Tag Archives: Gari Torregroso

Eskolaren lana euskararen erabilera sustatzeko

Tribuaren Berbak saioan, eskolak euskararen erabilera indartzeko egiten ari diren lanaz aritu dira Kike Amonarriz eta haren gonbidatuak.

estatistika

Iaz, milioi erdi pasatxo ikasle izan zen Euskal Herrian, Haur hezkuntzatik hasi, eta Lanbide Heziketaraino. Horietatik, % 51k D ereduan ikasi zuten, euskara hutsez; % 15ek, B ereduan, eredu elebidunean: % 14k A ereduan, euskara irakasgai gisa soilik izanda; eta % 20k erdara hutsez. Datu horiek asko aldatzen dira eremu administratiboaren arabera, ez baita egoera bera EAEn, Nafarroan, eta Ipar Euskal herrian.

suberbiola

Pablo Suberbiola

Pablo Suberbiola Soziolinguistika Klusterreko kideak dio euskararen erabilera oso desberdina dela ereduaren arabera, bai ikasgelan, bai jolaslekuan. Jakina, D ereduan da handiena. Dena dela, nabarmendu du eredu bakoitzeko erabilerak aztertzerakoan kontuan hartu behar dela bakoitzeko ikasleen tipologia oso desberdina dela. Ikasleak bizi diren ingurunean dagoen erabileraren parekoa izango da erabilera bai eskolan, baita handik kanpo ere. Beraz, eskolak erabilera bultzatzeko zer hobetu badu ere, beste sektore batzuetan askoz gehiago dago hobetzeko.

Nola lor daiteke euskara eskolako hizkuntza izatetik bizitzako hizkuntza izatera heltzea? Jasone Aldekoa Hezkuntza Berriztatzeko aholkulariak azaldu du Ulibarri programarekin ari direla lanean arlo horretan. Helburua da nerabeak izatea euren hizkuntza hautuaren jabe. Horretarako, ordea, ezinbestekoa da familiaren atxikimendua, hor egiten delako hizkuntzaren erabilera intimoa. Bestalde, ezinbestekoa da aisialdiko jarduera guneen lana.

Ikasleei eurei ere galdetu die Kikek, eta, haien hitzetan, beharrezkoa dela euskaraz eskaintza handiagoa izatea entretenitzeko; eskolatik kanpo ere erabil dezaketela sumatu behar dute. Hau da, euskarak erakargarri izan behar du eurentzat.

gasteizEskola asko ari dira saiatzen paper gaineko teoriak praktikara eramaten. Gasteizko Koldo Mitxelena institutuan izan da, hasteko, Amonarriz. Bertako arduradunek esan diotenez, “euskaraz gero eta gehiago dakite, baina gero eta gutxiago erabiltzen dute”. Oso gazte direnean asko hitz egiten dute, baina handitzen doazen heinean, galtzen doaz. Horregatik, euskararen erabilera sustatzeko lan handia egiten dute, eta eustea lortzen dute.

Hernaniko Inmakulada kristau eskolan % 10 baino ez dira euskaldunak. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloan D eredua dute ezarrita, baina DBHn B eredua dute, etorkin ugari matrikulatzen baitzaie maila horietan. Ikasgela barruan eta kanpoan euskaraz aritzen dira HHn eta LHn; DBHn, berriz, gaztelaniaz. Hernaniko Dobera euskara taldekoekin lankidetzan, egitasmoak gauzatzen dituzte aisialdian euskararen erabilera sustatzeko. Zeregin nagusitzat dute euskararen gaineko sentimendua eta motibazioa sortzea, “horren atzetik etorriko delako erabiltzeko grina”.

Tolosako Laskorain ikastetxean % 96 aritzen dira euskaraz gelan eta jolastokian. 80ko hamarkadan, berriz, egoera bestelakoa zen; garapen horretan lan izugarria egin du “Euskaraz Bizi” planak. Helburu nagusiak dira hitz egitea, errotzea eta adin desberdinetara iristea. Adinak kontuan hartuta, HHn eta LHn lortu nahi dute ikasleek eskolan eraikitzea harreman sare euskalduna. Horretarako, ezinbesteko laguntzailea da Argitxo iratxoa. LHko 2. Eta 3. zikloetan, ikasleek berezko duen lehiako eta jolaserako joerei heltzen zaie; eta DBHn ikasleei gogorarazi nahi diete zein garrantzitsua den euskaraz bizitzea.

anikostera

Ani Kostera

Kanboko Xalbador ikastegian 317 ikasle dituzte. Barnealdeko herrietatik datozenek, etxean euskaraz aritzeko aukera izaten omen dute; kostaldekoek, berriz, gutxiago. Lehen ikasgela barruan zein kanpoan arraroa zen ikasleek komentarioren bat frantsesez egitea. Gaur egun, ordea ez. Beraz, berreskuratze lan horretan, eskolak funtzio publikoa du. Gainera, euren gain hartzen dute ikasleei euskararen etorkizuna euren eskuetan dagoela ikustarazteko ardura. Kontzientzia hori landu behar dute gurasoekin eta haurrekin. Dena den, ikastetxeko arduradunek adierazi dute ofizialtasuna lortzeak gauzak asko erraztuko lituzkeela.

Nafarroan, legea aldatzeak D eredua zabaltzeko aukera gehiago emango du datorren ikasturtetik aurrera. Hori pozgarria da Sortzenen arabera, baina arazo batzuk gainditzeko beharra dago oraindik ere. PAI programa ezartzeak (ingeles ordu gehiago sartzeko) kalte egin dio euskarari. Gainera, hiztun kopuruak gora egin du, baina erabilerak, ordea, ez. ETB3 bertan ezin ikusi izanak eragin handia izan du, marrazki bizidunak euskaraz ezin ikusita, euskaraz zegoen esparru bat galdu baita. Sortzenek ikasleen erabilera sustatzeko egiten du lan, normalean familiak erdaldunak direlako, eta gaztelaniaz hitz egiteko joera dutelako.

jasonecenoz

Jasone cenoz

Jasone Cenoz EHUko katedradunak dio hizkuntza akademikoa lantzea beharrezkoa dela, eta eskolak lan hori egiten duela. Dena dela, nabarmendu du euskara eguneroko bizitzako hizkuntza bihurtu behar dugula. Bestalde, eleaniztasunaren garrantzia ere azpimarratu du: “Euskara babestu behar da, eta gehiena euskaraz egin behar da, baina beste hizkuntzak ere landu behar dira, beharrezkoak direlako”.

Saioa amaitzeko, Irungo Berritzeguneko Iñaki Biainengana jo du Amonarrizek. Haren hitzetan, eskola euskararen arnasgunea da, eta lan handia egin dezake, baina ezin du bakarrik egin. Beste “hanka” batzuk behar ditu: familia, aisialdiko eskaintza eta hedabideak. “Euskara erabiltzen jarraitzea nahi badugu, euskararen aldeko jarrera modu sistematikoan lantzen hasi beharko ginateke”, esan du. Gainera, familiei dagokienez, garrantzitsua da umeei transmititzea euskara erabiltzeko ohitura. “Erakutsi behar zaie euskara ongi ikastea inbertsio garrantzitsua dela etorkizunean lan munduan integratzeko eta sozializatzeko”.

Urtetan eskolaren bizkar gainean ipini da euskalduntzearen erantzukizuna. Irakasteari, ikasleen ezagutza-multzoa handitzeari, euskararen gaineko trebetasun-maila ere areagotzea eskatu zaio. Hiztun osoak sortzeko, ordea, gizarte osoa da beharrezkoa. Bizkar-zorroa elkarbanatuta aiseago eramaten dela zama, alegia.