Euskara hutsezko komunikabide berria jaio da Hego Uriben

Basaurin euskara hutsezko komunikabide berria sortu dute dagoeneko: Geuria. Hego Uribe eskualdeko (Galdakao, Arrigorriaga, Etxebarri eta Zaratamo) gaiekin osatutako argitalpena da eta bi euskarritan lan egingo du: hilero argitaratuko den aldizkarian eta atari digitalean, geuria.net. Lehen alea kalean dago jada bertan lau atal nabarmendu daitezke: Herriak, Iritziak, Agenda eta Aisia. Berezitasun modura, kontrazalean portada ilustratua izango du Geuriak.

“Euskaldunentzat gertuko tresna izan behar du komunikabideak, auzotarrek erabili behar dute, eta, horretarako, erakargarria eta kalitatezkoa izan behar duela uste dugu”, adierazi dute arduradunek aurkezpenean. Horretarako, aurretik ibilbide berdina egin dutenen lorpenak eta akatsak ezagutzen saiatu dira baina “langileon esku dago egunerokoan jardutea, baina guztion laguntza beharrezkoa da urteetan luze irauteko”, azaldu du Jon Villapun Geuriako zuzendariak.

Lehen aleko azala. Argazkia: geuria.net

Lehen aleko azala. Argazkia: geuria.net

Nola banatuko da aldizkaria? Basaurin jaio den arren, eskuladeko izaera du egitasmoak eta hurrengo hilabeteetan hedatzea dute helburu. Aldizkaria Basaurin, Galdakaon, Arrigorriagan, Etxebarrin eta Zaratamon bananduko da. Hilero 10.000 ale banatuko dira eta hasiera batean, herri guztietako udaletxeetan eskuragai egongo da, baita Basauriko kultur etxe, eskola, euskaltegi eta beste leku publikoetan ere.

Nork idatzi dezake Geuria aldizkarian? Komunikabideak jendearen parte hartzea sustatu nahi du, “askotariko iritzi eta ekarpenekin hedabide aberatsagoa izango baitugu eskuartean”, esan dute arduradunek. Beraz, euskaraz dakien edozein herritarra parte har dezake egitasmo honetan.

Nola proposatu daiteke gairen bat? Bi langilek osatzen dute egitasmoaren enborra, baina hilero erredakzio bilerak deituko dituzte. Kolaboratzaileez gain, zerbait esateko duten herritarrak ere gerturatu daitezke, bertan gaiak proposatu eta horrela, gai zerrenda osatuko da. Bilerez gain, ohiko bideak ireki dituzte herritarren iritziak jasotzeko, hala nola, helbide elektronikoa (info@geuria.net) eta telefono zenbakia (94 440 66 92).

HEGO URIBEKO EUSKALDUNON DATU BASEA

Eskualdeko euskaldunengana zuzenean jo nahi du Geuriak, eta helburua lortzeko lehen pausoa Hego Uribeko euskaldunen datu basea sortzea da. Horrela, izena ematen dutenei etxera zuzenean bidaliko zaie aldizkari hilero. Interesatuek izen-abizenak, helbide elektronikoa, etxeko helbidea eta telefono zenbakia bidali beharko dituzte info@geuria.net helbidera.

Aldizkariaren aurkezpena. Argazkia: Geuria

Aldizkariaren aurkezpena. Argazkia: Geuria

 

 

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *