Category Archives: blogak

Euskal blogintza neurtzeko inkesta bat

Azkue Fundazioak euskal blogintzaren egoeraren azterketa egin du eta, azken urteetan alor honetan ikerketa edo analisi sakonik egin ez dela ohartuta, euskal blogintzaren inguruko inkesta publikoa sortu du.

Edonork bete dezakeen inkesta da eta horren helburua, euskarazko blogen inguruko datu baliagarriak lortzea da: kopurua, nola kudeatzen diren, zein baliabide erabiltzen dituzten…

Inkesta honen emaitzak publikoak izango dira eta Azkue Fundazioak partekatu egingo ditu, erakundeak agiri batean azaldu duenez.

Inkesta honelako galderei erantzuten saiatuko da: Zenbat blog daude euskaraz idatzita? Zein gai eta arlo lantzen dira? Zenbat blogari euskaldun daude? Nola daude garatuta? Etekinik sortzen dute? Eta kontsumitzailearen ikuspegitik, nahikoa da blog horiekin? Irakurleen beharrak asetzen dituzte blog horiek? Zein gai gustatuko litzaieke irakurleei euskaraz landuta izatea?

Emaitzen aurkezpena ‘Blogetan! Euskal blogariak lehian’ sari banaketa ekitaldiaren egunean egingo du Azkue Fundazioak. Egun horretan euskal blogintzaren inguruko jardunaldia burutuko du ekitaldi horren barruan. Jardunaldia martxoaren 30ean izango da Euskararen Etxean.

#euskomadonna, euskal tuitlarien inspirazio iturri

Apirila erdialdean jakin genuen Kalakan talde euskaldunak Madonnarekin kolaboratuko zuela eta… hara! Iragan astean entseguen lehendabiziko irudiak ikusi genituen, poparen erregina “Sagarra jo” kantua abesten

Madonnaren euskal ikuskizuna egi bihurtu da, eta horrek, nola bestela,  euskal tuitlarien jarioa eragin du. #euskomadonna hasthg-a erabiliz, tuit ugari topatu ditugu, eta horietariko batzuk biltzeari ekin diogu:

Andoni Lizeaga (@lizeaga) #euskomadonna , Ahetzen egona, boltsiko sakona, hori ez da broma, kantzeari utzi ta igoko al du gona…kantzeari utzi ta igoko al du gonaaaa

Katixa Agirre (@katixagirre) Madonna Arabako euskalkia berreskuratzearen alde agertu da #euskomadonna

Ricardo Gómez (@FiloBlogia) Madonnak izen artistikoa aldatuko du eta Begoñako Amatxu jarriko #euskomadonna

Txapis Otaegi (@Txapisotegi) Madonnak “la isla bonita“ Santa Klara uharteri buruzkoa zela esan du #euskomadonna

Urtzi Urkizu (@urtziurkizu) Madonna bakearen alde dago, baina komando bat sortzekotan egon zen Erentxun-Montero Lau teilatu kantatzen entzun zituenean. #euskomadonna

Leire (@txargain) Etxepare institutua oso haserre MAdonnarekin ez duelako euren iritzia eskatu kantuaren performancea egiteko orduan #euskomadonna

Goio Arana (@goioarana) #euskomadonna k, Arantzazuko Ama gogoan, Like amabirgin.

Maialen Unanue (@m_unanue) Madonna “Euskote” aurkeztekotan dabil, Eusko OT #hitzokei #euskomadonna

Madonnak Euskal Herrian pasa zituen iazko oporrak, Lapurdiko Getaria herrian. Ipar Euskal Herriko Kalakan taldea ikusi eta txundituta gelditu zen euskal doinuekin. Madonnaren txapela tendentzia izango al da mundu mailan?

Madonna txapelarekin. Argazkia: Youtube

Madonna txapelarekin. Argazkia: Youtube

Euskarak eta ilargiak Gales argitu dute urte berria hastearekin batera

Euskara protagonista izan da egunotan non eta Galesen! Bertako ikasle batzuk Ken Zazpi taldearen “ilargia” kantua abestu dute, eta nola ez, Euskal Herri osoan izan du ohiartzuna, baita Euskaldunok Euskaraz orrialdean arrakasta izan du. Ekimen honen nondik norakoak aztertuko ditugu, eta euskal internauta #sexyenak nortzuk diren errepasatuko dugu zuekin guztiokin. Baina aurretik… URTE BERRI ON EUSKALDUN! 🙂

Maiz entzun ditugu etxean, kalean, parrandan…“Zuretzat, ilargia, lapurtuko nuke gauero…”? Eñaut Elorrietaren hitzak. Ba oraingoan Euskal Herritik haratago joan dira hitz horiek, eta Galesko hainbat ikasle Ken Zazpiren “Ilargia” kantua abesten ikusi ditugu aste honetan. Zazpi urte igaro dira kanta hau lehenengoz entzun zenetik, eta orain, Iñaki Pierolari esker, kantua Galeseko gazteen artean entzuten da. “Gezurra ematen du”, esaten zigun Mitte Galdeanok. Endika Cerezak, berriz, “Gexei ga euskaldunak!”, zihoen. Guztiok ere harrituta geratu gara ikusitakoarekin. Euskaldunon ilargiak Gales argitu du; Ainere Ortegak esaten zuen bezala…. “Zelako pasada!”. Hunkigarria, benetan, Iñakik egindako lana. Zorionak!

Euskaldunok ez dugu ospe onik izan ligatzeko orduan, sexy hitza entzuten dugun bakoitzean, ordea, gure bihotzak piztu egiten dira. Euskal Internauta sexyena ezagutzeko asmoz, #sesisesi ekimena aurkeztu genizuen horman. Aurretik Joxe Rojasek sarean inkesta bat abiatu zuen eta bolo-bolo zabaldu zen Twitter bidez.

Hizkuntzarekin jolas egiteko helburuarekin, berriz, Euskarazko Palindromo Lehiaketan parte hartzera gonbidatzen genizuen esteka honekin. Oraindik garaiz zabiltzate, otsailaren 15ean izango baita lanak bidaltzeko azken eguna. Badakizue, euskararekin eta euskaraz ondo pasa nahi izatera, ez galdu aukera!

Eta honekin batera, beste ekimen interesgarri baten berri eman nahi dizuegu. Izan ere, aste honetan Ni Euskalduna-k euskaldunon txokoan parte hartu du eta euren bideobloga eta Facebooka partekatzeaz gainera, gure herrien historia eta sentimenduak konpartitzeko gonbitea luzatzen zigun. Bideo honetangure aiton-amonek kontaturikoa ikus dezakezu”, esaten zigun, eta laster “gure aiton-amonen kanten bideo bat ikusi ahal izango duzue 😉”. Irrikaz gaude ikusteko.Esker mila!

Gabonak euskaraz!

Gabonak egun ederra izaten dira plan ezberdinak egiteko izan lagunekin edo familiarekin. Hori dela eta, eguberriak gerturatzen ari zirela eta hainbat kontu ekarri genituen Euskaldunok Euskaraz orrialdera. Batetik gabon gauean Euskal Kantuen Gaua 2011 ikustea animatzen genizuen, euskal kantuak entzunez, gau ederra pasatzeko.

Bestetik, eta egun hotz eta euritsuetarako, euskarazko filmak online eta doan ikusteko aukera zegoela jakinarazten genizuen. Josune Arestik pozik irakurri zuen albiste hau. “Eskerrikasko informazioagatik. Orokorrean nire ustez Euskarazko filmak oso ondo eginak daude eta nik behintzat gustuko ditut”, esaten zuen. “Izarren Argia”, “Aupa Etxebeste” edo “Kutsidazu bidea, Isabel” bezalako pelikulak aipatzen zituen. Badakizue, horiek eta beste asko ikusgai dituzuela.

Eta bi hitzordu musikal. Iparraldeko kantuak gustuko dituenarentzat, Baionatik Bilbora jaialdia ikusteko deia egiten genuen. Gainera, Xabier Lete Gogoan kantaldia online ikusteko aukera eskaintzen genizuen, bertara joaterik izan ez duenarentzat. “Benetan handixe zinen eta zara Xabier. Gogoan zaitugu.”, zihoen Unai Agirrek euskaldunon horman.

Santiago Gangoitiak eta Josune Arestik ere gurean parte dute  Urte Berri On esanez. Atzo kontatzen genizuen bezala, 2012rako asmo bat dugu, Euskaldunon Euskaraz Facebooka handiatzea eta nola ez, euskara sustatzea. Korrika 17k ere, euren orrialdea partekatzeaz gain, gauza bera eskatzen zion urte berriari; “Euskara ikasten, maitatzen, erabiltzen duten EUSKALAKARIak gure orrialdean elkartzea”. Eta Ugaitz Iturberen hitzek, agur esango diogu gaurko postari: “Astindu mingaina euskalakari!!!”. Pozik bizi! 🙂

Sare sozialak euskaraz? horra erronka, euskaldunok euskaraz!

Gazteek sare sozialetan euskarari ematen dioten erabilera aztertuko dugu gaurkoan, eta Facebookeko orrialdean dugun erronka errepasatzeaz gainera, larunbatean Irunen egingo den Hitz Gurutzatuen Txapelketaren berri ere emango dugu. Hori guztia euskara maitatu, euskara ikasi eta euskara goraipatzeko helburuarekin. Bidean gurekin etorriko al zarete? 🙂

Behin eta berriro entzuten dugu sare sozialak geroz eta leku handiagoa hartzen ari direla gure gizartean, batez ere gazteen artean. Euskal gaztediak ere maiz erabiltzen ditu erreminta berri horiek baina…  Zer nolako erabilera ematen diote? ETB-1eko “Arratsaldero” saioan, honi erantzuna ematen saiatu dira. Eta iritziak? Denetarikoak! Erreparatu irudiei eta egin zuek ere gogoeta gai honen aurreran:

Larunbatean euskaldunok hitzordua dugu Irunen, izan ere, Ola Sagardotegian Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa egingo da. Atzo, azaroak 23,  zenuten izena emateko azken eguna. Ekitaldi honen xedea euskara aberastea da beraz, arrakasta izatea espero dugu euskara bihotzean eramaten dugun guztiok.

Txikia izanagatik ere, euskarak bere txokoa du, beste zenbait hikuntza txikik bezalaxe, eta hori dela eta, datorren azaroaren 30ean, euskarak harrera egingo die hainbat hizkuntza gutxituri MinoriTB jardunaldien  baitan EITBren egoitzan. Bertan egon nahi izatera, idatzi minoritb@eitb.com helbidera eta eman zure izen abizenak. Animatzen?

Erronka, puri –purian

Iragan astean 10.00 lagun Euskaldunok Euskaraz komunitatean biltzeko erronka bero-bero zegoela kontatzen genizuen, eta blogera esteka partekatu bezain pronto, zuek, euskaldunok, hartu zenuten hitza. Gorka Askatasuna euskaldun berria da, eta gure orrialdean interesaturik, ia testuak gazteleraz jartzerik genuen galdetzen zigun. Euskararen txokoa denez, ezinezkoa zela erantzun bagenion ere, gure albisteak irakurtzera animatzen genuen, horrela, apurka-apurka hizkuntza gehiago menderatzeko. Izugarria da jendeak euskara ikasteko egiten duen esfortzuar, eta izugarri pozten gara, baita Gontzal Sierra ere, izan ere, esteka hau uzten zion Gorkari pixkanaka aurrera egin dezan. Juan Villanuebak, berriz, Euskararen Egunean zein kontzertu izango ziren galdetzen zuen horman, eta Gasteizen abenduaren 3an izango ziren taldeen berri ematen genion.

Baina horiek ez dira 10.000 lagunetara helduko garela dioten bakarrak. Josune Arestik, esaterako, kantuan animatzen gintuen: “Guk Euskaraz, Zuk Zergatik ez?”. Urkoren abesti horrek gu ere animatu gintuen, eta Etxe abeslariak egindako kanta horren bertsioa iruditan uzten genuen. Markel Del Riok ere ez zuen zalantzan jartzen erronka lortzearena: “noski lortuko dugula,eta 10.000 ez.15.000 gutxienez!!”.

Duela pare bat aste eta Euskararen Nazioarteko Egunari begira, euskararen ginkana sarean zela kontatzen genizuen eta Kutxa Ekoguneak aste honetan gurean parte hartu du eta ondorengo galdera bota digu: “Irakurtzea asko maite duzu, baina ba al dakizu zein den euskaraz idatzitako libururik zaharrena? Eman erantzuna www.euskararenginkana.net helbidean!”. Ba al dakizue? Guk horman ere esaten genizuen bagenekiela.. eta dagoeneko hartu dugu parte, ia globoan hegaldia lortzen dugun. Zuetakoren bati egokituz gero, kontatu zer moduzko esperientzia izan den!!

Euskararen eguna geroz eta hurbilago dago eta ari gara gure koadrila handitzen Euskaldunok Euskaraz Facebookeko orrialdean. Oraindik “Gustuko dut” botoiari eman ez dion norbait ezagutzen baduzu, badakizu!! Euskaldun guztiok egon behar dugu txoko honetan. Jarraitu geure hizkuntzaren inguruko kontuak hemen partekatzen, guk zuek kontatutakoak Euskaren blog honetan bilduko ditugu eta. Josunek utzitako kantuaren lehendabiziko hitzekin, agur esango dizuegu gaurkoz. Euskara putzu sakon eta ilun bat zen,eta zuek denok ur gazi bat atera zenuten…handik… nekez….Guk Euskaraz… Zuk Zergatik ez? Badakizue, Euskaraz bizi!! 🙂

Euskarak izango al ditu 10.000 lagun Facebooken? Erronka bero dago

Euskararen Eguna ate joka daukagu eta eguna mundiala izatea nahi dugu. Hori dela eta, Facebookeko orrialdean erronka abiatu genuen duela aste batzuk. Dagoeneko ba al zara Euskaldunok Euskaraz orrialdearen lagun? Abenduaren 3an izango ditugun kontzertuez gainera, euskararen inguruko beste hainbat konturi errepasoa egingo diegu gaurkoan. Goazen, bada, laburpenarekin! 🙂

Euskaldunon eta Euskararen txokoak ez du arnasarik hartzen, eta euskararen inguruko jakintza aditzera emateaz gainera, egunotan erronka ederra daukagu martxan, datorren abenduaren 3rako, 10.000 lagunek euskaldunok euskaraz orrialdea gustuko izatea. Horren aurrean, zuetariko askok horman parte hartu duzue eta erronka lortuko dugula aipatzen zenuten. Joxemari Carrere, esaterako, erronkatik haratago joan: “10.000 bakarrik? Gu Roberto Carlos kantari brasildarra baino gutxiago ez gara izango, badakizue: “Yo quiero tener un millón de amigos…” Hark lortu bazuen… guk 2 milioi, edo gehiago!!!”. Ohiana Prietok, Iker Iturriegik, Gurutzeta Sorondok eta Izaskun Kortazarrek ere lortuko dugula uste dut, eta Imanol Ibaigorriagak, berriz, hitz eder hauek uzten zituen euskararen txokoan: “Berbetan, eskribiduten, esateko eran, nazena naz euskaraz, besarkada bat danoi”. Besarkada handi bat zuri ere, baita gugan sinestu duzuen guztioi ere!

Eta ez gara aspertuko Euskaren Eguna mundiala izango dela esaten. Gaztea irratiak ere orrialdean parte hartzen zuen eta, datorren abenduaren 3an, Euskararen Eguna dela eta, Gasteizko Mendizorrotza Kiroldegian hainbat kontzertu izango direla kontatzen zigun. Gogora ekartzen zuen, gainera, “Euskaldunok euskaraz orrian erronka dutela eta abenduaren 3rako 10.000 lagun izatea nahi dutela. Lortuko al dute?”. Lortuko ez dugu ba! Zuen laguntzarekin, hori eta gehiago lortuko dugu, ziur. Gatibu, EH Sukarra, Kerobia eta Hesian taldeak izango dira Euskararen Eguneko giroa berotuko duten taldeak.

Euskara telebistan eta teknologia berrietan

Teknologia berrien presentzia geroz eta handiagoa da euskal gizartean, eta euskarak ere badu bere txokoa mundu honetan. Iragan ostiralean euskarak Facebookean proba-garaia gainditu zuela kontatzen genizuen. Aurrerantzean, beraz, Facebook sare sozialak eskaintzen dituen tresna guzti-guztiak dagoeneko euskaraz ditugu!

Hau guztiaz gainera, eta teknologia berrietan euskara areagotzeko asmoz, igande honetan, azaroak 20, hauteskunde gaua euskal blogariekin pasatzeko gonbitea luzatzen genizuen. Hirugarren hitzordua da hau, duela bi urte pasatxo hauteskunde autonomikoetan egin baitzen lehenengoz baita azken udal eta foru hauteskundeetan ere, bigarrengoz. Animatzen al zara 2011ko hauteskunde orokorrak euskal blogariekin igarotzera? Gainera, Txio zerbitzua probatzeko aukera izango da, hitzordu ezberdinak sare sozialen bitartez jarraitu ahal izateko zerbitzu berria.

Eta sare sozialetatik telebistara egingo dugu saltoa, izan ere, astelehen honetan Mihiluze saioak, euskararekin jolas egiten duen saio honek, denboraldiko lehen sari potoloa banatu zuten eta, hala, Aitor eta Iñigok 22.815 euroko saria irabazi zuten. Aupa bikote, zorionak, eta segi euskaraz jolasean!

Eta amaitzeko, bertsolaritza gustuko dutenentzat aipamena. Pasa den igandean Hitzetik Hortzera ETB-1eko saioa eskaini zen telebistan. G Puntua eta Sarako bertso afaria izan zituen protagonista, eta EiTB Nahieran saioa oso osorik ikusteko aukera eskaintzen genizuen. Ikusi al duzue? Benetan merezi du!!

Eta honekin gaurkoz amaiera emango diogu laburpentxoari. Badakizu, euskaldun, hauxe da zure txokoa. Partekatu euskararen inguruko albisteak, hitzorduak, argazkiak… Guk zuek esandakoak Euskararen blog honetan bilduko ditugu. Eta ez ahaztu, egin euskaraz! Muxu potolo bat guztioi eta laster arte! Pozik bizi! 🙂

Euskal blogariei gonbidapena hauteskunde gaua eitb.com-ekin igarotzeko

Beste behin, eitb.com-ek euskal blogariei hauteskunde gaua Bilboko EITBren egoitzan pasatzeko gonbitea luzatzen die. Hitzordua lehenengoz hauteskunde autonomikoetan egin zen duela bi urte pasatxo, baita ondoren udal eta foru hauteskundeetan ere. Oraingoan ere, 2011ko Hauteskunde Orokorrak blogariekin igarotzeko deia luzatzen dute.

EITBko egoitzan euskal blogariak 2011ko Foru eta Udal Hauteskundeak jarraitzen. Argazkia: M. Agirregabiria

EITBko egoitzan euskal blogariak 2011ko Foru eta Udal Hauteskundeak jarraitzen. Argazkia: M. Agirregabiria

Gonbidapen hau interesatuta dagoen pertsona orori bidaltzeko askatasun osoa duzuela jakinarazi nahi dizuegu. Aurreneko urtean dozena bat pertsona bildu ginen eta bigarrengoan, berriz, kopurua bikoiztu egin zen. Ia datorren honetan ere kopuru hori areagotzen den. 😉

Hitzorduan parte hartzeko Lontzo Sainz eitb.comeko kidearekin harremanetan jarri eta norberak bere datuak bidali beharko dizkio helbide honetara: sainz_lontzo abildua eitb.com. Twiterreko erabiltzailea ere utzi beharko duzue.

Txio-ren aurkezpena

Norberaren Twitter erabiltzailea eskatzeak arrazoi gehigarri bat du. Izan ere, bertara hurbiltzen direnek Txio zerbitzu berria probatzeko aukera izango dute eta hala eitb.com-ek Codesyntax enpresa gipuzkoarraren bitartez abian jartzen dituen hitzordu ezberdinak sare sozialen bitartez jarraitu ahal izango dituzte.

Frantziako Tourrarekin egin zen lehendabiziko saiakera eta harrezkero zerbitzua hobetu eta zabaldu egin da, edozein hitzordutan eta egunero erabili ahal izateko.

Web orrian ere ikusteko aukera izango bada ere, hitzorduan parte hartzen duten erabiltzaileek informazioa eskura izango dute. 😉