Euskarak harrera egingo die hainbat hizkuntza gutxituri, MinoriTB jardunaldietan

Txikiak izanagatik, balio berezia duten hizkuntzak badira munduan: gure euskara, nola ez, baina baita eskoziarra, galesa, galiziarra… eta horiek denek merezi duten tokia izango dute EITBren Bilboko egoitzan. Izan ere, datorren asteartean, hilak 30, MinoriTB, Hizkuntza Gutxituen Telebisten Jardunaldia, antolatu du EITBk.

Interes duen orok Multibox aretoan, goizeko 9:00etatik aurrera du zita. Are, hurbiltzerik ez duenak, eitb.com-en zuzenean jarraitzea izango du. Sarrera doakoa izango da eta, bertaratzeko, nahikoa da minoritb@eitb.com helbidera posta elektroniko bat bidaltzearekin, izena eta abizena zehaztuta.

MinoriTB jardunaldien kartela.

MinoriTB jardunaldien kartela.

Hizkuntza handiak erabiltzearen aldeko apustua egiten den munduan egonda, hizkuntza txikiek, erabiliak eta zabalduak izateko, gero eta traba gehiago aurkitzen dituzte hedabide eta sare orokorrean. Hain justu, hizkuntza gutxituak lantzen dituzten telebistek etorkizuna izateko inflexio-puntu garrantzitsua zehaztea du ekitaldiak helburu.

Jardunaldiotan izango dira, besteak beste, Michael Lally, Circom-eko presidentea; Keith Jones, telebistako edukien aditua, Galeseko BBCtik etorria; eta Robert Durban ikerlari eskoziar ezaguna. Azken honek  hizkuntza gutxituak eta hedabideetan izan behar duten lekua ikertzen ditu. Horiez gain, Galiziako Telebistako zuzendaria, Rosa Vilas; Europako Parlamentuko Ikus-entzunezkoen zuzendaria, Fernando Carbajo, eta, Joan Rosés, TV3ko telebista era berrietan aditua, ere bertaratuko dira. EITBko zuzendari nagusiak, Alberto Suriok, emango dio hasiera ekitaldiari eta, arratsaldez, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak itxiko du. Goi-mailako profesionalak bilduko ditu eta Europa mailan eredu bilakatu nahi du jorratzen duen alorrean.

Euskara, beraz, bere hizkuntza anaia-arrebak hartzeko zain… Animatuko zu ere?

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *