Tag Archives: nafarroa oinez tafalla

Nafarroa Oinez 2011: Euskara protagonista Tafallan datorren igandean

Nafarroa Oinez 2011 Tafallan ospatuko da datorren igandean, urriaren 16an. Euskara izango da protagonista Nafarroako Ikastolen jaian baina hitzordu horrez gain, euskara ikasteko Arian metodoa ere izango dugu hizpide gaurkoan. Euskararen inguruko bloga aurkeztu genizuen aurreko astean eta bertan esan bezala, lerro hauetan, euskararen inguruan gertatzen den oro zuengana eramateko asmoz, astero-astero Euskaldunok Euskaraz Facebookeko orrialdean esandakaok bilduko ditugu; ekin diezaiogun gaurkoari!

Nafarroa Oinez 2011, Nafarroako Ikastolen jaia, Tafallan ospatuko da aurten eta ‘Hamaika 11n’ izango du lema. Egun osoko jaia iragartzeko, Sorkun eta Kerobia taldeko Xabiren ahotsak izan dituzte lagun tafallako Garces de los Fayos Ikastolako lagunek, hementxe duzue Nafarroa Oinez 2011ko bideoklipa:

Eskaintza oparoa prestatu dute iganderako, joateko asmoa baldin baduzue hona hemen Nafarroa Oinez 2011ko egitaraua. Izatekotan, ziur egitaraua ikusitakoan uxatuko dituzuela zalantza izpi guztiak 😉

Nafarroa Oinez 2011 Tafalla - Egitaraua

Nafarroa Oinez 2011 Tafalla - Egitaraua

Bestalde, Arian metodoa ezagutzen al duzu? Euskara ikasteko modu eraginkorra da, eta hizkuntzaren erabilera sustatzea du helburu. Gehiago jakin nahi? Entzun Euskadi Irratiko Ele-Alea saioa! Arian metodoa aurkeztu dute bertan eta Txantxo Zubeldia ELKAR argitaletxeko editoreak emango dizkizu xehetasun guztiak.

Euskarak festa handia dauka zain igandean Nafarroan eta euskaldun berriek zein euskara ikastekotan daudenek metodo berria proba dezakete aurrerantzean.Zuek badakizue, euskararen inguruko edozein gai interesgarri, hitzordu garrantzitsu edo lotura aipagarri ikusten baduzue, ez izan zalantzarik eta elkarbanatu gure Facebookeko horman. Denon arten euskara eta honen inguruko jakintza zabalduko dugu. Egun gutxi barru izango gara bueltan, ongi pasa asteburua!