Zergatik da garrantzitsua euskara?

‘Tribuaren Berbak’ ETB1eko saioak bigarren denboraldia abiatu du eta lehen atala izan dugu igande honetan ikusgai. Joan den denboraldian euskarari buruzko hainbat istorio ezagutu genituen; besteak beste, 7.000 milioi pertsona baino gehiago bizi direla munduan eta gizakiok 7.000 hizkuntza inguru hitz egiten ditugula. Halaber, euskara ardatz hartuta, Euskal Herriko izkina eta bazter guztiak arakatu genituen.

Bada, euskararekin loturiko kontu berriekin itzuli da orain Kike Amonarriz. Hasteko, ‘Zergatik da  garrantzitsua euskara?’ Galdera horretatik abiatuta ekin dio lehen saioari. Askoren ustetan hobe litzateke munduan hizkuntza bakarra izatea; izan ere, horrela, ziurrenik, hobeto ulertuko ginateke.

Herritarren iritzia jasotzen

Herritarren iritzia jasotzen

Munduan hizkuntza bakarra izatea, onerako edo txarrerako izango litzatekeen jakin nahi izan du Kike Amonarrizek eta kalean galdetuta, denetariko erantzunak jaso ditu. Aspergarria izango litzatekeela diote batzuk; beste batzuen ustez, ordea, horixe litzateke egoera perfektua.

Ta, hizkuntzak loreengatik aldatuko bagenitu? Hau da, zein lore aukeratuko zenukete munduko lore bakarra izateko? Azken batean, lore guztiek funtzio bera betetzen dute. Orduan, zertarako behar ditugu horrenbeste lore desberdin?

Belen Uranga, soziologoa

Belen Uranga, soziologoa

Loreak inguruan dituztela elkartu dira Belen Uranga soziologoa eta Kike Amonarriz. Testuinguru horretan azaldu du Urangak hizkuntza ekologikoa izeneko kontzeptua, hau da, hizkuntza guztien iraunkortasuna lortu nahian, hizkuntza ikuspegi ekologikotik ikustea. Hortaz, hizkuntza baten ekosistema hizkuntz komunitatea bera dela azaldu du Urangak, datozen belaunaldientzat hizkuntza hori interesgarria eta erabilgarria izatea eragingo den komunitatea, hain zuzen ere. Bestetik, hizkuntz aniztasunaren garrantzia azpimarratu du Urangak eta, halaber, hizkuntza bi edo hiru bakarrik izateak, maila sozialean zein kulturalean pobrezia handia ekarriko lukeela nabarmendu du. Azkenik, Urangaren esanetan, ‘gaurko euskaldunok dugun eginkizun etikoa ondorengoei euskara transmititzea da’.

Esparru ezberdinetan arakatuz

Esparru ezberdinetan arakatuz

Handik, lau esparru ezberdinetako tribukideengana jo du ‘Tribuaren berbak’ saioko lan taldeak, esparru horietan euskarak duen garrantzia zein den azaltzeko. Batetik, Juan Garaño eta Joxe Mari Goenaga zinemagileen ustetan euskara garrantzitsua da zinemagintzan, errealitate euskaldun batentzako fikzio euskaldun bat ere behar delako. Bestetik, Santi Agirregoikoa Elay Taldeko zuzendari orokorraren hitzetan, euren lantokian euskara dute laneko hizkuntza nagusia. Halaber, Usurbilgo DYAko lan taldearentzat ere garrantzitsua da euskara, izan ere, jendea ondoen euskaraz adierazten da eta larrialdi kasuetan ezinbestekoa da elkar ondo komunikatzea. Azkenik, Haizea Barcenilla arte komisarioak azaldutakoaren arabera, arte munduan euskara gero eta garrantzitsuagoa da, gizartea bera geroz eta euskaldunagoa delako.

Amaia Antero, soziolinguista

Amaia Antero, soziolinguista

Jendeak euskarari zergatik ematen dion garrantzia argitze aldera, Amaia Antero soziolinguistarekin elkartu da Kike Amonarriz. Haren esanetan, arrazoi batzuk praktikoak izango diren arren (lanpostu bat lortzeko, seme-alabekin hitz egiteko, etab.), beste askorentzat pentsatzeko, sentitzeko eta hori besteei komunikatzeko hizkuntzarik kuttunena da euskara. Bada, arrazoi intimo horiek dira garrantzitsuenak. Gainera, Anterok azpimarratu duenez, hizkuntz komunitate orok dauka duintasunez bizitzeko eskubidea eta, hizkuntzak identitate indibiduala eta kolektiboa eraikitzen laguntzen digu.

Jon Landaburu hizkuntzalaria, Kolonbiatik

Jon Landaburu hizkuntzalaria, Kolonbiatik

Kolonbiara ere egin du jauzi ‘Tribuaren berbak’ saioko lan taldeak, izan ere, Kolonbia aniztasun gehien biltzen duen munduko herrialdeetako bat da, baita hizkuntzari dagokionez ere. Jon Landaburu hizkuntzalariak 40 urtetik gora egin ditu hizkuntza indigenak ikertzen, eta Kolonbiatik bertatik jakinarazi digunez, herrialdean inguru oso ezberdinak izateak eragina du hizkuntz aniztasunean. Landabururen hitzetan, ‘herri baten memoria eta sentsibilitatea da hizkuntza’.

Marie Wilcox wukchumni hizkuntzari geratzen zaion azken hiztuna da. Charlie Mungulda amurdag hizkuntzaz komunikatzeko gai den azkenekoa den bezala. Eta Cristina Calderón yagánez egiten dakien azken hiztuna da. Tamalez, oso hiztun gutxi dituzten hizkuntza asko daude eta bi astean behin horietako bat betiko galtzen dugu. Eta berekin batera mundua ulertzeko modu berezi bat.

Bernardo Atxagaren iritzia jasoz

Bernardo Atxagaren iritzia jasoz

Bernardo Atxaga idazlearekin izan du hurrengo hitzordua Kike Amonarrizek. Atxagarentzat, ikasbide bat izan da euskara, asko ikasi baitu munduari buruz. Halaber, euskara lanerako bere etxea izan dela azpimaratu du Atxagak eta, bere ustetan, erderaz idatzita, ez litzateke euskaraz halako ondo arituko.

Hizkuntza guztiak dira garrantzitsuak beren hiztunentzat eta gizateriaren aniztasunarentzat: euskara, ingelesa edo yagana izan. Eta guztion lana da euren zainketaz eta bizirauteaz arduratzea. Hurrengo astean gehiago, ‘Tribuaren berbak’ saioaren denboraldi berriko bigarren atalean. Bitartean ondo izan eta hobeto bizi!

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *