Tag Archives: ’50s

Raymond Scott: Manhattan Research Inc.

Manhattan Research IncRaymond Scott XX.mendeko musikaren aitzindari nagusienetako bat izan zen. Bere ibilbide profesional 30. hamarkadan hasi zuen, swingaren garaian. Musikari beltzak eta zuriak elkartu zituen historiako lehenengo orkestra osatzeaz gain, egungo musikaren garapenarentzat garrantzitsuak izan diren beste hainbat mugarri jarri zituen Scott-ek. Bera izan zen, esaterako, historiako lehenengo sintetizadoreetako baten sortzailea eta bere konposizio elektronikoak, 60.hamarkadan, geroago ambient bezala definitu zena aurreratu zuten. 1946.urtean Manhattan Research Inc. sortu zuen, musika elektronikoa eta konkretoa konposatzeko egon zitezkeen baliabiderik aurreratuenak garatzeko asmoarekin. Berak eraikitako tresna elektronikoekin sortutako konposizioak iragarki ugaritan eta telebista edo zinemarako filmeetan erabili ziren eta harrigarria da Scott-ek idatzitako piezen gaurkotasua . Gaur, gaueko hamarretatik aurrera, Raymond Scotten unibertsoa entzungai izango dugu Eitb Musikan.

Zuzenketa!

Lord KitchenerAsteazken gauean, Eitb Musikan, London is the Place for Me diskoa entzungo genuela iragarri arren, egun horretan emititu genuena Gillian Welch-i eskainitako saioa izan zen, hasiera batean astelehenerako iragarrita zegoena. Gaur bai, gaueko hamarretatik aurrera, Lord Kitchener eta konpainia entzungo ditugu, 50.eko hamarkadako calypso goxoa eskainiz. Barkatu eragozpenak.

London is The Place for Me. Trinidadian Calypso in London, 1950-1956

London is the Place for MeSka edo reggae generoak garatu baino lehenago, calypso soinuak izan ziren Trinidad eta Tobagotik edo Karibeko beste irla batzuetatik Erresuma Batura joandakoen komunitatearen soinu banda. Lord Kitchener, Lord Invader, Mighty Terror, Young Tiger… 50.hamarkadako calypso-aren izen esanguratsuak dira. Guztiak gaur gauean entzungo ditugu, hamarretatik aurrera, Eitb Musikan.

Egun bat Musikan: DION DIMUCCI

Doo wop musikaren ahots aipagarrienetako bat, Dion DiMucci abeslaria, 1939ko uztailaren 18an jaio zen.

Metroko geltokietan eta New Yorkeko kale izkinetan abesten zuten ahots talde txikietako kide bezala hasi zuen bere musika ibilbidea eta 50eko hamarkada bukaeran lortu zituen bere lehen arrakastak The Belmonts taldeak Laurie Records zigilu berriarekin kontratu diskografikoa zinatzean. Talde honetako kideek betidanik ezagutzen zuten elkar, hirurak ziren jatorri italoamerikarrekoak, hirurak bizi ziren ere Belmont hiribidean eta hirurek ikasi zuten institutu berean.

1957tik 1959ra, Dion & The Belmonts Estatu Batuetako doo wop talde arrakastatsuenetako bat izan zen eta “I wonder why”, “A teenager in love edota “Come on little angel”, pop zerrendetako lehen postuetaraino iritsi ziren. 1960an Dion DiMuccik taldea utzi eta bere burua bakarlari bezala aurkeztea erabaki zuen. Ondorengo hiru urteetan, garaiko teen idol famatuenetako bat izan zen eta “Runaround Sue” zein “The Wanderer” abestiak Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko pop zerrenden gailurrean kokatu ziren. 1964an, ordea, Beatles laukoteak Atlantikoa zeharkatu zuen eta Liverpoolekoen etorrerak amerikar pop musika noraezean utzi zuen, urteak iraungo zituen krisi sakon batean.

Heroinak eta Jack Daniels-ak gainbehera jaurti zuten Dion DiMucciren ibilbide profesionala baita bizitza pertsonala. 70eko hamarkarda amaierarako Dion trapu zahar bat baino ez zen.  Urte haietan, tarteka diskoren bat kaleratu zuen arren, 2006 urtera arte ez zuen benetan esanguratsua den lanik argitaratu. Urte honetan, Dion: bronx in blue diskoak grammy sarietara izendapen bat jaso zuen eta abeslaria indarberrituta itzuli zen eszenatokietara. Hainbeste urte eta gero, kritikarien eta entzuleen babesa lortu zuen berriro.