Tag Archives: Harrikada Curling Taldea

Kiroletan ere… euskaraz!

Kirola euskaraz egiteak duen garrantziaz jardun da Kike Amonarriz aste honetako ‘Tribuaren Berbak’ saioko “Kirol Lehian” atalean. Kirolak integrazioa bultzatzen du, eta gauza jakina da koordinazioa eta psikomotrizitatea ere hobetzen dituela. Osasuntsua ere bada, eta euskaraz praktikatuz gero, gainera, gure hizkuntza sano biziberrituko da.

Ume bakoitzak bere bilakaera du. Batzuk bederatzi hilabeteekin korrika ibiltzen dira, eta beste batzuek 18 hilabete beharko dituzte bere lehen urratsak emateko. Hori bai, azkenean, den-denek oinez egingo dute. Ibiltzearekin nahikoa izan ez, eta parkourra edota antzeko mugimenduen jarraitzaileak gero eta ugariagoak dira. Hauek aurrean aurkitzen dituzten oztopoak gorputzak eskaintzen dizkien abileziekin gainditzea dute helburu.

Kirolak integrazioa bultzatzea, lotsa eta indibidualismoa gainditzea eta koordinazioa eta psikomotrizitatea hobetzea ahalbidetzen du. Kike Amonarrizek kirolariekin eta hezitzaileekin hitz egin du, gaiaren gainean gehiago jakiteko helburuarekin.

Igor Arenaza Aretxabaletako kirol elkarteko zuzendaria

Igor Arenaza Aretxabaletako kirol elkarteko zuzendaria

Aretxabaletako ikastolako futbol zelaian hasi du Kike Amonarrizek saioa, eta bertan, Igor Arenaza UDAko kirol zuzendariarekin izan da. Gaztetxoen artean euskara bultzatzeko orduan, begiraleek zein hezitzaileek duten garrantziaz aritu dira. Eskolaz kanpoko kirolak gero eta ugariagoak dira, eta kalitate maila igo behar dela uste du Arenazak. Formakuntza euskaraz egitea ezinbestekoa ikusten du, eta ingurukoek euskaraz egiteak haurrengan daukan eragina azpimarratu du Igorrek.
Gainera, Aretxabaletak Eskuak proiektua ipini du martxan. Errespetua Sustatzeko Kirola Ulertuz esan nahi du ekimenak, eta horren bitartez motibazioa eta ilusioa areagotu nahi da, zeharka landu daitezkeen baloreak aprobetxatuz.

Ondoren, Maider Unda, Leire Olaberria, Gaizka Garitano eta Matxalen Ziarsolorekin hizketan izan da Kike, eta euskarak euren kirol jardueran duen presentziari buruz galdetu die.

Maider Unda, Gaizka Garitano, Leire Olaberria eta Matxalen Ziarsolo

Maider Unda, Gaizka Garitano, Leire Olaberria eta Matxalen Ziarsolo

Maider Undak Olinpiar Jokoetan brontzezko domina lortzeko asko borrokatu zuela aitortu du, baina euskaraz bizitzeko ere esfortzu handia egin behar izan duela baieztatu du. Euskara egunerokoan hurbil dauka, baina kanpoan ez duela egiten esan du, normalean euskaldun bakarra delako.

Gaizka Garitano Eibarko entrenatzaileak ondo ezagutzen ditu Athleticeko, Realeko, Alaveseko eta Eibarko aldagelak, hori dela eta, futbol taldeetan euskarak duen lekuari buruz aritu da. Euskaldunon hizkuntza eguneroko tresna dela baieztatu du, eta horrek eragiten duen harrotasuna nabarmendu nahi izan du jokalari ohiak.

Leire Olaberria txirrindulariak ingelesa erabiltzen du normalean, baina euskaraz baliatzen da euskal selekzioarekin. Matxalen Ziarsolo Bera-Berako jokalariak, ordea, euskaraz bizi dela azaldu du, eta kontatu du taldeko atzerriko jokalariak hitz batzuk ikasten ari direla.

