Category Archives: festak

En Tol Sarmiento taldeak egin du Herri Urratseko abestia

Gasteizko En Tol Sarmiento taldeak jarri dio doinua aurten Senperen (Lapurdi) ospatuko den Herri Urrats jaialdiko abesti ofizialari, eta Maddalen Arzallus bertsolariak jarri dizkio hitzak kantari, maiatzaren 12an Senperen egingo duten jaiaren kariaz.

Seaska Ikastolen Federazioak 50 urte beteko ditu aurten, eta hainbat ekitaldi egingo dituzte urte osoan. Abesti honekin, Seaskak oztopoak gainditzeko izan duen gaitasuna nabarmendu nahi dute.

‘LK’ lelopean, euskaraz hitz egitearen aldeko apustua nabarmendu nahi dute antolatzaileek. Halaber, ‘lizeo’ eta ‘kolegio’ hitzei ere aipamen egiten die aurtengo leloak.

Entzun ezazu hemen Iparraldeko ikastolen aldeko jaiaren abestia!

 

Lipdub erraldoia, Tolosan. Argazkia: Galtzaundi

Euskararen aldeko festa handia eta lipdub erraldoia, Tolosan

Galtzaundi euskara taldeak euskararen inguruko festa handia antolatu zuen iragan larunbatean, Tolosan (Gipuzkoa).

Ehunka euskaltzalek bete zuten Tolosako Alde Zaharra Tolosaldean euskararen erabilera elikatu eta zaintzeko.

Gainera, “Arnastu Euskara” lelopean euskara bultzatzeko lipdub erraldoi bat antolatu zuten.

Zigor Sagarnak sortu zuen egitasmorako doinua, eta kalez kale zabaldu zuten euskaltzaleek, Plaza Zaharrean guztiak elkartu arte. Hauxe da egin duten bideoa.

“Korrika badator!”: ‘Tribuaren Berbak’ ere, Korrika

korrika-lekuko

Remigio Mendibururen lekukoa San Telmon

19. Korrika abiatzear den honetan, euskararen aldeko ekimen erraldoia hartu du abiapuntu “Tribuaren Berbak” saioak. 40.000 kilometro eskas egin ditu orain arte Euskal Herrian herriz herri, munduaren zirkunferentziari bira emateko lain! Aurten, beste 2.500 kilometro egingo ditu Urepeletik Bilbora.

Hasieratik hasteko, Donostiako San Telmo museora jo du Kike Amonarrizek, bertan baitute, ondo gordeta, Remigio Mendiburuk egindako lehen lekukoa. AEk-k dohaintzan utzi zion museoari 1999an, eta 2011z geroztik dago ikusgai museo ezagun horretako erakusketa iraunkorrean. Tenperatura, hezetasuna eta argia ongi kontrolatuta dauzkate, onddorik eta antzerakorik ager ez dadin, eta, beraz, zaharberritzera irits ez dadin.

gorriti

Juan Gorriti

Mendiburuk egindako lekuko haren ideia Juan Gorriti artistak eman zion: motrailu baten makilaren itxura ematekoa, alegia. Oraingo lekukoa Gorritik egina da, aurrekoaren ereduari jarraiki. Artistak Amonarrizi esan dio “gure herriaren historia plasmatzen” duela lekukoak, eta, horregatik, ez du nahi hori garbitzerik, bertan bildutako malkoak, izerdia, euria, izotza eta abar mantendu egin behar direlako. Mendibururen lekukoa, esan bezala, San Telmon dago; Gorritiri, ordea, berea beti jendearen esku artean egotea gustatuko litzaioke.

