Tag Archives: katalana

Euskararen eta katalanaren arteko loturak aztertzen

Euskararen eta katalanaren arteko berdintasunak eta ezberdintasunak aztertzen aritu da ‘Tribuaren Berbak’ aste honetan eta horretarako Katalunian ibili da Kike Amonarriz euskaldunen edo euskararen ezagutzaren bila eta baita Donostian ere Kataluniarekin ditugun loturen bila.

Kike Amonarriz Bartzelonan

Kike Amonarriz Bartzelonan

Hasteko, katalanaren tamaina aztertu du

saioak. Euskararen kasuan esan genuen milioi bat hiztun inguru garela. Ba katalana gurea baino askoz indartsuago dago: 11 milioi hiztun inguru ditu. Calvet barometroaren 19. Lekuan dago eta, Unescoren iritziz, Alguer inguruko hizkuntza soilik dago arriskuan.

Izan ere, katalana Katalunian eta Alguer hirian hitz egiteaz gainera, Valentziako Erkidegoan, Balear Uharteetan, El Carxe Murtziako eskualdean, Aragoiko Sartaldeko Zerrendan, Ipar Katalunian eta Andorran ere hitz egiten da. Eta guztien artean Països Catalans bezala ezaguna dena osatzen dute. Andorran adibidez, hizkuntza ofizial bakarra da katalana. Eta herrialde hau Nazio Batuen Erakundeko kideetako bat denez, NBEetan katalana entzun daiteke.

Euskararena baino egoera hobea badute ere, Miquel Strubell irakasleak Kike Amonarrizi aitortu dionez, oraindik hiru eremutan lan gogorra daukate: justizia administrazioan, arlo sozioekonomikoan eta azken urteetan Kataluniak jaso dituen etorkinekin. Hiru alor horietan gaztelania gailentzen zaio katalanari, antza.

Kike Toni Strubellekin

Kike Toni Strubellekin

Miquel-en anaia Toni Strubell filologo eta politikariaren hitzetan, berriz, euskararen eta katalanaren arteko ezberdintasun nabariena da “Euskal Herrian oso bisiblea dela euskararen aldeko mugimendua“. Euskararen aldeko jaiak eta ekimenak ugariak dira urte guztian zehar eta hori Katalunian ez omen da gertatzen; agian katalana oso hedatuta dagoelako eta nagusi delako hezkuntzan.

Tonik ‘Un catalá entre bascos’ liburua idatzi zuen. Sortzez Oxfordekoa da, baina ama katalana zuen, Gerra Zibilaren garaian ihes egindako familia bateko alaba. Eta euskaraz ere primeran aritzen da denboraldi luze bat eman zuelako Bidasoa bailaran bizitzen.

Xabier Strubell eta Karmele Pastor

Xabier Strubell eta Karmele Pastor

Toni eta Donostian bizi den bere seme Xabier Strubell kulturen arteko nahasketa horren adibide dira. Xabierren hitzetan “ispilu bat egon da beti bi herrien artean”, asko begiratu izan diogu elkarri eta horrek bi herrien arteko loturak ere handitu izan ditu. Asko dira hemen denboraldi bat pasatako katalanak edo han bizi izandako euskaldunak.

Eta lotura horrez gainera, posible da Euskal Herrian katalana ikastea eta baita han euskara ikastea ere. Bartzelonako hizkuntza eskolan adibidez, 300 lagun inguru ari dira euskara ikasten.

Aitor Arrutirekin Bartzelonako Euskal Etxean

Aitor Arrutirekin Bartzelonako Euskal Etxean

Eta Bartzelonako Euskal Etxean ere badago euskara ikasteko aukera. 1979an sortu zen eta gaur egun 500 bazkide inguru ditu, erdiak euskaldunak eta erdiak katalanak. Euren helburu nagusia euskal kultura Katalunian ezagutaraztea da eta horretarako kultur ekitaldi ugari antolatzen dituzte: Euskal Herria Sona musika jaialdia, euskal zinema bultzatzeko proiekzioak, Literaldia…

Cristina Lagèrekin Espai Catalunyan

Cristina Lagèrekin Espai Catalunyan

Funtzio berbera dauka Donostiako Espai Catalunya topalekuak.  Erakunde ofiziala da eta jatetxea ere badu. Katalan eskolak ematen dituzte, haurrentzako ekitaldiak antolatzen dituzte, Donostiako hainbat kultur ekimenetan parte hartzen dute, calçotadak egiten dituzte… Kataluniako kultura donostiarrei gerturatzen diete. Eta oso harrera ona du Cristina Lagè bertako lehendakariaren hitzetan; izan ere, 300 bazkide ditu gaur egun eta horietako asko euskaldunak dira.

Saio osoa ikusteko:

Euskarak harrera egingo die hainbat hizkuntza gutxituri, MinoriTB jardunaldietan

Txikiak izanagatik, balio berezia duten hizkuntzak badira munduan: gure euskara, nola ez, baina baita eskoziarra, galesa, galiziarra… eta horiek denek merezi duten tokia izango dute EITBren Bilboko egoitzan. Izan ere, datorren asteartean, hilak 30, MinoriTB, Hizkuntza Gutxituen Telebisten Jardunaldia, antolatu du EITBk.

Interes duen orok Multibox aretoan, goizeko 9:00etatik aurrera du zita. Are, hurbiltzerik ez duenak, eitb.com-en zuzenean jarraitzea izango du. Sarrera doakoa izango da eta, bertaratzeko, nahikoa da minoritb@eitb.com helbidera posta elektroniko bat bidaltzearekin, izena eta abizena zehaztuta.

MinoriTB jardunaldien kartela.

MinoriTB jardunaldien kartela.

Hizkuntza handiak erabiltzearen aldeko apustua egiten den munduan egonda, hizkuntza txikiek, erabiliak eta zabalduak izateko, gero eta traba gehiago aurkitzen dituzte hedabide eta sare orokorrean. Hain justu, hizkuntza gutxituak lantzen dituzten telebistek etorkizuna izateko inflexio-puntu garrantzitsua zehaztea du ekitaldiak helburu.

Jardunaldiotan izango dira, besteak beste, Michael Lally, Circom-eko presidentea; Keith Jones, telebistako edukien aditua, Galeseko BBCtik etorria; eta Robert Durban ikerlari eskoziar ezaguna. Azken honek  hizkuntza gutxituak eta hedabideetan izan behar duten lekua ikertzen ditu. Horiez gain, Galiziako Telebistako zuzendaria, Rosa Vilas; Europako Parlamentuko Ikus-entzunezkoen zuzendaria, Fernando Carbajo, eta, Joan Rosés, TV3ko telebista era berrietan aditua, ere bertaratuko dira. EITBko zuzendari nagusiak, Alberto Suriok, emango dio hasiera ekitaldiari eta, arratsaldez, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak itxiko du. Goi-mailako profesionalak bilduko ditu eta Europa mailan eredu bilakatu nahi du jorratzen duen alorrean.

Euskara, beraz, bere hizkuntza anaia-arrebak hartzeko zain… Animatuko zu ere?