Monthly Archives: January 2010

Kevin Coyne: Marjory Razorblade

Marjory Razorblade1973.urtean Kevin Coyne-k Marjory Razorblade argitaratu zuen. Blues ahots garratzdun abeslari britaniarraren jarraitzaile askorentzat hauxe da bere ibilbide osoko diskorik borobilena. Gaur, gaueko hamarretatik aurrera, Eitb Musikan entzungo dugu. Diskografia zabala izan arren, Coyne ez da oso ezaguna publikoarentzat, baina bere lana, besteak beste, Sex Pistols-eko John Lydon-ek goraipatua izan da eta John Peel BBC-ko kazetari entzutetsuak babesa eskaini zion hasieratik. Coyne-ren kantetako protagonistak gizarteak baztertzen dituen horiek dira, bakarkadadean bizi diren outsider-ak, baita instituzioetan giltzapetuta bizi direnak ere, “House on the Hill”-en abesten duen bezalaxe. Kevin Coyne-k haien maitasun beharrari ahotsa jartzen dio.

The White Stripes: White Blood Cell

white stripes The White Stripes amerikarrek 2001ean aurkeztu zuten White Blood Cells euren ibilbideko hirugarren diskoa.  Detroitekoek zuri, gorri eta beltzez jantzitako disko honekin egin zuten jauzia nazioarteko pop arrakasten zerrendetara,  “Fell in love with a girl”  arrakasta handia izan zelarik Erresuma Batuan.   Single honen promozio videoclipa, Michel Gondryk zuzendua, urteko video berritzaileenetako bat izan zen. Baita sarituenetako bat ere,  MTV telebista kateak hiru sari eman zizkion. Zuzendari berarekin egin zuten lan Jack eta Meg White anai- arrebek ” Dead leaves and the dirty ground” singlearen videoclipean eta  “Hotel Yorba” singlearen videoclipa, aldiz, eurek grabatu zuten. Detroit hirian dagoen  Yorba hotelean filmatu zituzten irudiak eta 1926an eraikitako hotel honetako, 206. gelan, egin zuten abestiaren grabazioa. Diskoko gainontzeko abestiak Memphis hiriko Easley McCain estudioetan grabatu zituzten. Jack Whitek konposatu zituen diskoko abesti guztiak eta bera izan zen, ere,  diskoaren ekoizlea.  Grabazio saioetan Meg eta bera aritu ziren, Meg baterian eta perkusio instrumentuetan eta Jack, gainontzeko instrumentu guztietan.  Aipatutako abestiez gain,  “We’re going to be friends” abestia izan zen disko honetako entzunenetako bat. Doinu ezti eta maitagarriz jositako kanta hau Napoleon Dynamite filmaren hasierako kredituen tartean entzun daiteke.

Gaur, gaueko hamarretatik aurrera, The White Stripes Eitb Musikan izango ditugu.

Curt Boettcher: Misty Mirage

Misty MirageCurt Boettcher ekoizle, konpositore eta abeslariaren lanean murgilduko gara, gaur, gaueko hamarretatik aurrera, Eitb Musikan. Misty Mirage (2000) izeneko diskoan 60.hamarkadako Pop Psikodelikoaren sortzaile esanguratsu honek argitaratu gabe utzi zituen hainbat kanta batu zituzten. The Association-en “Along Comes Mary” (1966) arrakastatsuaren ekoizlea, Boettcher ahots harmonia landudun eta ekoizpen sofistikatudun pop barroko hau egiten zuten hainbat projektutako kide edo kolaboratzaile izan zen, hala nola, The Millenium, Sagittarius eta The Ballroom.

Dexy’s Midnight Runners: Searching for the Young Soul Rebels

Searching for the Young Soul RebelsDexy’s Midnight Runners britaniarren lehenengo diskoa entzutera gonbidatzen zaituztegu. Gaueko hamarretatik aurrera Eitb Musikan Searching for the Young Soul Rebels (1980) gure Eguneko Diskoa bihurtuko dugu. “Geno” eta “There, There My Dear” bezalako klasikoak bere baitan dituen lan honek Erresuma Batuko publiko gazteari soul musika gerturatu zion. Disko honen ostean, taldearen hasierako formazioa banatu egin zen, Kevin Rowland liderraren autoritarismoak egoera jasangarria bilakatu baitzuen beste kideentzat. Hala ere, Rowland-ek Dexy’s izenarekin jarraitu zuen, eta handik gutxira “Come On Eileen” (1982) arrakastatsuarekin mundu guztian ezagun egin ziren.

The Felice Brothers: The Felice Brothers

FELICE Catskills mendietako folk musikaren usadioari eutsiz Ian (gitarra eta ahtosa), Simone (bateria) eta James (akordeoia) anaiek The Felice Brothers taldea sortu zuten 2006an. Gutxira batu zitzaien umetatik laguna zuten Christmas Clapton baxu jotzaile eta dado jokalari profesionala.  Lau hauek Felice anaien gurasoen etxe ondoan  zegoen zelai batean hasi ziren euren lehen entseguak egiten eta hilabete batzuetara River Hudson Valley atzean utzi eta New Yorkerantz abiatu ziren, hiri erraldoi honetako metroaren geltokietan eman zituztelarik euren lehen kontzertuak.

Gaur, 22:00etan hasita, Eguneko Diskoaren tartean aurkeztuko dizuegun disko homonimo hau 2008ko udaberrian izan zen argitaratua Team Love diskoetxearen eskutik. Taldearen iraupen luzeko hirugarren lana, hau izan zen nazioartean oihartzuna lortu zuen euren lehen diskoa.

