Ze tamaina du euskarazko zinemagintzak?

Euskarazko zinema hartu du ardatz aste honetan ETB1eko ‘Tribuaren Berbak’ saioak. Azken urte hauetan dozenaka film luze, labur, dokumental eta animaziozko egin dira euskaraz, baina duela urte batzuk lehortea ere izan zen alor honetan.

Urteetan atzera eginda ordea, duela gutxi arte uste izan da euskarazko lehen filma Gotzon Elortzak 1959an egindako ‘Ereagatik Matxitxakora’ dokumentala zela. Baina joan zen urtean, Pariseko ganbara batean, 1956an André Madré jeneralak zuzendutako ‘Gure Sor Lekua’ dokumental desagertua aurkitu zuen Josu Martinezek eta hau da orain euskarazko filmik zaharrena.

Miren Manias, euskarazko zinemaren ikertzailea

Miren Manias, euskarazko zinemaren ikertzailea

Miren Manias, EHUko ikerlariarekin aritu da euskarazko zinemaren historiari buruz Kike Amonarriz. Bere hitzetan lehendabiziko aldiz 1933 inguruan entzun zen euskara apur bat film batean; Teodoro Hernandorenaren ‘Euzkadi’ lanean adibidez. Gero etorri ziren ‘Gure Sorlekua’, Gotzon Elortzaren lanak, Fernando Larruquert eta Nestor Basterretxearen ‘Amalur’ eta Antxon Ezeizaren ‘Ikuska‘ bilduma.

80ko hamarkadan, Eusko Jaurlaritzak zinemagintzarako lehen diru-laguntzak eman zituen eta garai hartan euskal ekoizpena asko hazi zen. 43 film luze egin ziren hamar urtetan. 90ko hamarkadan ordea, krisia egon zen; administrazioa eta ekoizleen artean tirabirak egon ziren eta euskarazko zinemagintzak geldialdia izan zuen. Azkenik, 2000. urtetik aurrera loraldi berri bat ikusi dugu.

Denetik egin da azken hamarkada honetan: film laburrak, luzeak, dokumentalak, animazioa… Baina fikziozko film luzeak, adibidez 80ko hamarkadan baino gutxiago izan dira, 16 soilik. Izan ere, film luze bat ekoiztea ekonomikoki ez da erraza, gastua handia da eta, horren ondorioz, euskal zinema aretoetan proiektatuz soilik oso zaila da errentagarria izatera iristea.

Hori horrela, oso lan handia egiten dute Lekeitioko Euskal Zine Bilera edota Hazparneko Zinegin Festibala bezalako jaialdiek.

Telmo Esnal eta Asier Altuna

Telmo Esnal eta Asier Altuna

Historian gehien ikusi den euskarazko filma ‘Aupa Etxebeste’, Telmo Esnal eta Asier Altunak zuzendu zutena izan da. 70 mila ikusle gerturatu ziren zinema-aretoetara. Urte askoren ondoren, euskaraz egindako lehen filma izan zen. Telmoren eta Asierren iritziz euskarazko zinemaren erronka nagusietako bat, gure filmak kanpora ateratzea izango da. Izan ere, Euskal Herria herri txikia da eta soilik bertan ikusgai egonda, zaila da filmek irabaziak ematea.

Ikuspegi horretatik begiratuta, historia interesgarriak kontatzea dela kontua diote bi zuzendariek eta horretarako modu naturalean ondoen datorkien hizkuntza erabiltzea. Horrekin lotuta, euskalkiak erabiltzeak daukan garrantzia aipatu dute; ikusleenganako gertatutasuna lortzen dela horrekin irizten diote.

Film luze bat egiteak dituen kostuak zeintzuk diren jakiteko, egunotan gure herri eta hirietan grabatzen ari diren ‘Lasa eta Zabala’ filmeko ekoizlearengana, Joxe Portelarengana, jo du Kike Amonarrizek. Ideia bat egiteko, pelikula honetan, esate baterako, 60 aktore inguruk, figurante pila batek eta 50 laguneko talde teknikoak hartu du parte. Jende hori guztia Euskal Herriko hainbat herritara mugituko da zazpi astez, sekuentzia bakoitzari dagokion lekuan grabatu ahal izateko. Produkzio garaiko gastuak, beraz, ez dira makalak.

Portelak kontatu duenez, duela zortzi urte inguru, akordio bat sinatu zuten ETBk eta zinema-ekoizleek, eta finantziazio horri esker, urtean bi pelikula egiten dira gaur egun.

Hizkuntzei buruz galdetuta, ‘Lasa eta Zabala’ren kasuan ere, errealismoa eta naturaltasuna bilatu nahi izan dituzte eta bai euskara bai gaztelera erabiltzen ari dira. Alde batetik, Joxi eta Joxeanen familia eta lagunen giroa euskalduna da eta hala erakutsiko du filmak; eta bestetik Intxaurrondoko kuarteleko edo epaiketetako hizkuntza gaztelania izango da.

Animaziozko zinema da euskal zinemaren barruan emaitza gehien ematen ari dena, “industria” deitu dezakeguna. Urtero eskaintza berritu egiten da, eta gainera “Gartxot” bezalako filmek ikusleengana iristea lortzen dute. Juanba Berasategiren “Kalabaza Tripontzia” izan zen aitzindaria eta ondoren etorri dira “Blackie eta Kanuto”, “Haritzaren bihotza”, “Ipar haizearen erronka”,  “Adar Txikiaren kondaira”…

2015ean adibidez, Juanjo Elordiren ‘Pixi Post ikusi ahal izango dugu. Alemaniako ekoiztetxe batekin koprodukzioan egindako lana izango da eta, horri eskerrak, Euskal Herriko mugetatik kanpora ateratzeko ere erraztasun handiagoak izango ditu. Istorioa euskaraz idatzi zutela lehendabizi kontatu dio ETB1eko saioari eta ondoren ingelesera itzuli zutela koprodukziorako lankide bila aritzeko.

Animazioa vs Bikoizketa

Animazioa vs Bikoizketa

Animazioan askotan egiten da lan beste herrialde batzuetako ekoiztetxeekin. Juanjo Elordiren Yoko izeneko telesailean adibidez, errusiarrak, katalanak, euskaldunak, amerikarrak eta abar daude lanean. Lehendabizi bakoitzak bere hizkuntzan idazten du gidoia eta ondoren ingelesera itzultzen dute denen artean adostasun batera iristeko.

Zinemagintzaren beste negozio unitate bat bikoizketarena da. Baina bikoizketa eta azpi-idatziei buruz eztabaida handia dago gizartean: Batzuk euskara hizkuntza bezala bultzatzeko ahalik eta film gehienak bikoiztu behar direla diote. Besteek ordea, ekonomia arrazoiak argudiatuz (merkeagoa baita azpi-idaztea bikoiztea baino) eta hizkuntzak ikasteko aukerak aipatuz azpi-idatziak nahiago dituzte.

Eta film laburren mundua ere aipatu behar dugu. Kasu honetan, dirua behar bada ere, askoz merkeagoa da produktu bat ekoiztea, hori dela eta, sortzen den film laburren zenbakia askoz altuagoa da.  Joxean’s Hileben zonbien filma ekoizteko 700 euro behar izan dira efektu bereziak barne.

Euskarazko zinemagintzak muga estuak dituela jakin arren, era guztietako historiak gure hizkuntzan kontatzen eta ikusten jarraitu nahi genuke. Horretarako, ekoizpenak ahalbidetuko dituzten baldintzez gain, ikusleon bultzada ezinbestekoa izango da.

Saio osoa ikusi:

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *