Tag Archives: athletic

Kiroletan ere… euskaraz!

Kirola euskaraz egiteak duen garrantziaz jardun da Kike Amonarriz aste honetako ‘Tribuaren Berbak’ saioko “Kirol Lehian” atalean. Kirolak integrazioa bultzatzen du, eta gauza jakina da koordinazioa eta psikomotrizitatea ere hobetzen dituela. Osasuntsua ere bada, eta euskaraz praktikatuz gero, gainera, gure hizkuntza sano biziberrituko da.

Ume bakoitzak bere bilakaera du. Batzuk bederatzi hilabeteekin korrika ibiltzen dira, eta beste batzuek 18 hilabete beharko dituzte bere lehen urratsak emateko. Hori bai, azkenean, den-denek oinez egingo dute. Ibiltzearekin nahikoa izan ez, eta parkourra edota antzeko mugimenduen jarraitzaileak gero eta ugariagoak dira. Hauek aurrean aurkitzen dituzten oztopoak gorputzak eskaintzen dizkien abileziekin gainditzea dute helburu.

Kirolak integrazioa bultzatzea, lotsa eta indibidualismoa gainditzea eta koordinazioa eta psikomotrizitatea hobetzea ahalbidetzen du. Kike Amonarrizek kirolariekin eta hezitzaileekin hitz egin du, gaiaren gainean gehiago jakiteko helburuarekin.

Igor Arenaza Aretxabaletako kirol elkarteko zuzendaria

Igor Arenaza Aretxabaletako kirol elkarteko zuzendaria

Aretxabaletako ikastolako futbol zelaian hasi du Kike Amonarrizek saioa, eta bertan, Igor Arenaza UDAko kirol zuzendariarekin izan da. Gaztetxoen artean euskara bultzatzeko orduan, begiraleek zein hezitzaileek duten garrantziaz aritu dira. Eskolaz kanpoko kirolak gero eta ugariagoak dira, eta kalitate maila igo behar dela uste du Arenazak. Formakuntza euskaraz egitea ezinbestekoa ikusten du, eta ingurukoek euskaraz egiteak haurrengan daukan eragina azpimarratu du Igorrek.
Gainera, Aretxabaletak Eskuak proiektua ipini du martxan. Errespetua Sustatzeko Kirola Ulertuz esan nahi du ekimenak, eta horren bitartez motibazioa eta ilusioa areagotu nahi da, zeharka landu daitezkeen baloreak aprobetxatuz.

Ondoren, Maider Unda, Leire Olaberria, Gaizka Garitano eta Matxalen Ziarsolorekin hizketan izan da Kike, eta euskarak euren kirol jardueran duen presentziari buruz galdetu die.

Maider Unda, Gaizka Garitano, Leire Olaberria eta Matxalen Ziarsolo

Maider Unda, Gaizka Garitano, Leire Olaberria eta Matxalen Ziarsolo

Maider Undak Olinpiar Jokoetan brontzezko domina lortzeko asko borrokatu zuela aitortu du, baina euskaraz bizitzeko ere esfortzu handia egin behar izan duela baieztatu du. Euskara egunerokoan hurbil dauka, baina kanpoan ez duela egiten esan du, normalean euskaldun bakarra delako.

Gaizka Garitano Eibarko entrenatzaileak ondo ezagutzen ditu Athleticeko, Realeko, Alaveseko eta Eibarko aldagelak, hori dela eta, futbol taldeetan euskarak duen lekuari buruz aritu da. Euskaldunon hizkuntza eguneroko tresna dela baieztatu du, eta horrek eragiten duen harrotasuna nabarmendu nahi izan du jokalari ohiak.

Leire Olaberria txirrindulariak ingelesa erabiltzen du normalean, baina euskaraz baliatzen da euskal selekzioarekin. Matxalen Ziarsolo Bera-Berako jokalariak, ordea, euskaraz bizi dela azaldu du, eta kontatu du taldeko atzerriko jokalariak hitz batzuk ikasten ari direla.

Abel Barriola pilotaria

Abel Barriola pilotaria

Euskarak munduan barrena hainbat hitz zabaldu ditu, eta kirolaren munduan “Jai Alai” izan daiteke zabalduena. Frantzian, Espainian, Estatu Batuetan, Mexikon eta Filipinetan, batik bat, zesta punta “Jai Alai” izenez baita ezaguna. Kirolari profesionalak eredu dira askorentzat, baita hizkuntza kontuetan ere. Hori dela eta, Leitzako pilotalekura jo du Kikek, eta Abel Barriola pilotariarekin bildu da kirolari ezagunek euskaraz hitz egiteak duen eraginaz solasean.
Abelen ustez telebistan egiten dena eragin zuzena dauka gazteetan. Eurentzako eredugarriak diren pertsonen ohiturak errepikatzen dituzte, eta hizkuntza ohitura horien artean dagoela esan du. Izan ere, aitortu du pilotan hitz tekniko asko erdaratik datozela, eta apustuak ere gaztelaniaz egiten direla kirola Euskal Herritik kanpo jokatzen delako, eta negozioa ulertu behar delako.

Jose Angel Iribar

Jose Angel Iribar

Jose Angel Iribarrek Athleticen 18 denboraldi, eta 614 partidu jokatu zituen. Gaur egun Athleticekin partidu gehien jokatu dituen jokalaria da. Hala ere, askok 1976 urtean Atotxako zelaira ikurrinarekin ateratzeagatik izango dute gogoan. ‘Kirolkidea’ kirol hiztegiaren bultzatzaile nagusia izan zela, ordea, jende gutxik daki.
Iribarrek adierazi du hiztegia hutsuneak betetzeko bultzatu zuela. Garai hartan tarte izugarriak ikusten zituen kirol munduan, eta bere ibilbide profesionalaren amaiera zela aprobetxatuz zeozer itzuli nahi izan zion kirolari.
Momentu horretan dena gaztelaniaz eta ingelesaz bazen ere, Iribarrek aitortu du egoera asko aldatu dela, eta euskararen presentzia areagotu egin dela Lezaman eta klubean. Gero eta gehiago entzuten da zelai barruan eta kanpoan, baina erabilpenean oraindik lana dago egiteke.

Arritxu Iribar Euskadi Irratiko kazetaria

Arritxu Iribar Euskadi Irratiko kazetaria

Lezamatik Anoetara joan da Kike Amonarriz, eta Arritxu Iribar Euskadi Irratiko kazetariarekin gauzak zenbat aldatu diren izan dute hizpide. Izan ere, futbolean zein beste kiroletan euskararen erabilerak bilakaera handia izan duela baieztatu du esatariak. Kazetaritzan aldaketa hori asko nabaritu da, garai batean herri kirolak bezalako modalitateetan bakarrik erabiltzen zelako euskara. Iribarren ustez asko igartzen dira eman diren urratsak, eta nabarmendu nahi izan du profesionalek txapelketa garrantzitsuetan euskaraz eskerrak emateko detaileak daukan eragina.

Kike, Harrikada Curling Taldeko kideekin

Kike, Harrikada Curling Taldeko kideekin

Curling-a eskoziar jatorriko kirola da, eta izotz gainean praktikatzen den petanka antzekoa dela esan daiteke. Baina petanka ez bezala curling-a kirol olinpikoa da, eta Gasteizen ere, zale anitz ditu. Kike Harrikada Curling Taldeko kideen entrenamenduan izan da, euskaraz edozein kirol praktika daitekeela erakusteko. Itzulpen erraza daukaten hitz batzuk erabiltzen badituzte ere, terminologia aldetik dena egin behar dutela aitortu dute jokalariek.

Gaur egun, kirol bitxi asko daude: urpeko errugbia, bizi-poloa, jugger izeneko kirola, burbuila futbola… Azkenean berdin du zer kirol aukeratzen dugun, kontua ondo pasatzea da, eta euskaraz bada… hobeto.
Ondo izan eta hobeto bizi!
Programa osoa ikusi nahi baduzu, hemen duzu:

Euskara darabilten Twitter kontu jendetsuenen top zerrenda

Handitzen ari da euskaldunon presentzia Twitterren. Duela hilabete batzuk euskaraz gehien tuiteatzen dutenen zerrenda egin genuen eta, gaur, euskara hutsean aritzen diren Twitter konturik jendetsuenen top zerrenda propioa osatu dugu. Ezagutzen al duzu hauek baino jarraitzaile gehiago dituzten eta euskaraz soilik txiokatzen duten Twitter konturik? Lagundu gure zerrendatxoa osatzen! 🙂

Twitterren ere euskaraz. Argazkia: Twitter

Twitterren ere euskaraz. Argazkia: eskola20.euskadi.net

Zeintzuk dira euskaraz soilik txiokatzen duten eta jarraitzaile gehien dituzten Twitter kontuak?


1go postuan

Athletic_eus 14.722 jarraitzaile

Azken txioa:

“Besarkada handi bat bidali nahi diogu @ruizdegal8 (Íñigo Ruiz de Galarretari) ebakuntzatik lehenbailehen osatu dadin. Animo!!”

2. postuan

Berria 13.123 jarraitzaile

Azken txioa:

Irujo: “Igandean jokatuko dut eta gripea ez da aitzakia izango” http://bit.ly/QcTGCD

3. postuan

Gaztea 12.494 jarraitzaile

Azken txioa:

#GAZTEA Dena prest Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokari hasiera emateko http://ow.ly/fv6gG

4. postuan

Argia: 6.011 jarraitzaile

Azken txioa:

Denbora http://bit.ly/10zrgET Herrira mugimenduak urtarrilaren 12ko manifestazioari begira sareratu duen film laburra

5. postuan

EsaldiakEuskara 5.167 jarraitzaile

Azken txioa:

Mundu honek ez malkoren beharrik…

6. postuan

Sustatu: 4.187 jarraitzaile

Azken txioa:

Zuzenean une honetan streaming bidez. “Nagore Guarretxena (Akting) bosgarren Betor hitzaldian” http://www.codesyntax.com/eu/bloga/nagore-guarretxena-bosgarren-betor-hitzaldian … #codesyntax

7. postuan

Euskal Herrian Euskaraz:  3.556 jarraitzaile

Azken txioa:

Euskaraz bizi gaitezen, aska ditzagun kateak!, Arrasateko EHEren oharra http://ow.ly/fuNn3

8. postuan

Euskadi_irratia 3.524 jarraitzaile

Azken txioa:

Musikatea, azaroaren 22ko kantak http://dlvr.it/2WnrSV #irratia

9. postuan

eitbcomBerriak: 3.096 jarraitzaile

Azken txioa:

Emakumea eta 50 urte baino gehiagokoa, EAEko boluntarioen profila http://bit.ly/UMcZiO

10. postuan

Bai euskarari: 2532 jarraitzaile

Azken txioa:

Hilaren 28an, @ARTIUMVitoria museoan, mintzodromoak http://ow.ly/fsMsZ #UrratsBiziak #Gasteiz -en

Iñaki erabiltzaileak jakinarazi digunez:  ZuZeu kontuak  3.522 jarraitzaile ditu eta euskara hutsean txiokatzen du.

Badira beste asko, euskaljakintza edo Euskalherrian, besteak beste, euren txioen gehiengoa euskarazkoak direnak. Guk, ordea, dena euskaraz egiten dutenen zerrenda egin nahi izan dugu, eta ziur gaude badirela beste zenbait kontu, zerrendan sartu ez ditugunak. Animatu eta utzi iruzkina Euskararen blogean edo Euskaldunok Euskaraz Facebook orrian. Mila esker eta twitterren ere egin euskaraz!

“Hil da jainkoa”tik… “Gildas de antxoa”ra

Euskaldunok gustuko dugu kantuan aritzea. Lagunekin parrandan gaudenean, ingelesez kantuak “abesten” ditugu, askotan kantuaren letra ezagutu gabe eta, noski, zer esaten dugun ideiarik izan gabe. Euskaraz ez dakitenei ere gertatzen zaie halakorik, alegia, abesti bat entzun eta behar ez dena ulertzea. Horregatik, umorea ardatz hartuta euskararen blog honetan euskal kantuen aldaketarik onenak bildu ditugu.

Ezagutzen al duzue “euskal kantutegi berria”?

Udan Blai Euskadi Irratiko saioan, kantu nahaste kuriosoak bildu dituzte udan zehar. Hemen dituzue abesti irristen “hit onenak”!

Paristik natorren artista bat naiz ni (Txirri, Mirri eta Txiribiton) – Nahastea: Paris tiene una torre

Ai ai ai ai ai ai ai mila galdera (Alaitz eta Maider) – Nahastea: Ai ai ai ai ai ai ai arandela

Noiz arteeeeee, noiz arteeeeee (Ken Zazpi) – Nahastea: No hay sartén

Xala xala, riki riki.. dutxan dardaraka, (Pirritx eta Porrotx) – Nahastea: dutxan ta parrandan

Hil da jainkoa (Pi LT) – Nahastea: Gildas de antxoa

Horiek guztiak entzungai dituzue hemen:

Bilboko Ulibarri euskaltegiak kanpaina dibertigarri bat jarri du abian ikasturte berriari begira “Argi dago: euskararik gabe gauza asko galduko dituzu” lelopean. Hori abiapuntutzat harturik, ekimenaren zenbait adibide bildu ditugu:

Goazen elkarrekin Athleticken ereserki “berritua” abestera:

Herriko jaietako dantzaldietan askotan entzun izan dugun kanta bati eutsiko diogu orain. Itoiz taldearen “Lau teilatu” kantaren bertsio berritua entzun nahi al duzue? Guztiok dakigun kanta bada ere, euskara ez dakien batek baino gehiagok abesten du kanta hau.

OPI-Lau

Ikusi mendizaleak“, besteak beste, Oskorrik ezagun egin zuen kantuak ere “bertsio berritua” du.  Ziur gaude etxeko txikienekin mendira joaten diren guraso euskaldun berri askok, euren borondate on guztiarekin, kanta hau abesten dutela zer esaten ari diren jakin gabe.

Ikusi mendizaleak                  Ikusi ven di talea
baso eta zelaiak,                      Vaso esta de paya
mendi tontor gainera….       Ven y tonto carean….

Horiek, gaurkoak, euskaldun. Zuk ere gisa honetako adibideak ezagutzen badituzu, utzi iruzkina euskararen blog honetan edo Euskaldunok Euskaraz Facebook orrian, elkarrekin abestuko ditugu eta kantak. Eta euskaldunok ere ingelesarekin halakorik egiten ditugula argi uzteko, The Police taldearen “So Lonely” kantaren bertsio berrituarekin uzten zaituztet. Ez al zaizue iruditzen “Ximaurreeeeeeee Xiumaurreeeeeeee” esaten duela kantak? Entzun! Besarkada bat eta pozik bizi! 🙂