Tag Archives: nonick

Euskarazko aditzak jolasean landu nahi?

Euskarak eta euskal aditzek lanak ematen dizkigute zenbaitetan eta horri aurre egiteko asmoz, erreminta berri bat aurkeztu dizuegu Facebookeko orrialdean. Hori eta mugikorretarako aplikazio baten berri, gaurko laburpenean. Goazen jolasean, gaurko postarekin!

Eskolan baita eskolatik kanpo ere maiz izan ohi ditugu buruko minak euskal aditzekin. Ba… badaukagu irtenbidea!! Nola? Hemen aurkezten dizugun tresna berri honen bitartez. Eskolako ohiko taula aspergarriak albo batera utzi eta kasuak eta pertsonak aukeratu beharko dituzu, eta ondoren webguneak adizki zuzena emango dizkizu. Klik eginez, eta modu erraz, xinple eta intuitiboan, Euskal aditzak ikasteko eta zalantzak argitzeko webgune berria da Aditzak.com, Ideatecak hil honetan argitaratu berri duen txokoa. Askok eta askok eman diozue “Gustuko botoiari” eta Amaia Irabak, berriz, tresna berriaren inguruko iruzkina utzi du: “ideia ona iruditzen zait”. Jolastu, egin klik eta ikasi aditzak behar den bezala erabiltzen!

Izugarria da sakelako telefonoek nola aldatu duten mundua. Honetan ere euskaldunok euskaraz egin nahi dugu, eta orain arte ez dugu aukera handirik izan. Aurten ordea, Nonicken, Bilbon eitb.com-ek eta Eusko Jaurlaritzak Interneteko joeren inguruan antolatzen dituzten nazioarteko biltzarrean ideia berri bat sortu da, eta ideia hori, gauzatu da dagoeneko. SwiftKey tresnaren euskarazko bertsioaz ari gara, norberaren mugikorrarekin euskaraz hitz bat idatzi eta hurrengo hitzaren lehen hiruzpalau letrak soilik tekleatuta, telefonoak euskaraz hitz osoa zein den aurreikusi eta automatikoki idazten duen aplikazio berriaz. Sakelakoan ere euskaraz egin nahi dugu!! Hemen duzue azalpen bideo bat eta egin froga!!

Amaitzeko gogorarazten dizuegu erronka dugula martxan zuentzako. Abenduaren 3a, euskararen eguna, egun mundiala izatea nahi dugu eta horretarako zuen laguntza behar dugu. 10.000 lagun bildu nahi ditugu! Lortuko al dugu? Euskaldun asko gara Euskal Herrian, eta nabaritu dadila! Animatu zuen lagunak gure lagun egitera!! Euskararen eta euskaldunon topalekua da hau eta, beraz, partekatu geure hizkuntza honen inguruko albisteak, hitzorduak… eta beste zenbait kontu gure horman. Ez ahaztu Euskaldunok Euskaraz egin behar dugula!  Pozik bizi!! 🙂

Euskararen inguruko bloga estreinatu dugu “Klik” eginez!

Ikasturte berriarekin batera, Euskara eta honen inguruko berriak jorratuko dituen blog berri batekin gatoz, eta hori, nola ez, oso berri pozgarria da. Aurrerantzean, beraz, Euskaldunok Euskaraz Facebookeko orrialdean aipatutako albisteak, hitzorduak, eta beste zenbait kontu bilduko ditugu blog honetan. Goazen denok elkarrekin, euskararen inguruko jakintza partekatzera eta Euskara goraipatzera!

Igandean, urriaren 2an ospatu zen Euskararen aldeko jai handiaz hitz egiten hasiko dugu lehendabiziko laburpena. Azpeitia izan zuen topaleku 2011ko Gipuzkoako Ikastolen jaiak, eta Ikasberri Ikastolak antolatutako hitzordu honetara jende aunitz hurbildu zen Euskarari Klik bat egiteko asmoz. Aurretik, ordea, Kilometroak 2011ko abestia, “Klik” aurkezten genizuen horman, motorrak berotzen joateko. Egin “Klik” eta gozatu bideoaz!

Aste honetan, gainera, proiektu zoragarri baten berri ematen genizuen Facebookeko orrialdean, Baionatik Bilbora proiektuaren berri, hain zuzen ere, Iparraldeko 700 kanta sarean jartzeko eta ezagutzera emateko ekimen ederra. Urte askotarako!

Bertsolaritzak ere badu bere txokoa gure gizartean. Bertsoen mundua gustuko baduzu, bertsolariak ezagutu nahi badituzu, edo bertsolaritzaren nondik norakoetan sakondu nahi baduzu, hainbat bide dituzu. Batetik, Gpuntua izeneko Facebookeko horman Gipuzkoako Bertsolarien Txapelketako kontuak jarraitu ahal izango dituzu, bestetik, Aiziak biali du blogean ere bertsolaritzaren inguruko artikulu interesgarriak irakurri ahal izango dituzu eta amaitzeko, Xabier Sukia esatariak gidatzen duen Euskadi Irratiko “Hitza Jolas” irratsaioan bertsolariei elkarrizketak, aspaldiko bertsoak eta beste hamaika kontu entzun ahal izango dituzu igandero, arratsaldeko 14:00etatik aurrera.

Amaitzeko, eta teknologien munduan murgilduta gauden honetan, Sakelakoentzako euskarazko teklatu “inteligentea” kaleratu zutela kontatzen genuen horman. Ideia, 2011ko nonick-en sortu zen, eitb.com-ek eta Eusko Jaurlaritzak Interneteko joerei buruz antolatutako nazioarteko biltzarrean, hain zuzen ere, eta sakelakoen teklatuetan idaztean hitz baten amaiera eta hitz horren osteko hurrengoa izan daitekeena iragartzen du, euskaraz.

Ikusten duzuen moduan, euskarak ere badu zeresana teknologia berrietan, eta baita beste zenbait alorretan ere. Hori dela medio, hemendik aurrera euskararen inguruko edozein gai interesgarri, hitzordu garrantzitsu edo lotura aipagarri ikusten baduzu, ez izan zalantzarik, eta eskegi gure Facebookeko horman. Denon arten euskara eta honen inguruko jakintza zabalduko dugu. “Aitorren Hizkuntza Zaharra” kanta herrikoiaren zati txiki batekin, gaurkoz agur esateko ordua heldu da. Segi ondo!

Gora euskara maitea
zoragarriena
euskalduen artean
maitagarriena.
Munduan sortu zanik
hikuntzik zaharrena,
gora ta gora euskaldunak
eta gure euskara.