amets

Amets Arzallus

18. Korrikaren lekukoa eraman zuen azken persona izan zen Amets Arzallus bertsolaria. Hark idatzi zuen lekukoak barruan zeraman mezua, eta Baionako plazan hura irakurtzea ohore handia izan zen beretzat. “Korrikak badu zerbait magikoa, euskaldunon bizipoza sentiarazten eta zabaltzen duelako”. Horregatik, egun hartan bizipoz hori guztia bere gorputzean kontzentratuta sentitu zuen bertsolariak. “Euskaldun bati egin dakiokeen opari politenetakoa da”, adierazi du.

brouard

Kike Amonarriz eta Edurne Brouard

Amonarriz, Lekeitiora joan da Edurne Brouardekin hitz egitera. Orain arte Korrikaren koordinatzaile izandakoak Oñatitik Bilbora joan zen lehen Korrika gogoratu du, 1980. urtean. Elurpean eta euripean aritu ziren, baina hala ere, jende andana bildu zuten, eta, beraz, mantendu beharra zegoela erabaki zuten.

amondo

Kike Amonarriz eta Asier Amondo

Izan ere, euskararen aldeko ekintza nagusietakoa da, baina helburu ekonomikoa ere badu. Asier Amondo egungo koordinatzaileak azpimarratu du oraindik euskaltegiak ez daudela normalizatuta, eta Korrikak biltzen duen dirua beharrezkoa zaiela, bereziki Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian. Dena den, aipatu du beretzat helburu polita litzatekeela aurtengorako “euskahaldun kontzeptu gisa gelditzea”, ahalduntzeak ekarriko bailuke indarrak metatzea euskararen inguruan, auzolanean eta elkarlanean.

amuriza

Xabier Amuriza eta Kike Amonarriz

Akelarre, Egan, Gozategi, Oskorri, Esne Beltza, Gose, Tapia eta Leturia, Fermin Muguruza… Musikari ugarik izan dute Korrikako kanta egitearen ardura, baina lehena, lehen abestiaren egilea, Xabier Amuriza izan zen. “Zuek ere esan bai euskarari” zuen izena, eta “arrapaladan” egin behar izan zuen. Egun batetik bestera egiteko ardura eman zioten, eta Lopategiren doinua, bertso pare bat eta lelo bat egokitu zituen horretarako. Amurizaren hitzetan, kanta garrantzitsua da, “identifikazio handia eta nortasuna ematen diolako kanpainari”.

furgonetak

Kike Amonarriz eta Andoni Seijo

Bi urtean behin izaten da, eta hamar eguneko iraupena izaten du, baina azpiegitura lan izugarria behar du Korrikak. Andoni Seijo “Ibilbide” taldeko kidea elkarrizketatu du Amonarrizek. 16 pertsona ibiltzen dira egunero lanean 2 furgonetatan. Ibilgailuak gasolina hartzeko baino ez dira geratzen, baina lan-taldeko kideek araututa daukate egunean otordu bero bat eserita egitea, erritmoari ongi eutsi ahal izateko.
Lekuetara puntual iristeko, aldez aurretik lan handia egiten dute, eta batez besteko bat dute ezarrita: kilometroko 6 minutu. Seijok aipatu du barru-poz izugarria eragiten diela toki batera iritsi eta jende andana zain dutela ikusteak, baina are gehiago hunkitzen dira zenbait lekutan, persona gutxiago badira ere, horiek ahalegin osoa egiten ikusita.

erribera

Itziar Elejalde, Alizia Iribarren eta Kike Amonarriz

Hori gertatzen da, esaterako, Nafarroako Erriberan. 1.715. kilometroan, Tuteran, topatu ditu Kikek Alizia Iribarren Nafarroako AEK-ren koordinatzailea eta Itziar Elejalde Korrikaren batzordeko kidea. Euren hitzetan, Korrikak laguntza handia ematen dio inguru hartako euskarari, “ilusio handia pizten duelako euskaltzale eta euskaldunen artean”. Gainera, orain arte euskarara hurbildu ez den jendeak ikusten du euskaraz ongi pasa daitekeela jai-giroan. Bestalde, dirua ekartzen du, baina, batez ere, euskara ikusarazi egiten du, eta horrek “hurrengo 2 urtetarako pilak kargatzen” laguntzen die.

19. Korrika Urepelen abiatuko da, eta bertan, sorburuan, amaitu nahi izan dute “Tribuaren berbak” saioa. Adur euskara taldeko Xan Airerekin eta Karine Etxeberrirekin elkartu da Kike bertako plazan, 0 kilometroa egongo den lekuan. 320 biztanle inguru dira, eta lan handia izaten ari da guztia antolatzea, baina “emozio handiz” egin dute. Korrika ez da bertatik sekula igaro, eta, beraz, lorpen handia izan da abiapuntu izatea.

urepele

Karine Etxeberri eta Xan Aire

Eskuz esku igaroko da Korrikaren lekukoa datozen egunetan, eta esku horiek lotuko dituzte kate trinkoz Urepel eta Bilbo. Etenik ez duen katea izango da, eta “Tribuaren Berbak” saioak ere izan nahi izan du kate horretako begi.
Hemen duzue, osorik, “Korrika badator” saioa, EITB Nahieranen.

TopaEguna, euskaltzaleen jaia, irailaren 28an Soraluzen

Euskaldunok hitzordua dugu datorren irailaren 28an, Soraluzen. Zergatik? TopaEguna, euskaltzeen jaia ospatuko baita lehenengoz. Euskaltzaleentzako jaieguna izango da, eta ekitaldiz beteriko egitaraua antolatu dute: antzerkia, kale animazioa, bazkaria, jolasak, txiki naiz helduentzako ekintzak, kontzertuak… Ezbairik gabe euskara maite dugunok eta euskaldunak garenok egun ederra igaroko dugu. Euskararen blog honetan Soraluzen egingo den TopaEgunaren egitaraua bildu dugu. Eta animatu hitzordura, Euskal Herriko euskaltzale guztiei egin diete eta dei antolatzaileek! 🙂

TopaEguna 2013 Soraluzen. Argazkia: www.hirinet.net

TopaEguna 2013 Soraluzen. Argazkia: www.hirinet.net

TopaEguna 2013 Soraluzen. EGITARAUA

11:00etan: Harrera

12:00etan: Liburu aurkezpena (hitzaldia): Jon Sarasua

Goizean zehar:

  • Umeen hiria
  • Berba probak
  • Andrabanda feminista
  • Kantu Jira
  • Puzgarriak

14,30ean: Herri bazkaria

Bazkalostean:

  • Kultur Gindak
  • Hezitzaileen arteko jolasak
  • Kalejira

18:00etan: Ekitaldi nagusia

19:00etan: Xero Xiette taldearekin erromeria

22:30ean: Kokein + Gose

Egitarau bikaina, ezta? Ba badakizue, ez egin irailaren 28rako planik, guk egun horretarako plan bikaina egin dizuegu eta. GORA EUSKARA! 🙂

Laguntza inoiz baino beharrezkoagoa du Herri Urratsek aurten

Igandean, maiatzaren 12an ospatuko da Herri Urrats 2013, Senperen egiten den euskararen aldeko festa handia. Herri Urratsek 30.urte beteko ditu aurten, ez da marka makala! Bidea, ordea, luzea eta gogorra izan da, eta hemendik aurrerakoa ere ez da errazagoa izango. Izan ere, euskararen egoera kezkagarria da Ipar Euskal Herrian, eta erakunde publikoen aldetik ere ez da laguntza handirik izan azken urteotan. Aurtengo edizioa festa erabakigarria izango da ikastolentzat. Horregatik, euskaltzaleon esku dago hemendik 30 urtera Senpereko jaiak bizirik irautea!!! 🙂

Senpereko lakua. Argazkia: eitbcom

Senpereko lakua. Argazkia: eitbcom

Euskaldunok izugarri maite dugun jaia da Herri Urrats, baina ezin dugu ahaztu Ipar Euskal Herriko festaren helburua euskarazko irakuskuntza sustatzeko diru lortzea dela. Frantziako Gobernuko ordezkariek diote udalek ezin dituztela ikastolak finantzatu eta aurreko Eusko Jaurlaritzak ez zien agindutako 400.000 euroko laguntza eman. Jaia, beraz, kili-kolo dago. Orain inoiz baino gehiago euskaltzaleok batu eta Ipar Euskal Herriko jaiari bultzada eman behar diogu!:-)

Hogeita abar urte… lemapean,  3 zenbakiak sekula baino presentzia gehiago du aurtengo Herri Urratsen. 30 ikastola daude irekita egun Ipar Euskal Herrian, eta 3.000 baino gehiago dira ikastola horietan dauden ikasleak. Gainera, aurretik aipatu bezala, 30. edizioa izango da aurtengoa, eta hori gutxi balitz bezala, Xalbador Kolegioak, 30 urte betetzen ditu.

Euskararen etorkizuna beti egon da euskara maite dugunon aho, esku eta patriketan. Gure hizkuntza okerren dagoen tokian, han jarri behar dugu esfortzu eta indar gehien. Hori dela eta, aurten inoiz baino euskaltzale gehiagok egin behar dugu bat Senpereko aintziraren inguruan.

Kasualidadea izango da agian, baina 2013ko Korrika Baionan amaitu izanak, eta Korrikaren azken mezua Amets Arzallus bertsolari lapurtarrak irakurtzeak, izango du zerikusirik egun Iparraldean bizi den egoerarekin. Ama hizkuntzaz, eta euskararen balioaz mintzatu zen, eta argi utzi zuen ama hizkuntza ez dela lehenik ikasten den hura, pentsatzeko erabiltzen dugun hizkuntza baizik. Maite dezagun gure ama hizkuntza. GORA EUSKARA, GORA HERRI URRATS. Igandean denok Senperara! 🙂

Urratsak eginez, korrika, kilometroz kilometro, jairik jai euskaraz!

Duela gutxi jaietan euskaraz aritzeko hiztegia aurkeztu genizuen Euskararen blog honetan. Euskara sustatzen jarraitu nahian, gaurkoan, urtean zehar Euskal Herriko txoko ezberdinetan Euskararen alde antolatzen diren jaiak izango ditugu hizpide, eta ikasturte berriari begira , jai horien inguruko datu eta xehetasunak ematen saiatuko gara. Hemendik gutxira egingo den jai batekin emango diogu hasiera euskararen inguruko jaien zerrendari 🙂

NAFARROA OINEZ 2012

Zer da Nafarroa Oinez: Nafarroako Ikastolen jaia da. Urtero Nafarroako ikastola bat arduratzen da jai hau antolatzeaz, tokian tokiko eta unean uneko beharren arabera. Zazpi bat kilometroko ibilbidea prestatu eta gune ezberdinak kokatzen dira, adin eta gustu guztietarako jarduerekin.
Noiz: urriaren 21ean
Non: Iruñean
Antolatzailea: Zizur Txikiko San Fermin Ikastola

Has zaitezte 2012ko Nafarroa Oinez jairako prestetzen:

KILOMETROAK 2012

Zer da KilometroakGipuzkoako ikastolen jaia da. 1977az geroztik egiten den euskalzaleen topaketa hau urriko lehen igandean ospatzen da eta helburu nagusia Gipuzkoako Ikastolei bultzada ematea da.
Noiz: urriaren 7an
Non: Andoainen
Antolatzailea: Aita Larramendi Ikastola

EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA 2012

Zer da Euskararen Nazioarteko Eguna: Euskara omentzeko asmoz urtero abenduaren 3an Euskal Herriko txoko ezberdinetan egiten den ekitaldia da.
Noiz: abenduaren 3an
Non: Euskal Herriko hainbat hiri eta herrietan

Antolatzailea: Eusko Ikaskuntza

Ukan

HERRI URRATS 2013

Zer da Herri Urrats: Iparraldeko ikastolak laguntzeko antolatzen den jaia da, maiatzaren lehen hamabostaldian ospatzen dena Senpereko aintziraren inguruan, Lapurdin.
Noiz: Maiatzaren bigarren hamabostaldia (eguna zeazteke)
Non: Senperen
Antolatzailea: Seaska, Iparraldeko Ikastolen Federazioa.

ARABA EUSKARAZ 2013

Zer da Araba Euskaraz: Arabako ikastolen jaia da, Ikastolen Elkarteak urtero ekainaren erdialdean ospatzen duen ekitaldia. Euskararen erabilera Araba osoan bultzatzea du helburu, baita ikastolen azpiegiturak hobetzea ere. Hori dela eta urtero Arabako ikastola bat arduratzen da antolakuntzaz.
Non: Amurrion
Noiz: Ekainaren 16an
Antolatzailea: Aresketa Ikastola

IBILALDIA 2013

Zer da Ibilaldia: Bizkaiko ikastolen jaia da. Getxon egin zen lehen aldiz 1978an eta honek ere, beste lurraldeetan bezala, euskara bultzatu eta Bizkaiko ikastolen egoera hobetzeko helburua du.
Nun: Portugalete
Noiz: Eguna zeazteke
Antolatzailea: Asti-Leku ikastolak

EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAREN JAIA 2013

Zer da euskal Eskola publikoaren jaia: Euskal Hezkuntza Publikoaren alde eta euskara bultzatzeko asmoz urtero Euskal Herriko herri ezberdin batean egiten den jaia da.
Nork antolatzen du: Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak

Aurtengo datuak, noiz eta non izango den jakin bezain pronto, partekatuko dugu. Bitartean hemen duzue 2012ko Euskal Eskola Publikoaren jaiko kanta:

KORRIKA

Zer da Korrika: Euskararen alde Euskal Herrian barrena lasterka egiten den martxan da. Bi urtez behin egiten da eta ibilbidea aldatu egiten da.
Noiz: Martxoan
Non: Zehazteke
Antolatzailea: AEK euskaltegi elkarteak antolatzen du

586259_korrika_donostia_original_imagen

Jai batean, bestean, jarrai dezagun EUSKARAREN ALDE LANEAN! 🙂

Euskareran aldeko apostua Goenkalen. Telebistan ere euskaraz!

Euskaraz egiten den telesailik arrakastatsuenak, Goenkalek iragan asteartean aspaldian izandako audientzia daturik onenak eman zituen. Arraldeko kontuak eta Facebookeko orrialdean aipatu diren beste gai batzuk izango ditugu mintzagai gaurko laburpenean.

Nork ez du Goenkale ezagutzen? Ba al da euskaldunon artean Maria Luisa edo Boga Boga ezagutzen ez duenik? Urteak dira Goenkale ETB-1eko saio arrakastatsua lehenengoz estreinatu zela, hemezortzi urte, hain justu. Goenkale 1994. udazkenean hasi zen eta hasiera batean Lasa familiaren gorabeherak kontatzen bazituen ere, euskal aktore askok eman dituzte euren pausoak telesail arrakastatsu honetan.

Lehendabiziko urteetan astelehenetik ostiralera emititzen bazen ere, egun astelehenetan eta astearteetan goza dezakegu Goenkalez, eta Facebookeko orrialdean aipatzekoa iruditu zaigu esteka honekin astearte honetako atalak saioak urte osoan izandako audientzia daturik altuenak lortu dituela. Zorionak, Goenkaleko kideei guztiei, eta nola ez, baita telesailaren jarraitzaileei ere, horiek egiten baitute posible Goenkale!

Askok eman diozue “Gustuko dut” botoiari, eta Maite Aguirrek honela esaten zigun komunitatean: “Aupa!!!Kolonbian bizi den euskaldun bat naiz eta Goenkale ikusteko moduren bat badaukat jakin nahiko nuke, eitb.com-en bilatzen egon naiz baina ez dut ezer aurkitu. Mila esker!!!”. Oinatz Ortyizek berehala erantzuten zion http://www.eitb.tv/eu/ eitb.com-eko Nahieran orrialdera linka utziz.

Iragan ostiralean, berriz, “Euskaraz bizi nahi dut kanpaina” aurkeztu zuen Kontseiluak Donostiako DOKA Kafe Antzokian, arratsaldeko 19:00etan. Aurkezpenean azken hilabeteotan euskaraz bizitzearen alde egindako hainbat ekimenen berri emango zuten eta Esne Beltza taldeak egindako abestia ere aurkeztu zen. Guk Facebookeko orrialdean kanpainaren bideoa eskegitzen genizuen, izan ere, euskaraz bizitzea da gure nahia!

Amaitzeko, hilabete geratzen da Euskararen Egunerako, eta 10.000 lagun biltzea nahi dugu Euskaldunok Euskaraz Facebookeko orrialdean. Euskaldunak burugogorrak garela diote, eta arrazoi apur bat badute beraz, animatu eta gomendatu Euskaldunok euskaraz zuen lagunei, denok elkarrekin euskararen aldeko txoko erraldoi batean bilakatu behar dugu eta gure orrrialdea. Badakizue, egin euskaraz etxean, kalean, gurasoekin, lagun artean, jolasean….. Bizi euskaraz!! Besarkada bat eta laster arte lagunok. Pozik bizi!!

Nafarroa Oinez 2011: Euskara protagonista Tafallan datorren igandean

Nafarroa Oinez 2011 Tafallan ospatuko da datorren igandean, urriaren 16an. Euskara izango da protagonista Nafarroako Ikastolen jaian baina hitzordu horrez gain, euskara ikasteko Arian metodoa ere izango dugu hizpide gaurkoan. Euskararen inguruko bloga aurkeztu genizuen aurreko astean eta bertan esan bezala, lerro hauetan, euskararen inguruan gertatzen den oro zuengana eramateko asmoz, astero-astero Euskaldunok Euskaraz Facebookeko orrialdean esandakaok bilduko ditugu; ekin diezaiogun gaurkoari!

Nafarroa Oinez 2011, Nafarroako Ikastolen jaia, Tafallan ospatuko da aurten eta ‘Hamaika 11n’ izango du lema. Egun osoko jaia iragartzeko, Sorkun eta Kerobia taldeko Xabiren ahotsak izan dituzte lagun tafallako Garces de los Fayos Ikastolako lagunek, hementxe duzue Nafarroa Oinez 2011ko bideoklipa:

Eskaintza oparoa prestatu dute iganderako, joateko asmoa baldin baduzue hona hemen Nafarroa Oinez 2011ko egitaraua. Izatekotan, ziur egitaraua ikusitakoan uxatuko dituzuela zalantza izpi guztiak 😉

Nafarroa Oinez 2011 Tafalla - Egitaraua

Nafarroa Oinez 2011 Tafalla - Egitaraua

Bestalde, Arian metodoa ezagutzen al duzu? Euskara ikasteko modu eraginkorra da, eta hizkuntzaren erabilera sustatzea du helburu. Gehiago jakin nahi? Entzun Euskadi Irratiko Ele-Alea saioa! Arian metodoa aurkeztu dute bertan eta Txantxo Zubeldia ELKAR argitaletxeko editoreak emango dizkizu xehetasun guztiak.

Euskarak festa handia dauka zain igandean Nafarroan eta euskaldun berriek zein euskara ikastekotan daudenek metodo berria proba dezakete aurrerantzean.Zuek badakizue, euskararen inguruko edozein gai interesgarri, hitzordu garrantzitsu edo lotura aipagarri ikusten baduzue, ez izan zalantzarik eta elkarbanatu gure Facebookeko horman. Denon arten euskara eta honen inguruko jakintza zabalduko dugu. Egun gutxi barru izango gara bueltan, ongi pasa asteburua!

Euskararen inguruko bloga estreinatu dugu “Klik” eginez!

Ikasturte berriarekin batera, Euskara eta honen inguruko berriak jorratuko dituen blog berri batekin gatoz, eta hori, nola ez, oso berri pozgarria da. Aurrerantzean, beraz, Euskaldunok Euskaraz Facebookeko orrialdean aipatutako albisteak, hitzorduak, eta beste zenbait kontu bilduko ditugu blog honetan. Goazen denok elkarrekin, euskararen inguruko jakintza partekatzera eta Euskara goraipatzera!

Igandean, urriaren 2an ospatu zen Euskararen aldeko jai handiaz hitz egiten hasiko dugu lehendabiziko laburpena. Azpeitia izan zuen topaleku 2011ko Gipuzkoako Ikastolen jaiak, eta Ikasberri Ikastolak antolatutako hitzordu honetara jende aunitz hurbildu zen Euskarari Klik bat egiteko asmoz. Aurretik, ordea, Kilometroak 2011ko abestia, “Klik” aurkezten genizuen horman, motorrak berotzen joateko. Egin “Klik” eta gozatu bideoaz!

Aste honetan, gainera, proiektu zoragarri baten berri ematen genizuen Facebookeko orrialdean, Baionatik Bilbora proiektuaren berri, hain zuzen ere, Iparraldeko 700 kanta sarean jartzeko eta ezagutzera emateko ekimen ederra. Urte askotarako!

Bertsolaritzak ere badu bere txokoa gure gizartean. Bertsoen mundua gustuko baduzu, bertsolariak ezagutu nahi badituzu, edo bertsolaritzaren nondik norakoetan sakondu nahi baduzu, hainbat bide dituzu. Batetik, Gpuntua izeneko Facebookeko horman Gipuzkoako Bertsolarien Txapelketako kontuak jarraitu ahal izango dituzu, bestetik, Aiziak biali du blogean ere bertsolaritzaren inguruko artikulu interesgarriak irakurri ahal izango dituzu eta amaitzeko, Xabier Sukia esatariak gidatzen duen Euskadi Irratiko “Hitza Jolas” irratsaioan bertsolariei elkarrizketak, aspaldiko bertsoak eta beste hamaika kontu entzun ahal izango dituzu igandero, arratsaldeko 14:00etatik aurrera.

Amaitzeko, eta teknologien munduan murgilduta gauden honetan, Sakelakoentzako euskarazko teklatu “inteligentea” kaleratu zutela kontatzen genuen horman. Ideia, 2011ko nonick-en sortu zen, eitb.com-ek eta Eusko Jaurlaritzak Interneteko joerei buruz antolatutako nazioarteko biltzarrean, hain zuzen ere, eta sakelakoen teklatuetan idaztean hitz baten amaiera eta hitz horren osteko hurrengoa izan daitekeena iragartzen du, euskaraz.

Ikusten duzuen moduan, euskarak ere badu zeresana teknologia berrietan, eta baita beste zenbait alorretan ere. Hori dela medio, hemendik aurrera euskararen inguruko edozein gai interesgarri, hitzordu garrantzitsu edo lotura aipagarri ikusten baduzu, ez izan zalantzarik, eta eskegi gure Facebookeko horman. Denon arten euskara eta honen inguruko jakintza zabalduko dugu. “Aitorren Hizkuntza Zaharra” kanta herrikoiaren zati txiki batekin, gaurkoz agur esateko ordua heldu da. Segi ondo!

Gora euskara maitea
zoragarriena
euskalduen artean
maitagarriena.
Munduan sortu zanik
hikuntzik zaharrena,
gora ta gora euskaldunak
eta gure euskara.