Bortzirietako hizkera azterketan parte hartu nahi al duzu?

Arantza, Igantzi, Lesaka, Etxalar eta Bera herriek osatzen dute Nafarroako Mendialdeko Bortziriak. Bidasoaren ibaiaren bi bazterretan kokaturik daude eta berde koloreko paisaia da nagusi zonaldean. Mankomunitateak Bortzirietako hizkeraren ezaugarriak biltzen eta aztertzen hasi nahi du, eta hiztegia ere osatu nahi du. Euskararen blog honek gure hikuntza indartzearen eta normalizatzearen alde lan egiten duen lan orori egiten dio tartea, eta lan hau aurrera ateratzeko laguntza eskatu dutenez, guk ere keinu bat egin nahi izan diegu. Azkerteka horren parte izan nahi al duzu? 🙂

Argazkia: Isidro Etxeberria

Argazkia: Isidro Etxeberria

Bortzirietan euskararen normalizazioaren alde lan egiten duen Mankomunitatetik azaldu dutenez, hasiera batean ezaugarriak biltzen eta aztertzen arituko dira, eta ondotik, egindako lana argitaratu eta ezagutzera emango dute. Lan hori auzolanean egin nahi dute, eta horretarako prest direnenen zerrendatxoa osatu nahian dabiltza.

Hori dela eta, lan horretan aritzeko interesa eta gogoa duen jendea topatzeko laguntza eskatu dute; filologoak, euskara irakasleak edota besterik gabe gisa honetako lanak gustuko dituzten herritarren bila dabiltza.

Ezagutzen al duzue bortzirietako hizketa aztertzeko taldean parte hartu nahi duen iñor? Horrela bada, mankomunitatearekin harremanetan jartzeko zenbait bide dituzue jarraian: alde batetik telefono zenbaki bat (948 63 41 25) eta, bestetik, e-posta: euskara@bortziriak.org. Ahal izatera, urriaren 3a baino lehen jarri harremanetan.

Egin dezagun auzolanean euskararen alde lan!

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude