Monthly Archives: October 2008

Egun bat Musikan: YOU’LL NEVER WALK ALONE 1966 Nº1 UK

1963ko urriaren 31an, Gerry and the Pacemakers taldearen "You’ll never walk alone" ageri zen Erresuma Batuko pop single salduenen zerrenda nagusiko lehen postuan.

Kanta hau New York hiriko Richard Rodgers-ek eta Oscar Hammerstein II.ak konposatu zuten 1945eko Carousel, Broadwayko antzezlan musikalerako. Orduz geroztik Estatu Batuetako crooner gehienek egin dute euren moldapena eta abestiaren ehunka grabaketa daude.

Harrigarria dirudien arren, Broadwayko musikal batetarako konposatutako kanta hau, Liverpool hiriko futbol taldearen himno ofiziala ere bada, eta kasualitate hutsez gainera. Dirudienez, partidu  egunetan, futbol zelaiko ateak irekitzearen arduradunek musika jartzen zuten megafonian, pop arrakasta handiak biltzen zituen disko bat. Jokalariak zelaira ateratzen diren une horretan beti kanta bera tokatzen omen zen, "You’ll never walk alone", Liverpool-eko jarraitzaileek garrasika abesten zutena. Honela bihurtu zen kanta hau taldearen himno ofiziala. 

 

Egun bat Musikan: Imagine (John Lennon)

Imagine, John Lennonen bakarkako bigarren bilduma, 1971.urteko urriaren 30an iritsi zen Erresuma Batuko arrakasta zerrendetako lehenengo postura. Bilduma honetako kanten artean, John Lennonen bakarkako kantarik arrakastatsuena aurkitzen dugu: Imagine. Soinuz goxoa izan arren, Imagineren mezua oso erradikala da. Baina, goxotasun horren eraginez-edo, pentsamolde askoz kontserbadoreagoa duten abeslari ugarik kantatu izan du Lennonen klasikoa. Disko osoa da nahiko goxoa edo, beste modu batera esanda, soinu komertzialagoduna.

  Continue reading

Egun bat Musikan: 96 TEARS Nº1 USA 1966

1966ko urriaren 29an, Question Mark & The Mysterians taldeak Estatu Batuetako single salduenen gailurra eskuratu zuen euren estreinako singlearekin:”96 tears”. Une hartantxe, Michigan-eko talde hau 60ko hamarkada osoko garage rock talde garrantzitsuenetako bat bihurtu zen.

Talde honetako kideak Michigan-en bizi baziren ere, guztiak Texas-en jaioak ziren eta mexikar sustraidun familietatik zetozen. Taldeko abeslari nagusia eta konposatzaile aipagarriena, ere, Rudy Martínez izeneko gazte bitxi eta misteriotsu bat zen, guztiek Question Mark goitizenaz ezagutzen zutena. Pertsonai xelebre xamar honek Martetik etorritako alien bat izatearen ustea omen zuen eta inoiz ez zen eguzkitarako betaurreko ilunik gabe ateratzen eszenatokira. Horrenbesteko txoro punttua zuen, taldeak Cameo Parker diskoetxearekin zinatu zuela, zigiluaren logoaren kolorea laranja zelako eta hau zelako, ere, Question Mark (?) jaunaren kolore kuttunena.

1966an argia ikusi zuenetik “96 tears” kantak hainbat eta hainbat moldapen izan ditu eta nabarmentzekoa da, dagoen bertsio kopuru handia eta moldapen hauen aniztasuna; soul eta funk ukituko moldapenetatik, punk rock eta hardcore taldeek egindako moldapenetara. Bakarren bat aipatzekotan, 1990ean Stranglers taldeak egindakoa aipatuko genuke, bertsio honek Erresuma Batuko pop arrakasten zerrendako 17.postua eskuratu baitzuen.

Playlist: I wonder (Rodriguez)

70.hamarkadako folk musikaren izar ez oso ezaguna da Rodriguez bakarlari estatubatuarra. Sasoi hartan modan zeuden hainbat estilotako ukituak ditu bere musikak baina, horrexegatik beharbada, orohar, nahiko sailkaezina da Cold Fact bilduma interesgarriaren egilea. Aurten disko hau, birmasterizatua, berriz argitaratu dute. Dirudienez, Australian jarraitzaile ugari ditu Rodriguezek. Gure artean, ordea, bere lanak ez du oihartzun bera izan. Bada, Eitbmusikan entzungai duzu, I wonder kanta aste honetan estreinatu baitugu gure sintonian.

Egun bat Musikan: Everything I own (Ken Boothe)

1974ko urriaren 28an Ken Boothe jamaikarra Erresuma Batuko single arrakastatsuenen zerrendako lehenengo postura iritsi zen Everything I own kantaren bertsioarekin. Reggae-aren aurretiko rock steady delakoaren erregeetako bat izan zen Boothe, Alton Ellisekin batera. Everything I ownen arrakastak, hala ere, bere ospea reggaea nagusi zen urteetara iritsi zela erakusten digu.

  Continue reading

Egun bat Musikan:MIDNIGHT TRAIN TO GEORGIA

1973eko urriaren 27an, Gladys Knight & The Pips taldearen "Midnight Train To Georgia" ageri zen Estatu Batuetako single salduenen zerrendako lehen postuan . Hau izan zen Gladys Knight abeslariaren taldeak pop zerrenda amerikarren gailurra eskuratzen zuen lehen aldia. VeeJay eta Motown diskoetxeetan egon ziren sasoian hainbat arrakasta txiki lortu zituzten arren, ordu arte ez zuten tamaina honetako arrakastarik lortu.

Jim Weatherly-k konposatutako kanta hau  "Midnigth Plane To Houston" izeneko abesti batetan oinarritzen da. Singlea, Tony Camillo-k ekoiztu zuen eta Buddah zigiluak argitaratu; ondoren, Imagination izeneko LP-an jaso zen kanta. Disko hau, ere, oihartzun nabarmenekoa izan zen eta besteak beste, "Best thing that ever Happened To Me" single arrakastatsuarekin gogoratzen da. 

"Midnight Train To Georgia" Gladys Knight abeslariaren ibilbide osoko izenburu arrakastatsuena izan zen eta 1973ko single entzunenetako bat.

Playlist: the Ballad of Ronnie Drew

Irlandako musikaririk esanguratsuenak Ronnie Drew herrikidea omentzeko elkartu ziren urte hasieran. Orduan, the Dubliners taldeko sortzailea oso gaixo zen jada (eztarriko minbizia zeukan). Abuztuan hil zen, 73 urte zituela. Aipatutako irlandar musikari guzti hauek (U2, the Dubliners, Sinéad O’Connor, Eleanor McEvoy, Ronan Keating, Shane MacGowan (the Pogues) eta Andrea Corr, besteak beste) U2 taldeko the Edge-ek eta Bonok konposatutako The Ballad of Ronnie Drew kanta grabatu zuten. Eitbmusikaren programazioan entzungai duzu.

Playlist: A-Punk (Vampire Weekend)

Badirudi Vampire Weekend New York-eko talde arrakastatsua azaroan sartuko dela estudioan, bigarren diskoa grabatzeko. Egia esan, urte hasieran kaleratutako beraien lehenengo bilduma aurtengo lanik eraberritzaileenetakoen eta deigarrienen artean da. Momentuz, bigarrena kaleratzen duten bitartean, A-Punk izeneko kantarekin entzun ditzakezu eitbmusikan.