Hasi da atzerako kontaketa. Datorren martxoaren 14an hasiko da Andoainen Korrika 18, eta Euskal Herria zeharkatuko du Baionara heldu arte. 17 Korrika eta 32 urte igaro dira AEK-k 1980an lehenengo Korrika antolatu zuenetik. Leloak, kartelak, lasterketaren ibilbidea edo kilometro kopurua aldatu egin bada ere, helburuak bera izaten jarraitzen du: euskara goraipatzea.

Korrika 17 Foto: eitbcom
1980-2013: kartelak, leloak eta bitxikeriak
Korrika 1:
Noiz: 1980
Nondik nora: Oñati – Bilbo
Leloa: “Zuk ere esan bai euskarari”,
Bitxikeria: Oñatiko Unibertsitateko ateetatik abiatu zen lehen Korrika eta elurra ari zuen.
Korrika 2:
Noiz: 1982
Nondik nora: Iruñea – Donostia
Leloa: “AEK, euskararen alternatiba herritarra; Korrika, herriaren erantzuna euskararen alde”.
Bitxikeria: Rikardo Arregi kazetari, idazle eta kultur eragilea omendu zen 1982ko Korrikan.
Korrika 3
Noiz: 1983
Nondik nora: Baiona – Bilbo
Leloa: “Euskaraz eta kitto!”
Bitxikeriak: Gabriel Aresti idazle handia omendu zen.
Korrika 4
Noiz: 1985
Nondik nora: Atharratze-Iruñea
Leloa: “Herri bat, hizkuntza bat”
Bitxikeria: 2.080 kilometro egitera abiatu ziren Atharratzetik Iruñera euskaldunak.
Korrika 5
Noiz: 1987
Nondik nora: Hendaia-Bilbo
Leloa: “Euskara, zeurea”
Bitxikeria: Lasterketak Balendin Enbeita omendu zuen, bertsolaritzan eta euskara suspertzen konstelazio disdiratsua izandako familia bateko kidea
Korrika 6
Noiz: 1989
Nondik nora: Iruñea-Donostia
Leloa: “Euskara korrika eta kitto. Euskal Herriak AEK”
Bitxikeria: Omenaldia jaso zuena euskal kulturaren langile nekaezin eta jakintsua izan zen: Jose Migel Barandiaran, mende bateko korrikalaria.
Korrika 7
Noiz: 1991
Nondik nora: Gasteiz-Baiona
Leloa: “Korrika euskara, euskaraz Euskal Herria”
Bitxikeriak: Bidasoaz iparraldean, Baionan, amaitu zen lehen aldiz lasterketa.
Korrika 8
Noiz: 1993
Nondik nora: Iruñea-Bilbo
Leloa: “Denok maite dugu gure herria euskaraz”
Bitxikeria: Martin Ugalde kazetari, historialari, idazle eta kultur eragile andoaindarra omendua izan zen, komunikabide eta AEKren arteko komunikazioa errazteagatik.
Korrika 9
Noiz: 1995
Nondik nora: Donibane Garazi – Gasteiz
Leloa: “Jalgi hadi euskaraz”
Bitxikeria: Mikel Laboa abeslaria izan zen omendua
Korrika 10
Noiz: 1997
Bitxikeria: Luis Villasante euskaltzainak eraman zuen ekitaldiaren hasieran lekukoa.
Nondik nora: Arantzazu – Bilbo
Leloa: “Euskal Herria korrika”
Korrika 11
Noiz: 1999
Nondik nora: Iruñea-Donostia
Leloa: “Zu eta ni euskaraz”
Bitxikeria: Berrikuntza garrantzitsua izan zuen edizioak. Hamaikagarrena izanda, omenduak ere hamaika izan ziren eta ez bakarra, orain arte bezala.
Korrika 12
Noiz: 2001
Nondik nora: Gasteiz-Baiona
Leloa: “Mundu bat euskarara bildu”
Bitxikeria: Urte honetan, ibilbide arruntaz gainera, ibilbide birtuala ere egin ahal izan zen ziberlekukoari esker.
Korrika 13
Noiz: 2003
Nondik nora: Gasteiz – Baiona
Leloa: “Herri bat geroa lantzen, korrika”
Bitxikeria: “Ez dok amairu” mugimenduak jaso zuten Korrika 13ren gorazarrea.
Korrika 14
Noiz: 2005
Nondik nora: Orreaga-Bilbo
Leloa: “Euskal Herria euskalduntzen. Ni ere bai”
Bitxikeriak: euskaldun berriak goraipatu zituen eta horien guztien ikurtzat har daitekeen Andolin Eguzkitza zendua omendu zuen Korrikak.
Korrika 15
Noiz: 2007
Nondik Nora: Karrantza-Iruñea
Leloa: “Heldu”
Bitxikeria: Euskal emakumeak izan ziren omenduak euskara, belaunaldiz belaunaldi, gorde eta transmititzeko egin duten lanagatik.
Korrika 16
Noiz: 2009
Nondik nora: Tutera – Gasteiz
Leloa: “Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira”
Bitxikeriak: ONGI ETORRI! handi bat luzatu zien euskararen berreskurapenean lagundu behar duten erakunde guztiei.
Korrika 17
Noiz: 2011
Nondik nora: Trebiñu – Donostia
Leloa: “Maitatu, ikasi, ari… euskalakari”
Bitxikeria: Euskal Herria euskalduntzeko herritar bakoitzaren egitekoa, garrantzia eta protagonismoa aldarrikatu zituen Korrika 17k.