Tag Archives: folk

Vashti Bunyan Just Another Diamond Day

vashti-bunyan-just-another-diamond-day60ko hamarkada bukaerako folk britainiarraren ikono handienetako bat Donovan musikari eskoziarra izan zen. Honek Skye uhartean artista komuna bat sortzearekin egiten zuen amets eta Erresuma Batuko gazteei utopia hartara batzera dei egin zien 1968an. Deialdi honi erantzunez abiatu zen Vashti Bunyan Londresetik  Eskoziako iparralderantz.

Ijito gurdi bat hartu, zaldi bat, txakur bat eta bere mutilaguna, Robert,  eta bidean jarri zen. Urtebete baino gehiago behar izan zuten gurdi bide zaharretan barrena Eskoziara iristeko eta Skye irlara gerturatzean Donovanek komuna hippie hura sortzearen asmoa bertan behera utzi zuenaren albistea eman zieten.  Bidaia, baina, ez zen denbora galtze hutsa izan. Vashti Bunyanek bidai espiritual bat bezala oroitzen du Londresetik Eskoziara egindako bidai hura. Gurdi zahar hartan beste modu batera bizitzen ikasi omen zuen, naturarekin harremanean eta modu sinple baina, bere hitzetan, zoriontsuago batean. Bidai hartan idatzi zituen abestiek osatu zuten 1970eko bere debut diskoa Just another diamond day.

I’m not There Soundtrack

i'm_not_there_mini Todd Haynes zuzendariaren Im not There Bob Dylanen bizitzari buruz egin den film berezienetako bat da. Istorio laburrez jositako amaraun honek bere bizitzaren, nortasunaren eta musikaren alde ezberdinak aurkezten dizkigu eta istorio hauetako bakoitzak aktore ezberdin bat du protagonista (Marcus Carl Franklin, Heath Ledger, Cate Blanchett, Christian Bale, Ben Whishaw, Richard Gere).

Biopic korapilatsu honek ezaguna eta, aldi berean, erabat ezezaguna den Bob Dylan irudikatzen du modu metaforiko batean. Soinu bandak, noski, bere kantak jasotzen ditu baina bertsio benetan bitxietan. 34 abestiz osatutako soundtrack honetan parte hartu duten abeslari eta taldeen zerrenda luzea da, Sonic Youth, Cat Power, Hold Steady, Yo La Tengo eta Antony & The Johnsons, besteak beste, eta aipatzeko modukoa da, ere, soinu banda honetarako eratutako Million Dollar Bashers taldea. Tom Verlaine gitarrista, John Medeski pianista eta Steve  Shelley bateria jotzailea batu zituen Million Dollar Bashers taldeak  5 abesti grabatu zituen disko bikoitz honetarako: “All Along The Watchwater” (Eddie Vedder), “Ballad Of A Thin Man” (Steve Malkmus), “Highway 61 Revisited” ( Karen O), “Cold Irons Bound” (Tom Verlaine) eta “Maggie’s Farm” (Steve Malkmus).

Gaurko Eguneko Diskoaren tartea  I’m not There filmaren soinu bandari eskainiko diogu.

Kate Rusby: Ten

Kate Rusby TenKate Rusby folk abeslari ingelesaren Ten diskoa entzungo dugu gaur Eitb Irratian, gaueko hamarreratik aurrera. Rusbyk musikaren munduan bete zituen lehenengo hamar urteak ospatzen ditu, hain zuzen ere, Hamar deitzen den lan honek. Bere aurreko diskoetako hainbat kanta batu zituen bertan, baina bertsio eraberrituetan. Britaniar Irletako kanta zaharrak dira, Kate Rusbyk, musikari talde bikain batek lagunduta, dakarzkigunak.

Van Morrison & the Chieftains: Irish Heartbeat

Irish Heartbeat1988.urtean, Van Morrisonek The Chieftains irlandar folk talde ezagunarekin bat egin zuen Irish Heartbeat diskoan. Ordura arteko bere lanaren norabidea eten egin zuen, nolabait, Irlandako musika tradizionalak osatzen duen disko honekin. Adituen arabera, 80.hamarkadako Van Morrisonen lanak monotonian erortzen hasiak ziren eta Irish Heartbeatekin bere ibilbideko unerik gogoangarrienetako disdirara itzuli zen. Gaur, gaueko hamarretan, Eitb Musikaren sintonian, gure Eguneko Diskoa izango da Irish Heartbeat.

Kate & Anna McGarrigle

Kate & Anna McGarrigleKate & Anna McGarrigle (1975) McGarrigle ahizpen lehenengo diskoa izan zen. 60.hamarkada hasieratik Montreal sorterriko folk eszenako izen esanguratsuak, Anna eta Kate McGarriglek kritikaren eta komunikabide espezializatuen txaloak jaso zituzten beren debutakin. Oso ondo osatutako diskoa baita, debuta izateko. Laneko kantarik gehienak beraiek konposatu zituzten. Besteak beste, Linda Ronstadt-ek diskoa agertu baino urtebete lehenago grabatutako “Heart Like a Wheel”. Bertsio honen arrakastari esker, McGarrigle ahizpek beren lehenengo kontratua lortu zuten eta horrela disko hau grabatu zuten. Gaur, gaueko hamarretan, Kate & Anna McGarrigle Eitb Musikan entzungo dugu.

