Ekintzailetza, euskararen biziraupenerako ezinbesteko tresna

Ekintzailetzaren garrantziaz aritu da ‘Tribuaren Berbak’ saioa. Izan ere, euskararen aldeko ekintzaileak existitu izan ez balira, euskararen historia eta izatea bera beste modu batekoak izango lirateke. Euskararen aldeko ekintzailetza aipatuta, garai bateko irudiak datozkigu gehienoi gogora: ikastolak, gau eskolak, euskararen aldeko jaialdiak. Bidea urratzen jarraitzen dugu, ordea, eta egun, teknologia berriak nagusi diren garaiotan, euskarak ongi heldu dio bide horri.

luistxo

Horren adibide da CodeSyntax enpresa. Luistxo Fernandezek Kike Amonarrizi azaldu dionez, duela 15 urte jaio zen, Interneterako baliabideak euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzeko asmoarekin. Webguneak, sakelako telefonoetara aplikazioak, softwareak, eta abar egiten dituzte, eta beste hizkuntza gutxitu batzuekin ere egin dute lan, esaterako galesarekin. Nabarmentzekoa da UMAP aplikazioa sortu zutela Twitterreko euskarazko txioak detektatzeko eta unean uneko euskarazko joerak emateko.

CodeSyntax enpresako langileak ekintzaileak dira, eta Luistxok berak, esaterako, beste proiektu bat badu: Azpitituluak euskaraz. 600 bat filmen azpitituluak ditu bilduta euskaraz. Urtzi Odriozolak, berriz, Gamerauntsia ataria sortu du, bideojokoei buruzko euskarazko komunitatea. Bestalde, Asier Sarasuaren egitasmoa da Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea jaso eta sareratzeko proiektua.

karena

Kike Amonarriz, Txemi Valdecantos eta Unai Martinez Lizarduiarekn

Ekintzailea izateko, dirua ezinbestekoa da, eta ez da erraza izaten hori biltzea. Euskal Herrian zozketa-txartelen salmentak oso ondo funtzionatu izan du beti, eta, filosofia horri helduta, Karena crowfunding sortu zuten, finantzaketa kolektiborako euskarazko lehen ataria, alegia. Auzolana, euskara eta parte-hartzea uztartzen dituzte.Txemi Valdecantosek eta Unai Martinez Lizarduiak azaldu dutenez, inor proiektu baterako finantzazio bila badabil, formularioa bete dezake, eurek aztertu egingo dute, eta, onartuz gero, 40 eguneko epea irekiko dute jendeak dirua jar dezan egitasmoa gauzatzeko. Epea igarotakoan, helburua bete bada, dirua kobratuko zaie emaileei, eta proiektugileek euren zatia jasoko dute. Helburua betetzen ez bada, emaileei ez zaie kobratuko, eta ekintzaileari ez zaio ordainduko. 20 bat dituzte esku artean Karenan, eta % 90ek lortu dute finantzazioa. Lehentasuna ematen diete euskarazko egitasmoei eta atzetik onura soziala dutenei.

Julen Arexolaleiba Mondragon Unibertsitateko Euskal Kulturgintza Transmisio tituluaren koordinatzaileak nabarmendu du oso garrantzitsua izan dela ekintzailetza euskararen berreskurapenean. Historian zehar izandako ekintzailetzak aipatu ditu (Lore Jokoak, Bai Euskarari, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza…), baita euskara batua bera ere, horri esker lortu baititugu euskaldunok eskola sistema nazionala (ikastolak), hedabideen espezializazioa, unibertsitaterako sarrera). Gainera, instituzionalizazioak jendea hautu politikoaren arabera sailkatzea ekarri du, eta nabarmendu du horrek ez digula mesederik egin. Bestalde, azpimarratu du boterean dagoena dagoela, ezin dugula euskaldunok delegatu talde politikoengan gurea den ardura; politikariek gure zerbitzura egon behar dute, eta ez guk politikarien zerbitzura. ”Aurrera begira, euskara jakiteko ez da ekintzailetza beharko, baina euskaldun izan nahi izateko, beharrezkoa izango da”.

aziti

Kike Amonarriz, Eneko Zuloaga eta Ekaitz Santazilia

Aziti Bihiako kideak ezagutu ditu, ondoren, Amonarrizek, euskararen Indiana Jones. Eneko Zuloagak eta Ekaitz Santaziliak azaldu dute EHUko 10 bat doktoregaik osatu dutela, euskararen historiaren inguruan lanean jarduteko. Elkarte horretako kideek berreskuratu dute, esaterako Materraren Doctrina Christina liburuaren lehen edizioa (1617koa) Danimarkan.

Gasteizen jarraituta, Oihaneder Euskararen Etxea ezagutu du Kikek, Ane Pedruzoren eskutik. Gasteizen euskararen erabileran eragitea du helburu, baita euskal hiztunen komunitatea trinkotzea, eta espazio erreferentziala izatea sorkuntzarako ere. ‘Alea’ astekaria argitaratzen dute Oihanederren, eta eragile askoren artean ematen diote bizitza espazioari (UEU, Euskara Zerbitzua, Aziti Bihia, Bertsozale Elkartea…).

urko

Urko Aristi

Euskararen etxean bertan, Urko Aristirekin egin du topo. Tokikomeko, euskarazko toki komunikabideen bateraguneko, lehendakaria da bera. Komunikabideek sortu zuten elkartea solaskidetza bateratua eratzeko, esparru komunak kudeatzeko, eta garapenerako bidean etorkizunera begira jartzeko. 26 bazkide ditu, eta 60 komunikabide kudeatzen dituzte: agerkari digitalak, aldizkariak, irratiak, telebistak… Herri komunikabideak badira ekintzailetzaren adibide garbia. Izan ere, 80ko hamarkadan, informatikan izandako aurrerapausoei esker, argitalpenak kaleratzea erraztu zen, eta euskarazko produktuak kontsumitzeko egarria asetzeko asmoz, tokian tokiko komunikabideak sortzen hasi ziren. “Gertutasuna da gure indargunea, eta horrek erraztu egiten du komunitatea sendotzea; komunitate hori ezinbestekoa da euskararen normalkuntzarako”, adierazi du.

Euskalgintzako erakunde garrantzitsuenetako bi dira Euskal Herrian Euskaraz eta Topagunea. Nestor Estebanek eta Elena Lakak adierazi dute euren erakundeak desagertzeko irrikaz daudela, pentsatzen baitute etorkizunean ez dela euren premiarik izango. Dena dela, gaur egun, oraindik, euren beharra dago. Gaur egun, eta aurrera begira dituzten ardatzei buruz aritu dira. Estebanek esan du EHEren lan ildo nagusiak direla norbanakoen aktibazioa, espazioak euskalduntzea, eta euskaraz bizitzea ahalbidetuko digun hizkuntza politika propioa sortzea. Lakak esan du ekintzailetasuna ez dagoela bere puntu gorenean, eta, beraz, Topaguneak, lehenik eta behin, indartu beharra daukala hori, eta sarea egin behar duela, plazak eta lekuak irabazteko. Leku askotan elkarlanean aritzen dira bi erakundeok, eta nazio mailan ere, Kontseiluan elkarrekin daude, beste erakunde batzuekin batera.

kanaldude

Ximun Carrere, Pantxika Maitia eta Kike Amonarriz

Ipar Euskal Herrira egin du jauzi Amonarrizek, bertako errealitatea ezagutzeko. Euskararen osasuna hobea dela diote, euskararen aldeko elkarteak sortzen ari baitira, bereziki, Lapurdin eta Nafarroa Beherean. Berebiziko garrantzia dauka, gainera Kanaldude telebistak. Ximun Carrerek eta Pantxika Maitiak azaldu dute berta euskaraz zer kontatu bazelako sortu zutela. 8 langile oso eta laguntzaileak eta aldizkako langileak ditu Kanaldudek, eta euren lurraldean gertatzen denaren lekuko zuzenak dira. Internet dute euskarri nagusi mundu osoan euren edukiak zabaltzeko. Iparraldean, TVPIren bidez ematen dute, eta, hegoaldean, berriz, Xaloa eta Hamaika telebisten bitartez. ETBrekin elkarlanean egin dute aurten Korrikaren hasiera, eta horrelako gehiago egiteko prest daudela azpimarratu dute. Haien hitzetan, euskararen aldeko borroka ez dago irabazia, baina inguruan gero eta gehiagok sentitzen dute zerbait badela, eta ulertu eta parte hartu nahi duen jendea hurbiltzen zaie. Nabarmendu dute ezinbestekoa dela ekintzaile izaten jarraitzea, etorkizunean pentsatzea, eta gazteei lekukoa ematea.

Euskalgintzaren historia ekintzailetzaren historia da. Bidegile ezagun izan, norbanako anonimo, instituzio edota gizatalde, lehen, orain eta gero, guztien elkarlana beharko du gure hizkuntzak aurrera egiteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude