Monthly Archives: January 2013

Andoni Aizpuru ulertzeko gida

Kanpoan ez da giro, eta barruan gaudenok, behintzat, ondo pasatzen saiatu beharko dugu! 🙂 Hizkuntzaren ateak ikusleei etengabe zabaltzen die Andoni Aizpuru eguraldi gizonak. Baina, ez al diozu sekula zeure buruari galdetu… “Zertaz ari da Andoni?” 🙂 Itsaskirria, oinaztua, elur-pikorta… Gaur leihotik kanpora begiratu dugu eguraldiaren inguruko hiztegia sortzeko.

Donostiko olatuak. Argazkia: EFE

Donostiko olatuak. Argazkia: EFE

OINAZTUA: Hodei batean eta lurrazalaren artean edo bi hodeien artean sortzen den deskarga elektriko baten ondorioz bat-batean eta indarrez azaltzen den argitasuna. Tximista, oinaztarri eta oinazkar izenez ere ezaguna.

OSTOTS: Trumoi bezala ere ezaguna, tximista batek eragindako talka uhinaren soinua da.

ZIRRUAK: hodei zuri eta arinak dira. Izotz kristal txikiek osatzen dute.

ZIRROKUMULUA: hodei zuri altua da eta oro har frote bero batetik atera ohi da.

IZOTZ-BELTZ: Hotzak eragiten du fenomeno meteorologiko berezia da. Euri tantonak errepidea ukitzen duten momentuan izozten direnean sortzen da eta oso arriskutsua da errepidean.

IHINTZ: Airean dagoen ur-lurrunaren kondentsazioaren emaitza da, ur-tanta txiki itxuraz agertzen dena. Lur, landare eta objetuen gainean sortzen da.

ELUR BUSTI: euria eta elur hezea nahasten dituen prezipitazioa.

ELUR-PIKORTA: 2 eta 5 mm arteko diametroko izotz-pikor zuri eta opakuen prezipitazioa da.

HAIZE-ALAI: 13 eta 16 korapilo arteko abiadura duen haizea da.

HODEI-OIN: Hodeiaren azpialdea da.

KUMULU: Tontor, ganga edo dorre eran bertikalki hazten diren hodei bakartuak.

TRAGARROI: Haize-zurrunbilo indartsua da, azpian itsasotik jasotako ur-tantaz edo lurretik jasotako hauts hare edo zaborrez osatuko anabasa izan ohi duena.

ENBATA: Kantaurialdeko fenomeno tipikoa da, haizearen bat-bateko aldaketa.

ITSASKIRRIA: 0,1 eta 0,5 metro bitarteko olatuak.

ITSASO KAZKARRA: 0,1 metro baino olatu txikiagoak.

HAUTS-GANDUA: partikula guztiz txiki eta lehorren aireko suspentsioa.

Creedence Clearwater Revival taldearen“Have you ever seen the rain” kanta ezagunarekin utziko  zaituztegu. “Sekula euririk ikusi al duzu?”. Euskaldunak izanda erantzun bakarra du horrek. GEHIEGI! Pozik bizi!! 🙂

2013ko txotx denboraldiko enbaxadorea: Doraemon, Falete edo Eguiguren?

Ondo irakurri duzue! Txotx denboraldia hasi da. La Oreja de Van Goghek egin zuen Astigarragako lehenengo txotxa atzo, eta igandean, berriz, Gazteako Dida saioko lagunek aurkeztu zuten Hernaniko sagardo denboraldia. Nortzuk izango ote dira datorren urteko gonbidatuak? Hasi dira lehendabiziko aurreikuspenak #DatorrenUrteanSagardoDenboraldiariHasieraEmatekoProposamenak traolarekin. Ez larritu, proposamenak besterik ez dira eta. 🙂

txotx-twitter

Datorren urtean sagardo denboraldiari hasiera emateko proposamenak

Pirritx eta Porrotx, Nick Nolte, Doraemon, Jimenez Losantos, Mercedes Mila, Francisco Franco, Fernando Savater, E.T, Mourinho, Falete… asko dira prosamenak:



Eta zuk, zein izen proposatzen duzu? 🙂 Bota zure proposamenak! Besarkara bat guztioi, eta gaurkoz agur esango dizuegu, Hernani aldera goaz eta Txoooootx egitera. POZIK BIZI!


Sagardo denboraldian patrikan eramateko eskuliburua: Txootx!

Sagardo denboraldia ate joka dator. Hernaniko txotx denboraldia igandean hasiko da Gazteako Dida irratsaioko lagunen eskutik, eta La Oreja de Van Goghek irekiko dute, berriz, urtarrilaren 16an, Astigarragako sagardo denboraldia. Hortik aurrera Gipuzkoaldeko sagardotegiek ez dute atsedenik hartuko. Euskararen blog honetako kideok ere sagardo berria dastatzeko asmoa dugunez, sagardotegiko hiztegia dakarkigu gaur gurera. Sagardoaren inguruan dena dakizula uste al duzu? ;.) TXOOOOOOOOOOOOOTX!:-)

Kupelak Sagardotegian. Argazkia: Txinbo

Kupelak Sagardotegian. Argazkia: Txinbo


https://www.youtube.com/watch?v=AgG_k81XD7I

Txotx denboraldirako hiztegia

SAGAR: Sagarrondoaren fruitua, itxura biribileakoa, mami sendokoa eta urtsua, jateko edo sagardoa egiteko erabiltzen dena.

SAGARRONDo: Sagarrak ematen dituen fruta-arbola.

SAGARDO BERRI: Aurtengo sagardoa. Horregatik, “Gure sagardo berria” esanez hasten da sagardotegien denboraldia.

SAGARDO ZAHAR: Iazko sagardoa.

URRE KOLORE: Sagardoaren kolorea.

PITTARRA: Sagardoa eta ura erdibana nahastuta egiten den edari ahula.

MUZTIO: Estututako sagarrak ematen duen zukua, hartzidurak edo irakinaldiak medio sagardoa bilakatuko dena.

SAGARDOTEGIA: . Sagarra sagardo bihurtzeko baliabideak dituenez, sagardoa egiten, dastatzen eta saltzen den lekua.

TXOTX: Sagardotegian txotx garaian kupel bat ireki aurretik sagardogileak ozen botatzen duen deia da.

TXOTXA: Kupelaren aurrean gaudela, probatzeko irekitzen den zuloa ixteko erabiltzen den ziria.

KIZKI: 60 zentimetro inguruko makila, muturrean iltze oker bat duena eta sagastian sagarrak banan-banan lurretik biltzeko erabiltzen dena.

OTARRE: Sagarrak biltzeko erabiltzen den kirtenik gabeko zumezko ontzia.

SAGARRA JOTZE: Eskuz edo mekaniko sagarra lehertzea.

MATXAKA: Sagarra jotzeko makina, sagarra lehertu ahala sagar-patsa askara joaten da.

PRENTSAK EDO PISOIAK: Sagarra jotzeko erabiltzen zen zurezko mailu handia.

PATSA: Sagarra jo ondoren geratzen de sagar txikitua.

DOLARE: Sagardoa ekoizten den eraikina edo lekua.

TXINPARTA. Txotxetik edo botilatik sagardoa edalontzira botatzerakoan ateratzen den gas karbonikoa.

AMA: Sagardoan geratzen den hondarra.

KUPELA: Sagardoa egiteko 1.000 litro baino edukiera handiagoko eduki-ontzia.

BARRIKA: Sagardoa gordetzeko erabiltzen den ontzirik txikiena.

UPATEGIAK: Upelak dauden tokia.

BARRIKOTEA: Neguaren hasieran ospatzen zen afari-jaia, sagardogintzako lanak bukatu ondoren egiten zena.

ZIZARRA: Ondo heldu gabeko sasoi-hasierako sagarrekin egiten den edari gozo lodia.

Badakizu, kontuan izan, eta beharrezko bada, patrikan gordeta eraman hurrengo sagardotegira eskuliburu hau. Eta nola bestela, guztiok dakigun kanta ezagun baten zatitxo batekin agurtzen gara gaurkoan:

Kupela, kupela
sagardoan hotela
kupela, kupela
zaindu ezak horrela.

Hemen Kupela taldeak kantaren inguruan egindako bertsio “modernoa”:


Inauterietan jantzi etxean egindako euskal mozorroa!

Gabonak amaitzear daude eta 2013ari gogo biziz heldu nahi izan diogu euskararen blog honetan. Datorren otsailaren 7an hasi eta hilaren 12ra arte, Euskal Herriko txoko askotan inauteriak ospatuko dira. Gu ere inauteriei begira jarri gara, izan ere, mozorroek hamaika buruhauste ematen dizkigute, eta lana errazte aldera, euskal mozorroak egiteko eskuliburua aurkezten dizugu! Prest?? 🙂

TXATXOAK ETA MIEL OTXIN

Landa giroko jantziak izan behar dute, koloretsuak eta nabarmenak, beraz, etxean topatzen duzun  guztiak balioko dizu zure mozorroa egiteko: gortinak, zakuak, lepokoak, emakume jantziak, kapeluak… Eta behar beharrezkoa! Ondo estali aurpegia, ingurukoek ez ezagutzeko moduan.

Txatxoak daramaten panpina da Miel Otxin, ez da mozorroa, izan ere, egunaren amaiera erre egiten dute.

Txantxoak inauterietan. Argazkia: Dantzan

Txantxoak inauterietan. Argazkia: Dantzan

PERRETZAILEA

Zakuak zaharrak bildu eta eurekin egin dezakezu mozorroa. Gona edo galtzak egiteko aukera duzu, soinean, berriz, jaka edo pontxoak, zuk nahi duzuna, hori bai, beti kapela bat jarri buruan eta estali ondo aurpegia. Behin hori prest duzula, jarri gorputzean zintzilik etxean dituzun lanabes zaharrak, kateak, latak… eta egin zarata kalera irtetzean.

Perretzaileen mozorroa. Argazkia: Ahari Kultur Elkartea

Perretzaileen mozorroa. Argazkia: Ahari Kultur Elkartea

SORGINA

Amonaren jantzi ilunak erabiliz egin dezakezu sorginaren mozorroa. Beste aukera bat baserritar jantzia erabiltzea da arropa ezberdinekin nahastuz: mantala, lepokoa, lumak, hezurrak, gorri koloreko azalak.. Oinetan abarkak jantzi eta hegan egiteko erratza ere garrantzitsuak dira. Beldur itxura handiagoa izateko, margotu aurpegia zuriz eta prest zaude! Izara zuri batekin buruko berezi bat egitea proposatzen dizugu silikona erabiliz. Argazki honetan errazago ikusiko duzu:

Sorginaren mozorroa. Argazkia: Ahari Kultur Elkartea.

Sorginaren mozorroa. Argazkia: Ahari Kultur Elkartea.

MOMOTXORRO

Mozorro honen zailtasun nagusia burukoa da. Janzteko erabili maoizko prakak, zuri koloreko alkandora, abarkak eta odolez zikindutako mantala. Burukoa egiteko beharrezko osagaiak ondorengoak dira: adarrak, saskia, koltxoi zati bat, karoiak, ardi azala, narruzko bi gerriko, sardea eta zintzarria.  Argazkian ikusiko duzu zer nolako itxura hartuko duen zure mozorroak.

Momotxorroa. Argazkia: willwalkonwater1

Momotxorroa. Argazkia: willwalkonwater1

ZIRIPOT

Lortu lau zaku, eta moztu horietako bat erditik. Zaku erdi bat josi beste zaku oso batekin, aurrekaldetik. Jantzi soinean buzo bat eta orkatilak eta eskuak ondo babestu lastorik sartu ez dadin. Zakuari zulo bat egin albo batean eta sartu lastoa, ahal adina. Bi hankak ere lastoz bete. Zakuari burua eta besoak sartzeko zuloak egin. Josteko ordua heldu da! Goiko zatia behekaldekoarekin josi, baina soilik aurrekaldea edo atzekaldea, oraindik lastoa sartzea falta baita. Goiko zatia ere lastoz ondo bete, kalean lurrean zehar ibiltzeko eta minik ez hartzeko. Geratzen dena josi, jarri aurpegia estaltzeko ehun zuri bat, lastozko kapela jantzi buruan, hartu makila eta ia oinez ibiltzeko gai zaren!

Ziripoten mozorroa. Argazkia: Ahari Kultur Taldea

Ziripoten mozorroa. Argazkia: Ahari Kultur Taldea

Horiek guk jantzi ditugun mozorroak. Prest al duzu dagoeneko zurea? Ba azkar ibili, eta badakizu, dirua aurreztu nahi izatera, ez ahaztu zuk ere zure mozorro propioa egin dezakezula.:-) POZIK BIZI ETA BIZI INAUTERIAK EUSKAL GIROAN!