Amália Rodrigues: The Art of Amália

The Art of AmáliaGaur gauean, Eitb Musikan, hitzordua daukago Fadoaren Erreginarekin, Amália Rodrigues-ekin. Gaueko hamarretatik aurrera, The Art of Amália (1998) diskoan batutako kantetan murgilduko gara, Rodrigues-ek 50.hamarkadatik 1970eko hamarkadaren hasierara arte grabatu zituen kantarik esanguratsuenetan. 50 urte iraun zuen ibilbide profesionalean, fadoa eta bere izena sinonimoak izatea lortu zuen. Berak esan zuen bezala, “fadoa sentitu egiten da. Fadoa ez baita abesten, gertatu egiten da. Ez da ulertzen, ez da azaltzen, sentitu egiten da”.

Townes Van Zandt: Live at the Old Quarter, Houston, Texas

Live at the Old QuarterTownes Van Zandt-en abestiak, XX.mendeko musikaren klasikoak, artista haundiek abestu izan dituzte. Hala ere, Texas-en jaiotako kantautore honen diskoek ez zuten ezagutu arrakasta gehiegirik argitaratu zirenean, ez ziren momentuko arrakasta zerrendetan agertzen, nahiz eta kritikarentzat eta beste musikarientzat kantagile oso errespetatua izan. Gaur, Eitb Musikan, gaueko hamarretatik aurrera, Live at the Old Quarter, Houston, Texas (1977) entzungo dugu. Bi diskoz osatutako bilduma honetan, 1973.urteko uztailean Houston hiriko The Old Quarter klub-ean Van Zandt-ek eskainitako emanaldietako kantak agertzen dira, guztiak bere lehehenengo diskoetako abestiak: “If I Needed You”, “Pancho and Lefty”, “To Live is to Fly”… Van Zandt-en lanean murgiltzeko ezinbesteko diskoa.

Gillian Welch: Time (The Revelator)

Time (The Revelator)2001.urtean, Gillian Welch estatubatuarrak Time (The Revelator) diskoa argitaratu zuen. Bakarkako hirugarren lan hau O Brother, Where Art Thou? (2000) pelikula arrakastatsuaren soinu bandan esku hartu eta gero kaleratu zuen eta filmaren oihartzunak musika tradizionalen berpiztearen erdigunean jarri zuen Welch. Gaur, gaueko hamarretatik aurrera, Time (The Revelator), entzuteko aukera eskainiko dizugu, Eitb Musikaren sintonian.

Sufjan Stevens: Illinoise

IllinoiseGaur, asteazkena, gaueko hamarretatik aurrera, Eitb Musikan Sufjan Stevens-en Illinoise (2005) disko entzungo dugu. Detroit-eko musikariaren lan hau 2005.urteko “Urteko Diskorik Onena” izendatzen duten zerrenda ugaritan azaldu zen, goreneko postuan. Illinois estatuari eskainitako 22 kantak osatzen duten lan honetan, estatubatuar bizimoduko topiko, elementu eta pertsonaia ugari agertzen dira; serie-hiltzaileak, amerikar janari tipikoak, desfileak, hiriak, presidenteak… Folk-a eta pop oso landua dira nagusi, soinuari dagokionez. Lan hau Sufjan Stevens-en projektu haundiago baten barruan sartzen da: 2003.urtean iragarri baitzuen Estatu Batuetako 50 estatuei buruzko diskoak grabatuko zituela. Lehenengoa Michigan (2003) izan zen, bere sorterriari buruzkoa eta bigarrena, Illinoise, gaur entzungo duguna. Orain arte ez du iragarritako bilduma horretako lan gehiagorik kaleratu.

Beirut: The Flying Club Cup

The Flying Club CupThe Flying Club Cup (2007) Beirut-en bigarren diskoa izan zen. Zach Condon, Beirut-en atzean dagoen gizona, Europa zaharreko musika tradizioarekin liluratutako estatubatuar gaztea dugu. Institututik ihes egin ahal izan zuenean, kontinente zaharrera etorri zen, eta Paris bere operazio-gune bilakatuz, Europa ekialdeko musikan, batez ere, murgildu zen buru-belarri. Gulag Orkestar (2006) Condon-ek bere logelan zituen musika-tresnekin grabatu zuen, bakar-bakarrik. Beirut-en lehenengo disko horrek sekulako arrakasta izan zuen mundu osoan. Bigarrenean, Balkanetako musikara eta bestelako soinu europarretara itzuli zen, beste behin, guztia bere erara moldatuz. Gaur, gaueko hamarretatik aurrera Eitb Musikan entzungo dugu The Flying Club Cup.