Category Archives: kilometroak

Euskarak eta ilargiak Gales argitu dute urte berria hastearekin batera

Euskara protagonista izan da egunotan non eta Galesen! Bertako ikasle batzuk Ken Zazpi taldearen “ilargia” kantua abestu dute, eta nola ez, Euskal Herri osoan izan du ohiartzuna, baita Euskaldunok Euskaraz orrialdean arrakasta izan du. Ekimen honen nondik norakoak aztertuko ditugu, eta euskal internauta #sexyenak nortzuk diren errepasatuko dugu zuekin guztiokin. Baina aurretik… URTE BERRI ON EUSKALDUN! 🙂

Maiz entzun ditugu etxean, kalean, parrandan…“Zuretzat, ilargia, lapurtuko nuke gauero…”? Eñaut Elorrietaren hitzak. Ba oraingoan Euskal Herritik haratago joan dira hitz horiek, eta Galesko hainbat ikasle Ken Zazpiren “Ilargia” kantua abesten ikusi ditugu aste honetan. Zazpi urte igaro dira kanta hau lehenengoz entzun zenetik, eta orain, Iñaki Pierolari esker, kantua Galeseko gazteen artean entzuten da. “Gezurra ematen du”, esaten zigun Mitte Galdeanok. Endika Cerezak, berriz, “Gexei ga euskaldunak!”, zihoen. Guztiok ere harrituta geratu gara ikusitakoarekin. Euskaldunon ilargiak Gales argitu du; Ainere Ortegak esaten zuen bezala…. “Zelako pasada!”. Hunkigarria, benetan, Iñakik egindako lana. Zorionak!

Euskaldunok ez dugu ospe onik izan ligatzeko orduan, sexy hitza entzuten dugun bakoitzean, ordea, gure bihotzak piztu egiten dira. Euskal Internauta sexyena ezagutzeko asmoz, #sesisesi ekimena aurkeztu genizuen horman. Aurretik Joxe Rojasek sarean inkesta bat abiatu zuen eta bolo-bolo zabaldu zen Twitter bidez.

Hizkuntzarekin jolas egiteko helburuarekin, berriz, Euskarazko Palindromo Lehiaketan parte hartzera gonbidatzen genizuen esteka honekin. Oraindik garaiz zabiltzate, otsailaren 15ean izango baita lanak bidaltzeko azken eguna. Badakizue, euskararekin eta euskaraz ondo pasa nahi izatera, ez galdu aukera!

Eta honekin batera, beste ekimen interesgarri baten berri eman nahi dizuegu. Izan ere, aste honetan Ni Euskalduna-k euskaldunon txokoan parte hartu du eta euren bideobloga eta Facebooka partekatzeaz gainera, gure herrien historia eta sentimenduak konpartitzeko gonbitea luzatzen zigun. Bideo honetangure aiton-amonek kontaturikoa ikus dezakezu”, esaten zigun, eta laster “gure aiton-amonen kanten bideo bat ikusi ahal izango duzue 😉”. Irrikaz gaude ikusteko.Esker mila!

Gabonak euskaraz!

Gabonak egun ederra izaten dira plan ezberdinak egiteko izan lagunekin edo familiarekin. Hori dela eta, eguberriak gerturatzen ari zirela eta hainbat kontu ekarri genituen Euskaldunok Euskaraz orrialdera. Batetik gabon gauean Euskal Kantuen Gaua 2011 ikustea animatzen genizuen, euskal kantuak entzunez, gau ederra pasatzeko.

Bestetik, eta egun hotz eta euritsuetarako, euskarazko filmak online eta doan ikusteko aukera zegoela jakinarazten genizuen. Josune Arestik pozik irakurri zuen albiste hau. “Eskerrikasko informazioagatik. Orokorrean nire ustez Euskarazko filmak oso ondo eginak daude eta nik behintzat gustuko ditut”, esaten zuen. “Izarren Argia”, “Aupa Etxebeste” edo “Kutsidazu bidea, Isabel” bezalako pelikulak aipatzen zituen. Badakizue, horiek eta beste asko ikusgai dituzuela.

Eta bi hitzordu musikal. Iparraldeko kantuak gustuko dituenarentzat, Baionatik Bilbora jaialdia ikusteko deia egiten genuen. Gainera, Xabier Lete Gogoan kantaldia online ikusteko aukera eskaintzen genizuen, bertara joaterik izan ez duenarentzat. “Benetan handixe zinen eta zara Xabier. Gogoan zaitugu.”, zihoen Unai Agirrek euskaldunon horman.

Santiago Gangoitiak eta Josune Arestik ere gurean parte dute  Urte Berri On esanez. Atzo kontatzen genizuen bezala, 2012rako asmo bat dugu, Euskaldunon Euskaraz Facebooka handiatzea eta nola ez, euskara sustatzea. Korrika 17k ere, euren orrialdea partekatzeaz gain, gauza bera eskatzen zion urte berriari; “Euskara ikasten, maitatzen, erabiltzen duten EUSKALAKARIak gure orrialdean elkartzea”. Eta Ugaitz Iturberen hitzek, agur esango diogu gaurko postari: “Astindu mingaina euskalakari!!!”. Pozik bizi! 🙂

Euskararen inguruko bloga estreinatu dugu “Klik” eginez!

Ikasturte berriarekin batera, Euskara eta honen inguruko berriak jorratuko dituen blog berri batekin gatoz, eta hori, nola ez, oso berri pozgarria da. Aurrerantzean, beraz, Euskaldunok Euskaraz Facebookeko orrialdean aipatutako albisteak, hitzorduak, eta beste zenbait kontu bilduko ditugu blog honetan. Goazen denok elkarrekin, euskararen inguruko jakintza partekatzera eta Euskara goraipatzera!

Igandean, urriaren 2an ospatu zen Euskararen aldeko jai handiaz hitz egiten hasiko dugu lehendabiziko laburpena. Azpeitia izan zuen topaleku 2011ko Gipuzkoako Ikastolen jaiak, eta Ikasberri Ikastolak antolatutako hitzordu honetara jende aunitz hurbildu zen Euskarari Klik bat egiteko asmoz. Aurretik, ordea, Kilometroak 2011ko abestia, “Klik” aurkezten genizuen horman, motorrak berotzen joateko. Egin “Klik” eta gozatu bideoaz!

Aste honetan, gainera, proiektu zoragarri baten berri ematen genizuen Facebookeko orrialdean, Baionatik Bilbora proiektuaren berri, hain zuzen ere, Iparraldeko 700 kanta sarean jartzeko eta ezagutzera emateko ekimen ederra. Urte askotarako!

Bertsolaritzak ere badu bere txokoa gure gizartean. Bertsoen mundua gustuko baduzu, bertsolariak ezagutu nahi badituzu, edo bertsolaritzaren nondik norakoetan sakondu nahi baduzu, hainbat bide dituzu. Batetik, Gpuntua izeneko Facebookeko horman Gipuzkoako Bertsolarien Txapelketako kontuak jarraitu ahal izango dituzu, bestetik, Aiziak biali du blogean ere bertsolaritzaren inguruko artikulu interesgarriak irakurri ahal izango dituzu eta amaitzeko, Xabier Sukia esatariak gidatzen duen Euskadi Irratiko “Hitza Jolas” irratsaioan bertsolariei elkarrizketak, aspaldiko bertsoak eta beste hamaika kontu entzun ahal izango dituzu igandero, arratsaldeko 14:00etatik aurrera.

Amaitzeko, eta teknologien munduan murgilduta gauden honetan, Sakelakoentzako euskarazko teklatu “inteligentea” kaleratu zutela kontatzen genuen horman. Ideia, 2011ko nonick-en sortu zen, eitb.com-ek eta Eusko Jaurlaritzak Interneteko joerei buruz antolatutako nazioarteko biltzarrean, hain zuzen ere, eta sakelakoen teklatuetan idaztean hitz baten amaiera eta hitz horren osteko hurrengoa izan daitekeena iragartzen du, euskaraz.

Ikusten duzuen moduan, euskarak ere badu zeresana teknologia berrietan, eta baita beste zenbait alorretan ere. Hori dela medio, hemendik aurrera euskararen inguruko edozein gai interesgarri, hitzordu garrantzitsu edo lotura aipagarri ikusten baduzu, ez izan zalantzarik, eta eskegi gure Facebookeko horman. Denon arten euskara eta honen inguruko jakintza zabalduko dugu. “Aitorren Hizkuntza Zaharra” kanta herrikoiaren zati txiki batekin, gaurkoz agur esateko ordua heldu da. Segi ondo!

Gora euskara maitea
zoragarriena
euskalduen artean
maitagarriena.
Munduan sortu zanik
hikuntzik zaharrena,
gora ta gora euskaldunak
eta gure euskara.