Tag Archives: liburuak

Liburu onen bat irakurtzeko gogorik bai? Proposamen batzuk!!

Uda bete-betean gaude, askok oporrak dituzte (dituzue? :-)) eta unea oso egokia da, hondartzatik hondartzara eta festaz festa gauden honetan, gure literaturaz gozatzeko ere. Euskararen inguruko blog honetan, behintzat, horrela uste dugu, eta proposamen batzuk bota nahi dizkizuegu gaurkoan. Ea zer iruditzen zaizuen ondorengo zerrenda ;-).

Uda amaitu baino lehen irakurtzeko 5 liburu

Argazkia: amazon.es

Argazkia: amazon.es

Izenburua: “Ni, Vera”

Egilea: Itxaso Martin Zapirain

Argitaletxea: Elkar, 2012

Itxaso Martin Zapirainen lehen eleberria da “Ni, Vera”, eta bertan protagonistaren alde izkutuetan eta ilunetan murgilduko gara. Hori da, azken finean, pertsonaia horrek egin beharko duena bere burua onartzeko eta sekretu handi baten hondoraino heldu ahal izateko.

Argazkia: blogs.eitb.eus/pompasdepapel/

Argazkia: blogs.eitb.eus

Izenburua: “Twist”

Egilea: Harkaitz Cano

Argitaletxea: Susa, 2012

Idazle lasartearraren laugarren eleberria da “Twist”. Protagonistak hiru lagun dira: Soto, Zeberio eta Lazkano. Soto eta Zeberio bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazi egin zituzten. Lazkano, hirugarrena, bizirik dago, baina susmo bat badu: bere lagunen ordez bizi izango balitz bezala bizitzea al da bere erantzunkizuna? Posible al da bizitza bakarrean hiru visitas desberdin izatea? Horixe bera da liburuaren sinopsiak dioena. Adiskidetasunaren inguruko liburua da, eta ondorengo gaiak uztartzen ditu: gerra zikina, maitasuna, lotsa, justizia eta errua. Istorioa 1983an kokatzen da, Donostian hain zuzen ere.

Argazkia: katalogoa.org

Argazkia: katalogoa.org

Izenburua: “Beste norbaiten zapatak”

Egilea: Garazi Kamio

Argitaletxea: Elkar

Igartza saria lortu du Garazi Kamiok lan honekin. Zortzi ipuinek osatzen dute, eta, Garazik berak elkarrizketa batean (hemen) azalduta duenez, “bidegurutze batean dauden pertsonen inguruko kontakizunak dira“. Ipuin bakoitzean bikote desberdin bati gertatzen zaionaren berri izango du irakurleak. Bitxikeri moduan, ondorengoa esango dugu: liburuak, hasiera batean, “Gerizpeko panpinak” zuen izena, egileak berak adierazi duenez :-). Hona hemen liburuaren aurkezpenaren bideo bat:

Argazkia: lahormigaatomica.net

lahormigaatomica.net

Izenburua:Plazer bat izan duk, Benito

Egileak: Pako Aristi eta Mikel Markez

Argitaletxea: Elkar, 2012

Pako Aristi idazleak eta Mikel Markez kantariak zenbait egitasmo desberdinetan murgildu dira urteetan zehar. Kasu honetan, Benito Lertxundirekin izandako hainbat solasaldiren emaitza da liburu hau. Benito Lertxundi ondo baino hobeto ezagutzeko aukera izan dute Pakok eta Mikelek eta horrela islatu dute gomendatu nahi dizugun lan honetan.

tebeosfera.com

tebeosfera.com

Izenburua: “Asterix: urrezko igitaia”

Egileak: Albert Uderzo eta René Goscinny

Komiki hau, jakina, ez da berria, klasiko bat baizik, baina arrazoi batengatik ekarri nahi dugu hona: izan ere, Asterixen liburuen edizio berri bat ari dira kaleratzen, formatu handiagokoa, eta Asterix euskaraz ere irakurtzeko aukera dugu edizio berezi horretan. “Urrezko igitaia”, “Asterix galiarra” edo “Asterix gladiadorea” dira, besteak beste, liburudendetan eta denda espezializatuetan dauden edo egongo diren izenburuetako batzuk.

Bueno, zer deritzozue? Zeinekin hasiko zarete? 🙂 Zein da esku artean duzuen liburua? Anima zaitezte eta kontatu! Mila esker!

Irakurri, gozatu eta oparitu

Topagunearen Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoaren bosgarren edizioa abian da. Irakurketa sustatzeko asmoz sortu den egitasmoa Hego Euskal Herriko 12 herritan gauzatuko da, tokian tokiko euskara elkarteen, udal liburutegien eta liburu denden elkarlanari esker.

liburuak

Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira bertan parte hartzeko:

Irakurri: lehenengo pausua irakurtzea da; euskaraz irakurtzea, hain zuzen ere. Herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan hartzea da lehen pausua. Hartzea eta irakurtzea, noski.

Gozatu: liburua irakurritakoan, liburutegira bueltatu, eta fitxa sinple-sinple bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua, zer inpresio eman digun… Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.

Oparitu: azken pausua, aurrekoetan bezalaxe, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, bihotzeko azukre koxkorrari… edo, zergatik ez, norbere buruari. Liburutegian jasotako txartelarekin, prezioaren %25 ordaindu ahal izango dugu liburu dendan euskarazko beste edozein liburu erostean, edo %50 Euskara Elkarteko kidea izanez gero.

Egitasmoaren helburu nagusia irakurzaletasuna bultzatzea da, euskaraz irakurtzearen alde atsegina azpimarratu nahi izan dugu: euskararen erabilera gozagarria sustatu nahi du Topaguneak, irakurtzeak eta oparitzeak (zein opariak jasotzeak) dakarten gozamenaren bidez.

Baina, bide batez, oso garrantzitsuak diren bestelako helburuak ere lortu nahi ditu Topaguneak ekimen honen bidez:  batetik, Euskara Elkarteetako bazkide diren euskaltzaleak liburutegi publikoen erabiltzaile aktibo bihurtzea, era askotako eragile publiko eta pribatuen elkarlana sustatzea, eta eragile horien guztien arteko harreman sarea euskaraz hedatzea, eta azkenik, ekimen honek ekarpena egin nahi dio euskarazko liburugintzari, liburuen ekoizpena eta salmenta bultzatuz.

Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoa apirilaren 23an hasi zen, Liburuaren Nazioarteko Egunean. Katalanek Diada de Sant Jordi delakoa ospatzen dute egun horretan, elkarri arrosak eta liburuak oparituz. Amaiera, berriz, uztailaren 23an izango du: izan ere, uda izaten da jendeak irakurtzeko denbora gehien duen tartea, eta ondorioz uda aurreko hilak oso egokiak iruditu zaizkigu liburu trukea sustatzeko.