Abel Barriola pilotaria

Abel Barriola pilotaria

Euskarak munduan barrena hainbat hitz zabaldu ditu, eta kirolaren munduan “Jai Alai” izan daiteke zabalduena. Frantzian, Espainian, Estatu Batuetan, Mexikon eta Filipinetan, batik bat, zesta punta “Jai Alai” izenez baita ezaguna. Kirolari profesionalak eredu dira askorentzat, baita hizkuntza kontuetan ere. Hori dela eta, Leitzako pilotalekura jo du Kikek, eta Abel Barriola pilotariarekin bildu da kirolari ezagunek euskaraz hitz egiteak duen eraginaz solasean.
Abelen ustez telebistan egiten dena eragin zuzena dauka gazteetan. Eurentzako eredugarriak diren pertsonen ohiturak errepikatzen dituzte, eta hizkuntza ohitura horien artean dagoela esan du. Izan ere, aitortu du pilotan hitz tekniko asko erdaratik datozela, eta apustuak ere gaztelaniaz egiten direla kirola Euskal Herritik kanpo jokatzen delako, eta negozioa ulertu behar delako.

Jose Angel Iribar

Jose Angel Iribar

Jose Angel Iribarrek Athleticen 18 denboraldi, eta 614 partidu jokatu zituen. Gaur egun Athleticekin partidu gehien jokatu dituen jokalaria da. Hala ere, askok 1976 urtean Atotxako zelaira ikurrinarekin ateratzeagatik izango dute gogoan. ‘Kirolkidea’ kirol hiztegiaren bultzatzaile nagusia izan zela, ordea, jende gutxik daki.
Iribarrek adierazi du hiztegia hutsuneak betetzeko bultzatu zuela. Garai hartan tarte izugarriak ikusten zituen kirol munduan, eta bere ibilbide profesionalaren amaiera zela aprobetxatuz zeozer itzuli nahi izan zion kirolari.
Momentu horretan dena gaztelaniaz eta ingelesaz bazen ere, Iribarrek aitortu du egoera asko aldatu dela, eta euskararen presentzia areagotu egin dela Lezaman eta klubean. Gero eta gehiago entzuten da zelai barruan eta kanpoan, baina erabilpenean oraindik lana dago egiteke.

Arritxu Iribar Euskadi Irratiko kazetaria

Arritxu Iribar Euskadi Irratiko kazetaria

Lezamatik Anoetara joan da Kike Amonarriz, eta Arritxu Iribar Euskadi Irratiko kazetariarekin gauzak zenbat aldatu diren izan dute hizpide. Izan ere, futbolean zein beste kiroletan euskararen erabilerak bilakaera handia izan duela baieztatu du esatariak. Kazetaritzan aldaketa hori asko nabaritu da, garai batean herri kirolak bezalako modalitateetan bakarrik erabiltzen zelako euskara. Iribarren ustez asko igartzen dira eman diren urratsak, eta nabarmendu nahi izan du profesionalek txapelketa garrantzitsuetan euskaraz eskerrak emateko detaileak daukan eragina.

Kike, Harrikada Curling Taldeko kideekin

Kike, Harrikada Curling Taldeko kideekin

Curling-a eskoziar jatorriko kirola da, eta izotz gainean praktikatzen den petanka antzekoa dela esan daiteke. Baina petanka ez bezala curling-a kirol olinpikoa da, eta Gasteizen ere, zale anitz ditu. Kike Harrikada Curling Taldeko kideen entrenamenduan izan da, euskaraz edozein kirol praktika daitekeela erakusteko. Itzulpen erraza daukaten hitz batzuk erabiltzen badituzte ere, terminologia aldetik dena egin behar dutela aitortu dute jokalariek.

Gaur egun, kirol bitxi asko daude: urpeko errugbia, bizi-poloa, jugger izeneko kirola, burbuila futbola… Azkenean berdin du zer kirol aukeratzen dugun, kontua ondo pasatzea da, eta euskaraz bada… hobeto.
Ondo izan eta hobeto bizi!
Programa osoa ikusi nahi baduzu, hemen duzu: