar guztien egun handia!! Aupa Irlanda, eta gora irlandera!! :-).

 

 

Nafarroako euskararen egoera aztertuz, ‘Tribuaren Berbak’ saioan

Euskarak Nafarroan bizi duen egoera aztertu du ‘Tribuaren Berbak‘ saioak aste honetan ETB1en. Datuak orokorrean hartuta, gaur egun, Nafarroan 645 mila biztanle bizi dira eta horietatik %12 dira euskaldunak.

Hizkuntza eremuak Nafarroan

Hizkuntza eremuak Nafarroan

Baina egoera ongi ulertzeko, lehenik eta behin, legeari begiratu diote Kike Amonarrizek gidatzen duen saioan. Izan ere, 1986ko Euskararen Foru Legeak Nafarroa hiru eremu linguistikotan banatu zuen:

–  Eremu euskaldunean euskara hizkuntza ofiziala da, eta biztanleriaren % 59 da elebiduna.
–  Eremu mistoan euskara ez da ofiziala, baina hainbat eskubide ditu. Bertako biztanleriaren % 10 elebiduna da.
–  Eta eremu ez-euskaldunean euskara ez da ofiziala eta ez du inolako eskubiderik. Biztanleriaren %2 bakarrik da elebiduna.

Horrez gainera, Nafarroako eskoletan zortzi hizkuntza eredu daudela gogorarazi behar da. Duela gutxi arte ohikoak ziren lau ereduak:

–  A eredua: Irakaskuntza gaztelaniaz da eta euskara eta ingelesa irakasgai ditu.
–  B eredua: Zikloaren arabera, gai batzuk euskaraz ematen dira eta beste batzuk gaztelaniaz. Ingelesa irakasgai bezala ematen da.
–  D eredua: Irakaskuntza osorik euskaraz ematen da, gaztelania eta ingeleseko irakasgaiak izan ezik.
–  G eredua: Ez da euskara ematen.

Hauei gehitu behar zaie, ingelesa bultzatzeko asmoarekin, azken ikasturteetan sortu dituzten beste lau ereduak: British, TIL, TIL-A eta TIL-D. Hauetan, ereduaren arabera, ikasketen portzentaje bat ingelesez egiten da.

Paula Kasares

Paula Kasares, Iruritako euskara teknikaria

Egoera honek eragina du noski, euskararen irakaskuntzan eta hedapenean. Paula Kasaresekin, Iruritako euskara teknikariarekin, eremu euskaldunaren egoerari buruz aritu da Kike. Berak azaldu duenez, eremu euskaldunean Nafarroako biztanleen %10 inguru bizi da. Orokorrean herri txikiak dira, 10.000 biztanlera iristen ez direnak, eta gehienek 1.000 biztanletik behera dituzte.

Horrez gainera, errealitate soziolinguistiko ezberdinak dituzten herriak direla dio. Batzuetan biztanleriaren %100 da euskalduna eta beste batzuetan portzentaje hori askoz txikiagoa da. Hala ere, azken urte hauetan, orokorrean, euskararen egoerak hobera egin duela aitortzen du.

Tokiko administrazioan eta hezkuntzan euskara nahikoa bermatuta badute ere, gabezien artean aipatu ditu osasun arloan eta merkataritzan hizkuntzak duen egoera.

Eremu mistora salto eginez, Erronkarin egin du geldialdia saioak. Han, duela hamarkada batzuk, erronkarieraz hitz egiten zen. Baina, 1991. urtean, Fidela Bernat erronkarieraz ziharduen azken hiztuna hil zenean, haren euskalkia ere desagertu egin zen. Hala ere, euskara ez da Erronkaritik desagertu, justu kontrakoa, azken urteotan indarberritu egin da.

 

Koldo Colomo, Gareseko euskara teknikaria

Koldo Colomo, Gareseko euskara teknikaria

Euskarak eremu mistoan orokorrean daukan egoera ikertzeko Koldo Colomorekin, Gareseko teknikariarekin aritu dira hizketan. Bere hitzetan, eremu misto osoan antzerakoa da egoera. Legeari dagokionez, inguru honetan euskara ez da ofiziala, baina euskal hiztunek badituzte eskubide batzuk: euskaraz ikasi ahal izatea edota administrazioarekin hizkuntza hori erabili ahal izatea. Ondoren, neurri batean betetzen dira eskubide horiek, askotan, administrazioak dituen baliabideen arabera.

Konkretuki Gareseko euskarari buruz galdetuta, ostera, XIX. mende erdian galdu zela familiako transmisioa dio Colomok, nahiz eta XX. mende hasieran euskaldun nagusiren bat topatu zitekeen Obanosen edo Utergan, adibidez. Horrez gainera, euskararen arrasto ugari, hitz ugari, gelditu dira erdaraz hitz egitean ere: zaborra, bigurria, hondarra, laia, area…

Itziar eta Arantxa, Lodosako ikastolako irakasleak

Itziar eta Arantxa, Lodosako ikastolako irakasleak

Amaitzeko, eremu ez euskaldunean 157 udalerri daude. Lodosako Ibaialde ikastolako Itziar Aizpeolea eta Arantxa Ariz irakasleek azaldu diote ‘Tribuaren Berbak’ saioari inguru hartako egoera. Euskaraz ikasteari dagokionez, ikastolan soilik dago aukera hori. Eskola publikoetan B eredua ematen dute, baina ez omen da haur asko joaten. Eta DBHra iristen direnean Lizarra aldera jotzea beste erremediorik ez dute izango. Euren ikastolan, adibidez,  62 ikasle dituzte eta zazpi herritatik joaten dira haurrak ikastera: Lodosa, Mendabia, Sartaguda, Andosilla, San Adrian, Pradejón (Errioxa) eta Alcanadre (Errioxa).

Kaleetan, aldiz, euskara gutxi entzuten den arren, gero eta espazio gehiago egiten dela diote.  Eta horrek aurrera jarraitzeko ilusioa ematen omen die.

Juan Cruz Lakasta, Euskalerria irratia

Juan Cruz Lakasta, Euskalerria irratia

Hizkuntza eremuak alde batera utzita, euskararen aldeko mugimendu ugari daude Nafarroan ere. Euskalerria Irratia da horietako bat. Euskara hutsean emititzen dute 91.4an eta, Juan Kruz Lakasta kazetariak kontatu duenez, lizentziak berritzeko arazoak izan dituen arren, eta Nafarroako Gobernuaren aldetik diru-laguntzarik jasotzen ez duen arren, aurrera jarraitzen dute.

Euskal kantuen bertsiorik ezagutzen duzu?

Euskal kantuak behin baino gehiagotan izan ditugu hizpide euskararen txoko honetan. Duela gutxi euskal abestiak Whatsapp bidez nola irudikatu ikasi genuen eta aurretik, youtuben gehien ikusitako 10 euskal kantuen zerrenda egin genuen . Bada, oraingoan, euskal kantuen bertsioak errepasatuko ditugu, alegia, beste hizkuntza batzutara moldatutako euskarazko jatorrizko kantak.

Youtuben gehien ikusitako 10 euskal kantuen zerrendako lehen postuan “Ilargia” zegoen, eta berriz ere aipatu beharrean gaude. Zalantzarik gabe, talde gernikarraren abestirik arrakastatsuena da eta duela zenbait urte katalanera itzulia izan zen. Entzun dezagun!

Ken Zazpi – La Lluna

Pirritx eta Porrotxen “Maite Zaitut” kantak Euskal Herriko txikienak bakarrik ez, handienak ere dantza jarri ditu, eta abesti ezagun hau ere, katalanera itzulia izan zen, sekulako arrakasta lortuz. Jarri pailazoen sudurra eta goazen abestera!! 🙂

Pirritx eta Porrotx – T’estimo molt

Eta Esne Beltzaren “Euskaraz bizi nahi dut” abestiak ere muga guztiak gainditu ditu, 2012an katalanezko bertsioa egin baitzuten La Pegatina taldeko kideek. Ez duzuela ikusi? Hementxe duzue:

Esne Beltza eta La Pegatina: ”Nahi dut” (Katalanez)


Besterik ezagutzen al duzue? Ziur gaude baietz. Gure kulturarentzako eta euskararen biziraupenareko oso garrantzitsuak dira gisa honetako ekimenak, beraz, zuek ere proposamenik izatera, ez egin zalantza eta partekatu gu guztiokin. GORA EUSKARA! Eta badakizue… “Gau eta egun euskaraz bizi nahi dut, eta gauza bera egin dezakezu zuk, Euskaraz bizi nahi dut goizean goizik, ez da amets bat nire nahia da baizik”.

Euskarak aisialdi egitasmoetara irten behar du

Euskararen inguruan egindako ikerketek esaten digute euskararen ezagutza hazten ari dela, haur eta gazteengan bereziki. Baina ingurura begiratuta, sarri entzuten ditugu gaztetxoak erdaraz kalean. Fenomeno hori aztertu du aste honetan Kike Amonarrizek gidatzen duen ‘Tribuaren Berbak’ saioak. Eskolan haur gehienek euskaraz ikasten badute, zergatik ez ditugu kalean horiek denak euskaraz aditzen?

Pablo Suberbiola soziologoa

Pablo Suberbiola soziologoa

Eusko Jaurlaritzak eta Soziolinguistika Klusterrak egindako Arrue ikerketa eskuetan hartuta hasi du ibilbidea ETB1eko saioak. Pablo Suberbiola soziologoarekin aztertu dituzte ikerketa honetatik ateratako datuak eta lehendabiziko datua da EAEko Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasleen %60 euskaraz mintzatzen dela gelan ikaskideekin.

Haur horiei etxean nola aritzen dien galdetuz gero, %20k erantzun zuten euskaraz aritzen direla eta, lagunekin txateatu zuten azken aldiaz galdetuta, %26k erantzun zuen euskaraz izan zela.

Beraz, adin horretako gaztetxoek eskolan gehiago egiten dute euskaraz kalean baino. Gainera, adinean gora eginda, gelan euskaraz aritzen diren gazteen portzentajeak behera egiten du; 13-14 urtekoen artean adibidez %29k egiten du euskaraz eskolan.

Ondorioz, Suberbiolaren hitzetan eskolak eremu babestu bat ematen die haur eta gazteei bertan euskaraz aritzeko, baina kanpora irtetean bakoitzak inguruan gehien erabiltzen den hizkuntzari heltzen dio.

Txatxilipudi elkartea, Arrasate

Txatxilipudi elkartea, Arrasate

Euskararen erabilera sustatu nahi baldin bada, komenigarria da gazteen aisialdiko ekintzetan eragitea. Eta hala egin dute hainbat herritako euskara zerbitzuetan eta euskara elkarteetan. Adibide bat Arrasateko Txatxilipurdi elkartekoa da. Aisialdirako ekimenak antolatzen dituzte: ludotekek, udalekuak… Alde batetik, kalera atera dituzte egitasmo horiek, gazteek euskara leku itxiekin erlazionatu ez dezaten. Eta bestetik, gazteei eurei hitza eman diete. Herriko plaza batean zer egin zitekeen gazteek eurek erabaki zuten eta erabakitakoa martxan jarri zuten. Hori guztia euskaraz.

Euskara zerbitzua, Lasarte

Euskara zerbitzua, Lasarte

Lasarteko euskara zerbitzuan ere aspaldi ikasi zuten euskara aisialdi guneetan bultzatu behar dela, erabilera zabaldu dadin. Eta eman ditu fruituak; izan ere, dituzten datuen arabera 1986an %43 zen euskaraz ongi aritzeko gai eta gaur egun %86ra igo da kopuru hori. Martxan jarritako ekimenetako bat Kuadrilategi da. Gazteentzako aisialdiko ekintzak antolatzen dituzte, baina koadrilan eman behar dute izena, taldean hartu behar dute parte. Eta horrela, koadrilako hizkuntza ohituretan eragitea dute helburu.

Azkenik, Sarako Gozatuz bizi ekimenaren berri ere eman dute ‘Tribuaren Berbak’ saioan. Guraso eta haurrek aisialdi denbora elkarrekin eta euskaraz pasatzea du helburu egitasmo honek.

Izan ere, haurrak imitatzaile bikainak dira. Helduok egiten duguna errepikatzen dute etengabe, baita hizkuntza ohiturei dagokionean ere. Horregatik gure haurrek euskara erabili dezatela nahi badugu, helduok hasi behar dugu hizkuntzaren aldeko hautua egiten.

Hori argi dute Real Sociedad futbol taldean ere. Badakite haurren eta gazteen eredu direla eta balore asko zabaltzen dituztela, baita hizkuntza ohitura ere.

Realeko entrenatzaile eta jokalariak Kikerekin

Realeko entrenatzaile eta jokalariak Kikerekin

Taldean erdia inguru euskaldunak dira, entrenatzailearengandik hasita. Hori dela eta, naturala da euskaraz aritzea Realeko jokalarientzat, nahiz eta euskaldunak ez direnekin erdaraz egiten duten. Eta horrela, euskaraz, agertzen dira jarraitzaileen aurrean ere.

Gainera, badakite euskarak bestelako abantailak ere badituela kanpoko taldeen aurka ari direnean batik bat. Etsaiek normalean ez dute ulertzen elkarri esaten diotena eta jokaldia komunikatzerakoan ondo etortzen zaie.

Jon Ansotegik dioen bezala alor guztietan bizi daiteke euskaraz. Erabiltzea da egin behar den bakarra.

Ikusi saio osoa