Zumpano: Going through Changes

ZUMPANO GOING THROUGH CHANGES 90eko hamarkadako indie pop musikaren eszenan aurkitzen dugun power pop talde onenetako bat da Vancouvereko Zumpano laukotea. Gaur, 22:00etatik aurrera, Eitb Musikaren sintonian, talde honen bigarren eta azken diskoa izango dugu entzungai, Going Through Changes. Grunge mugimenduaren sorreran, bilakaeran eta eztandan hain garrantzitsua izan zen Sub Pop zigilu diskografikoak eman zuen argitara disko hau 1996an.  Seattleko diskoetxeak kanadarren musika argitaratzearen arrazoi nagusietako bat, indie musikaren merkatu handiago batetara iristeko bere talde-aukera estilo ezberdinetarantz zabaldu izanarena da. Going through changes diskoa nahiko entzuna izan zen indie musikan espezializatutako irratietan, batik bat, “Behind the Beehive” singleak izan zuen oihartzunari esker.

Forever Amber: The Love Cycle

The Love Cycle1968.urtean, Forever Amber seikoteak The Love Cycle diskoa argitaratu zuen. Britaniar psikodeliaren garaiko lan honen 99 ale baino ez zituzten kaleratu. Aleok taldearen kontzertuetan saldu zituzten eta diskoa, beste talde askorenak bezalaxe, desagertua egon zen urte luzez. Bildumazaleen ahalegin eta lanek, ordea, izkutuko altxor hau gureganaino iristea ahalbideratu zuten, berrargitalpenei esker. Gaur, gaueko hamarretatik aurrera, Eitb Musikan The Love Cycle osatzen duten hamasei kantak entzungo ditugu: abesti hauek maitasun-istorio bat nola garatzen den kontatuko digute, baikortasunez beteriko hasieratik amaiera mingotsera arte.

Robert Plant & Alison Krauss: Raising Sand

raising sand2007ko Raising Sand diskoa hamarkada osoko musika kolaborazio nabarmengarrienetako bat izan da.  Robert Plant ingelesak, Led Zeppelin taldearen abeslari izandakoak eta Alison Krauss bluegrassaren izarrak hasiera batean sinestezina zirudiena lortu zuten, urteko disko txalotuenetako bat grabatzea. Raising Sand diskoak bost  Grammy sarietarako izendapena lortu zuen eta bostak irabazi zituen, hauen artean, urteko disko onenaren Grammya. Robert Plant eta Alison Krauss abeslarien elkarlan honek harrera beroa izan zuen ere entzuleen artean, Estatu Batuetako zein Erresuma Batuko pop arrakasten zerrendetako lehen postuetan sailkatuz.

Bi abeslari hauei aipamen egin ondoren, diskoaren ekoizleari egin behar diogu aipamena, T Bone Burnett ekoizleari, bera izan baitzen disko hau ideatu eta errealitate bihurtu zuena. Bere ardura izan zen abestien aukeraketa egitea eta berak egin zituen,ere, beharrezkoak iruditu  zitzaizkion egokitzapen edo moldapenak.

Folk, country eta blues doinuen berpizkunde apal bat eragin zuen disko honen single entzunena, Every Brothers bikotearen “Gone Gone Gone” abestia izan zen, gaur gaueko hamarretatik aurrera, Eitb Musikaren sintonian entzun ahalko duzuena, diskoko gainontzeko abesti guztiak bezalaxe.

The Flatlanders: More A Legend Than A Band

More A Legend Than A BandGaur, gaueko hamarretatik aurrera, country soinu alternatiboak nagusi izango dira Eitb Musikan (eta gaur ezin baduzu entzun, Eitbcomeko Audioen atalean ere jarriko dugu bihartik aurrera). The Flatlanders Texasko taldeak 1971.urtean grabatu zuen disko esanguratsu eta, aldi berean, gutxietsiaren berrargitalpena entzungo baitugu. More A Legend Than A Band 1990.urtean kaleratu zuten eta jatorrizko disko galdu haren kantez gain, 1972.urteko beste kantu batzuk ere gehitu zituzten. Garai hartako country komertzialarekin zerikusirik ez zuten kantetan, Flatlanders-en tradizioa berreskuratu zuten, baina oso ukitu bereziarekin. Beren lanak 90.hamarkadatik aurrera sortu zen country alternatiboa inspiratu zuen, neurri haundi batean.

Mercury Rev: Deserter’s Songs

MERCURY REVNew Musical Express musika aldizkari britainiarrak 1998ko disko onena izendatu zuen Mercury Rev amerikarren Deserter’s Songs. Urte pare bat lehenago Richard Branson musika enpresariak abian jarritako V2 diskoetxean izan zen argitaratua Buffaloko taldearen iraupen luzeko laugarren lan hau eta indie musika programatzen duten irratietan oihartzun handiko diskoa izan zen, behinik behin Erresuma Batuan eta Europako beste zenbait herrialdetan.

60ko hamarkadako pop barrokoaren eraginpean Jonathan Donahuek (Flaming Lips) orkestrazio lana suposatu zuen disko epikoa prestatu zuen eta bertan azaltzen diren 11 abestien grabaketa saioetan, taldeko 6 kideez gain beste 6 musikarik hartu zuten parte, hauen artean, The Band talde kanadarreko kide izandako Garth Hudson eta Levon Helm musikariek.

Gaur, gaueko hamarretatik aurrera, Eitb Musikan entzungai izango dugun disko honen bi single entzunenak “Goddess on a Hiway” eta “Opus 40” abestiak izan ziren. Bi abesti hauen promozio videoclipak Anton Corbijn argazkilari ospetsuak egin  zituen.