Tag Archives: ’90s

Crowded House Woodface

img_1_pr Gaur, 22:00etatik aurrera, eta Eitb Musikaren sintonian, Crowded House taldearen Woodface diskoa izango dugu entzungai.  1991ko disko hau, 90eko hamarkada hasierako pop musikaren gailurretako bat,  Neil eta Tim Finn anaiek konposatu zuten.

Finn anaiek proiektu paralelo baterako sortu zituzten disko honetan jasotako abesti gehienak baina azkenik Crowded House taldeak grabatu zituen.  Capitol zigiluak eta Crowded House taldeak hitzartuta zituzten Zelanda Berriko taldearen hurrengo diskoaren grabazio eta argitalpen datak. Capitol diskoetxeak, baina,  atzera bota zizkien disko berrirako proposatutako abestiak eta diskoaren grabazio saioen egunak gainera zetozkiela ikusita Neil Finn-ek anaiari galdetu zion ea euren proiekturako idatzitako abestiak Crowded House taldearen disko berrirako graba zitzaketen. Anaiak baietz erantzun zion baina berak ere diskoaren grabazioan parte hartzearen baldintzarekin. Adostasun batera iritsi ziren eta gutxira ekin zioten Woodface diskoa grabatzeari. Diskoak aurkeztu zituen singleen artean “Weather With You izan zen arrakastatsuena.

The Smashing Pumpkins: Siamese Dream

siamese dream The Smashing Pumpkins taldearen bigarren diskoa 90eko hamarkada osoko alt rock disko onenetako bat izan zen. 1993an Virgin diskoetxean argitaratutako lan hau Billboard-aren 10.posturaino igo zen astebeteko tartean  eta diskoaren 4 milioi ale saldu ziren Estatu Batuetan eta beste 6 milioi ale Estatu Batuetatik kanpo.  Grunge, Noise Rock eta orohar Alt Rock amerikarraren gorakak ahalbideratu zuen arrakasta hau baina testuingurua lagungarria izan zela esatearekin ez dugu  Siamese Dream diskoaren kalitatea gutxietsi nahi. Abesti bikainez osatutako lan mardula da hau, poetikoa, indartsua eta sakona. Hauek diskoaren singleak:”Cherub Rock, “Today, “Disarm, “Rocket”.

Uncle Tupelo: Anodyne

uncle tupelo 1993ko Anodyne Uncle Tupelo amerikarren  estudioko azken lana izan zen. Disko hau grabatu zutenerako Mike Heidorn bateria- jotzailea taldetik kanpo zegoen eta Jay Farrar zein Jeff Tweedy euren bakarkako proiektuetan pentsatzen hasiak ziren. John Stirratt, Ken Coomer eta Max Johnston hartu zituzten taldea osatzeko eta Texasen, Austineko Cedar Creek estudioan grabatu zuten diskoa.Lehen aldiz taldearen historian, Uncle Tupelok diskoetxe handi baten (Sire)  babesa izan zuen diskoaren argitalpen eta aurkezpen birarako baina honek ez zuen taldearen halabeharreko bukaera eragotzi. 1994an Jay Farrar abeslari eta gitarristak Uncle Tupelo taldea uzten zuenaren albistea eman zuen.

Illinoiseko talde honen hazietatik jaio ziren ondoren Son Volt eta Wilco bezain talde nabarmengarriak, azken 15 urteotako alt-country talde onenen artean daudenak.

22:00 etatik aurrera, Anodyne diskoa izango da gaurko Eguneko Diskoaren protagonista.

Nirvana: Smells Like Teen Spirit

1991ko irailaren 10ean argitaratu zen Amerikako Estatu Batuetan Nirvana taldearen “Smells Like Teen Spirit” singlea. Seattleko hirukoteak Nevermind diskoaren aurkezpen single gisa kaleratu zuen abesti hau eta singlearen nazioarteko oihartzunak Grunge musikaren eztandari egin zion bidea. Ondorengo 3 urteetan, Kurt Cobainen heriotza arte, Nirvana izan zen amerikar rock alternatiboaren talde arrakastatsuena.

Pulp Fiction

Pulp FictionPulp Fiction pelikularen soinu banda entzungo dugu gaur gauean Eitb Irratian, 22:00etatik aurrera. Film honekin, Quentin Tarantinok, pelikulak egiteko modua eraberritu zuen bezalaxe, soinu bandak egiteko modu berri bat sortu zuen. Izan ere, Pulp Fictionen ez da entzuten espreski pelikularentzat sortutako girotze musikarik. Tarantinok surf musika aukeratu zuen horretarako, eta tartean hainbat soul, rock, pop eta country klasiko ere sartu zituen. Hala nola, Kool and the Gangen “Jungle Boogie”, Urge Overkillen “Girl, You’ll Be a Woman Soon”-en bertsioa eta Dusty Springfielden “Son of a Preacher Man”, besteak beste. Kanta-aukeraketa honek pelikularen biolentzia, umore eta estetikaren nahasketa basatia islatzea lortzen du.

Pavement: Shady Lane


Pavement 90.hamarkadako talde esanguratsua berriz ere zuzenekoak ematen ari da mundu osoan. Dakizuenez, hilaren 27an Bartzelonan joko dute Primavera Sound jaialdiaren programazioaren barruan.  Stephen Malkmus eta konpainiaren errepertorioa errepasatu nahi izanez gero, Quarantine the Past izeneko bilduma argitaratu berrian, lo-fi mugimenduko aitzindari hauen kantarik onenak batu dituzte. Eitb Musikaren programazioan jada entzungai duzu hauetako bat: 1997.urteko “Shady Lane” (kantaren bideoklipa Spike Jonzek zuzendu zuen).

Elliott Smith: XO

XOGaur, gaueko hamarretatik aurrera, Elliott Smith-en XO (1998) diskoa izango dugu entzungai Eitb Musikaren sintonian, Eguneko Diskoa tartean. Portland-eko bakarlariak bere aurreko lanetako estilo akustikoarekin jarraitu beharrean, orkestra moldaketa aberatsez jantzi zituen disko honetako kantak. Izan ere, zigilu independiente txikiekin lan egin eta gero, XO Dreamworks haundiagoarekin kaleratu zuen eta eskura baliabide gehiago aurkitzerakoan, bere melodia konplexuak landuagoak aurkezteko aukera izan zuen.