Nerbioi ibaiaren arroko herrietako euskararen erradiografia

Nerbioi ibaiaren emariari jarraituz dauden herriak eta euskarak ezagutu ditu Kike Amonarizek ‘Tribuaren Berbak’ saioan.

tribu-nerbioi_1024x576Urduñan hasi du ibilbidea. Bizkaiko hiri bakarra da, eta Arabak eta Burgosek inguratutako uhartea dela esan daiteke. Betidanik bizi izan dira elkarrekin gaztelania eta euskara bertan, nahiz eta gaztelaniaren eragina nabarmenagoa den. Aketza Merino historialariaren hitzetan, azken euskaldunak XIX. mendearen amaieran jaio ziren bertan, baina, bilakaera oso ona izan da azken hamarkadetan. Belaunaldi berriek euskaraz dakite, eskolan edo euskaltegian ikasi dutelako. Orain, umeek euskara etxean ikasten dute, eta, beraz, ez dira hain euskaldun berriak.

aiaraldea

Izar Mendiguren, Gartzen Garaio eta Kike Amonarriz

Amurrio izan da bigarren geltokia. Aiara koadrilako udalerria da. 10.000 biztanle ditu, eta Arabako 3. udalerri populatuena da. Industriak pisu berezia izan du bertan, eta 60ko eta 70eko hamarkadetan populazioa asko handitu zen. Gaur egun, biztanleriaren herena da euskalduna, baina erabileran dago erronka. Erronka horri helduta sortu zuten, hain justu ere, 2010ean, Aiaraldea Komunikazio Leihoa. Euskararen normalizazioan urratsak egiteko, hainbat komunikazio tresna jarri zuten martxan, inguruan zegoen gabezia betetze aldera. Izar Mendiguren eta Gartzen Garaioren hitzetan, hainbat alorreko jendea elkartu zen euskaraz komunikabide bat sortzeko. Informazioa ahal beste euskarritan zabaltzea denez euren filosofia, webgunea aireratu zuten lehenengo, gero irratia etorri zen, eta azkenik, egunkaria eta sare sozialak iritsi ziren. “Webgunea da guztien biltokia, etorkizunari begira apustu estrategikoa hori delako”. Bestalde, komunikabideak sortzeaz gain, elkargoa ere eratu dute, errealitate euskaldun berriak sortu behar zirela ikusi zutelako. Izan ere, euskararen ezagutza eta erabilera hazten ari dira, baina erabilera % 5ekoa da eskualde osoan. Horregatik, gauza erakargarriak planteatu nahi dituzte euskarak balio erantsia izan dezan.

izatefaltsua

Izatefaltsua taldea

Amurrion bertan, Izatefaltsua musika taldea ezagutu du Kikek. 10 urte daramate lanean, eta betidanik euskaraz egin dituzte kantak. Eskualdean musika talde ugari dago, eta gehienak euskaraz aritzen direla nabarmendu dute, ingelesez eta gaztelaniaz aritzen direnak ere badaude ere. Gainera, entzuleei dagokienez, nabaritu dute euskaldun gehiago daudela, nahiz eta nahi baino gutxiago hitz egiten den euskaraz.

Herriko gurasoen artean ere ibili da galdezka Amonarriz, hurrengo belaunaldiak nolakoak izango diren jakin ahal izateko. Haurrak eskolan eta eskolaz kanpoko jardueretan (igeriketan, pilotan…) euskaraz aritzen dira, baina euren artean, ordea ez. Gurasoekin ez bada, haurrak gaztelaniaz aritzen dira.

Aiaran, euskararen presentzia kalean sustatzeko, Hogeitalau euskara elkartea sortu zuten duela 15 urte. Joseba Llanok azaldu duenez, euskara eskolatik kalera ateratzea zuten (eta dute) helburu. Zailtasunak izan dituzte, eskualdeko herriak geografikoki oso sakabanatuta daudelako. Gainera, herri txikiak izanik, bizitza soziala ez da hirietakoaren parekoa. Edonola ere, kaleko hizkuntza erabilera sustatzeko lanean dihardute, eta ikuskizunak antolatzen dituzte bereziki umeei zuzenduta.

laudio

Felix Mugurutza

Nerbioiri jarraiki, Laudiora iritsi da saioa. Arabako 2. herri handiena da populazioa kontuan hartuta, eta, euskararen berreskurapenari dagokionez, txapeldunak dira bertan. Felix Mugurutza euskara teknikariak azaldu du 80ko hamarkadan % 5 zirela euskaldunak, eta, gaur egun, aldiz, % 30 direla, eta beste % 30, berriz, ia euskaldunak. Azken 10 urteetan, % 30 igo da hiztunen kopurua baina erabateko aldaketa erabilerari lotuta etorri da, % 250ekoa izan baita igoera. Euskal Herriko oso leku gutxitan izan da horrelako daturik. Gainera, azpimarratu du haurrak tartean daudenean erabiltzen dela gehien euskara, eta, haren hitzetan, “hori da etorkizuna bermatuko digun gakoa”. Bestalde, garai batean euskara militantziagatik ikasten zen. Gaur egun, ordea, “maitasun kontua da”: “Euskara ez da behar Laudion funtzionatzeko, baina behar da zoriontsuago izateko”. Amaitzeko, euskaldun berrien ahalegina nabarmendu du.

Ondoren, Arrigorriagan izan da, Bizkaian. Bertan, Berbalagun egitasmoaz aritu zaio Aritza Agirrezabal dinamizatzailea. Kalean euskaraz egitea da helburu nagusia, hau da, euskara klasetatik plazara ateratzea. Orain dela 7 urte hasi ziren, eta nabarmendu du euskaldun berri askorentzat ezinbestekoa dela, eskoletan baino ez baitzuten egiten euskaraz. Are gehiago, naturaltasuna eman die proiektuak, lasaiago hitz egiten dute, eta, garrantzitsuena, beldurra eta lotsa galdu dute. Egitasmoari falta zaiona “euskaldun zaharren parte-hartzea” dela esan du.

Arrigorriagatik, Zaratamora. Bertan, bi eremu desberdindu daude: Nerbioi inguruko industrigunea, behean, eta landa eremua, goian. Karlos Zarragak esan duenez, alde handia dago bi zonaldeen artean. Industrigunean gaztelaniaz aritzeko joera dago, langile asko kanpotik etorritakoak direlako; landa eremuan, aldiz, euskara mantendu da. Zaratamoko historia arakatu du, eta, topatutako datuen arabera, XIX. mendean, euskaldun elebakarrak ziren guztiak. XX. mendearen hasieran ere euskara zen hizkuntza nagusia. Bere gazte garaian gaztelaniaz eskolan ikasi zuten, baina, handik kanpo, euskaraz aritzen ziren. Gaur egun, D ereduan ikasten dute haur guztiek, eta asko jolas orduetan euskaraz aritzen badira ere, beste batzuek gaztelaniara jotzen dute. Gazteen artean ere, lehen gehiago egiten zen euskaraz gaur egun baino.

basauri-euskara

Ludi Viguera

Azken geltokia Basauri izan da. Bilbo Handiko udalerri horretan euskara biziberritzeko lan handia egiten du Euskarabila elkarteak. Ludi Viguerak azaldu du 1995ean sortu zutela, “Basaurik euskara elkarte bat merezi eta behar zuela” ikusita. Herriko jende konprometitua, anitza eta euskalduna elkartu zen horretarako. Urte asko daramate lanean, eta, azken urteetan, oso sonatua izan da ‘Basaurin be bagara’ ekimena. Lasarte-Oriaren adibideari segika, 12 orduko maratoia antolatzen dute, eta 500 pertsona baino gehiago igarotzen dira agertoki gainetik jardunaldi osoan. Horrelako herri batean indartze handia ekarri du horrek. Bertan, biztanleriaren % 24 da euskalduna, eta % 21 ia euskalduna, beraz, ia 20.000 herritarrek daukate euskararekin lotura. Kale erabilerari begiratuta, ordea, % 4koa da. Viguerak esan du euskalgintzak egin beharreko lanaz gain, administrazioen eta erakunde publikoen bultzada beharrezkoa dela. Gainera, ezinbestekoa da ilusioa. Helburua da euskaraz bizi ahal izatea Basaurin eta Euskal Herri osoan, eta, horretarako, “derrigorrezkoa da elkarrekin ekitea”.

Ikusi EITB Nahieranen atal osoa:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude