Tag Archives: xabier sukia

Euskararen inguruko bloga estreinatu dugu “Klik” eginez!

Ikasturte berriarekin batera, Euskara eta honen inguruko berriak jorratuko dituen blog berri batekin gatoz, eta hori, nola ez, oso berri pozgarria da. Aurrerantzean, beraz, Euskaldunok Euskaraz Facebookeko orrialdean aipatutako albisteak, hitzorduak, eta beste zenbait kontu bilduko ditugu blog honetan. Goazen denok elkarrekin, euskararen inguruko jakintza partekatzera eta Euskara goraipatzera!

Igandean, urriaren 2an ospatu zen Euskararen aldeko jai handiaz hitz egiten hasiko dugu lehendabiziko laburpena. Azpeitia izan zuen topaleku 2011ko Gipuzkoako Ikastolen jaiak, eta Ikasberri Ikastolak antolatutako hitzordu honetara jende aunitz hurbildu zen Euskarari Klik bat egiteko asmoz. Aurretik, ordea, Kilometroak 2011ko abestia, “Klik” aurkezten genizuen horman, motorrak berotzen joateko. Egin “Klik” eta gozatu bideoaz!

Aste honetan, gainera, proiektu zoragarri baten berri ematen genizuen Facebookeko orrialdean, Baionatik Bilbora proiektuaren berri, hain zuzen ere, Iparraldeko 700 kanta sarean jartzeko eta ezagutzera emateko ekimen ederra. Urte askotarako!

Bertsolaritzak ere badu bere txokoa gure gizartean. Bertsoen mundua gustuko baduzu, bertsolariak ezagutu nahi badituzu, edo bertsolaritzaren nondik norakoetan sakondu nahi baduzu, hainbat bide dituzu. Batetik, Gpuntua izeneko Facebookeko horman Gipuzkoako Bertsolarien Txapelketako kontuak jarraitu ahal izango dituzu, bestetik, Aiziak biali du blogean ere bertsolaritzaren inguruko artikulu interesgarriak irakurri ahal izango dituzu eta amaitzeko, Xabier Sukia esatariak gidatzen duen Euskadi Irratiko “Hitza Jolas” irratsaioan bertsolariei elkarrizketak, aspaldiko bertsoak eta beste hamaika kontu entzun ahal izango dituzu igandero, arratsaldeko 14:00etatik aurrera.

Amaitzeko, eta teknologien munduan murgilduta gauden honetan, Sakelakoentzako euskarazko teklatu “inteligentea” kaleratu zutela kontatzen genuen horman. Ideia, 2011ko nonick-en sortu zen, eitb.com-ek eta Eusko Jaurlaritzak Interneteko joerei buruz antolatutako nazioarteko biltzarrean, hain zuzen ere, eta sakelakoen teklatuetan idaztean hitz baten amaiera eta hitz horren osteko hurrengoa izan daitekeena iragartzen du, euskaraz.

Ikusten duzuen moduan, euskarak ere badu zeresana teknologia berrietan, eta baita beste zenbait alorretan ere. Hori dela medio, hemendik aurrera euskararen inguruko edozein gai interesgarri, hitzordu garrantzitsu edo lotura aipagarri ikusten baduzu, ez izan zalantzarik, eta eskegi gure Facebookeko horman. Denon arten euskara eta honen inguruko jakintza zabalduko dugu. “Aitorren Hizkuntza Zaharra” kanta herrikoiaren zati txiki batekin, gaurkoz agur esateko ordua heldu da. Segi ondo!

Gora euskara maitea
zoragarriena
euskalduen artean
maitagarriena.
Munduan sortu zanik
hikuntzik zaharrena,
gora ta gora euskaldunak
eta gure euskara.