Monthly Archives: May 2016

Ekin euskarari Getxoko Berbodromoan

Berbodromoa euskaldunen topagunea izango da ostegun honetan (maiatzak 5) Getxon. Ekimen berezi honen helburuak honako hauek dira: euskara kaleratzea eta euskararen erabilera indartzea. Azken finean, euskaraz hitz egiteko gunea irekiko dute; euskara ikasten ari dena euskaraz hitz egitera animatzeko eta, euskaraz jakin arren, euskaraz aritzeko aukera gutxi duenari praktikatzeko parada eskaintzeko, besteak beste. Hori guztia, jai-giro paregabean. Euskararen blog honetan kontatuko dizkizuegu xehetasunak.

Egitarauari dagokionez, 09:15ean eta 11:00etan Areetako Eskoletako plazan egingo dituzte jarduerak; 19:00etan, berriz, Romoko poteo gunean. Aulkiak egongo dira taldeak egiteko eta zenbakiekin zehaztuko dituzte taldeak. Talde bakoitzean bost pertsona egongo dira, dinamizatzailea eta lau lagun, berriketa lasaian. Taldeetan euskara ikasten ari den jendea euskara dakien jendearekin elkartuko dugu eta interes orokorreko hiru gairi buruz berba egingo dugu.

Getxoko Berbodromoa 2016

Getxoko Berbodromoa 2016

Hiru gai izango ditu jendeak mintzagai ordubeteko tartean. Gai bakoitzarentzat 15 minutu izango dira eta gai baten eta bestearen artean, parte-hartzaileak mahaiz mugituko dira, mintzakidez ere aldatuz.

Ekimen paregabea, ezta? Badakizue, hortaz, ekin euskarari Getxoko Berbodromoan eta ondo pasa!