Monthly Archives: July 2008

PLAYLIST: THE SPARKS Exotic Creatures of the Deep

Ron eta Russell Mael anaiek Exotic Creatures of the Deep izenburudun lan berria argitaratu dute Lil Beethoven zigiluan.  Synth pop, glam rock eta new wave musiken uztartzetik jaiotako disko dotore eta original hau The Sparks bikote kaliforniarrak aurkezten duen hogeita batgarrena da. Diskoko abestien grabaketarako, Mael anaiek Dean Menta (Faith No More) gitarra-jotzailea hartu dute.  

Disko hau osatzen duten abestiek letra ironiko, bizi eta poetikoak dituzte eta erabat ezberdinak diren gaien inguruan egiten dute solas. Honela, abesti bat Photoshop-ari eskaini diote, beste bat Errenazimentuari eta bada ere, Smith taldeko abeslariari eskainitako abesti bat, hain zuzen ere "Lighten up, Morrisey" izenekoa. Diskoaren aurkezpenerako, eitbmusikan izenburu amaigabeko kanta bat aukeratu dugu: " I can’t believe that you would fall for all the crap in this song".

PLAYLIST: AL GREEN LAY IT DOWN

Al Green, 70eko hamarkadako soul musikaren izar aipagarrienetako bat, eszenatokietara itzuli da Blue Note zigiluak argitaratutako Lay it down disko berriarekin. Hip Hop musikaren ildoan aritu diren  Ahmir "?uestlove" Thompson-ek, The Roots taldeko bateri- jolea izandakoak, eta James Poyser teklatu- joleak  ekoiztu dute Al Green abeslariaren lan berri hau eta diskoan parte hartu duten abeslari eta musikarien artean daude Corinne Bailey Rae, John Legend eta Anthony Hamilton, bakar batzuk aipatzearren. 

Soul musika XXI.mendera egokituz, Lay It Down diskoak  garai ezberdinetako doinu afroamerikarrak eta estiloak uztartzen ditu. Honela, funk mugitu eta dantzagarrietatik, soul sentsual eta erromantikoenera egiten du salto edota gospel ukituko abestietara. Arima duen musika atsegin baduzue, Al Green abeslariaren disko berria gustuko izango duzue.   

PLAYLIST: KITTY, DAISY & LEWIS

Kitty, Daisy & Lewis anai- arreben estreinako diskoa aurkezten dizuegu eitbmusikan. Londreseko hirukote honek 40ko eta 50eko hamarkadetako amerikar musikaren berpizkundean dihardu lanean eta taldearen aurkezpen diskoak, behinik behin, Jump Blues, Boogie Woogie, R&B, Country & Western, Rockabilly eta Rock and Roll bezalako estiloak dakartza irrati uhinetara.

Oraingoz, ez ditugu hemen inguruan izango baina urtea amaitu baino lehen, edo datorren urtean zehar, hirukote gazte honen kontzerturen bat eskertuko genuke. Bitartean, eitbmusikaren sintonian entzun ditzakezue baita taldearen myspace orrian non "Going up the country" kantaren moldapen bikaina eseki duten.

PLAYLIST: ELVIS COSTELLO & THE IMPOSTERS MOMOFUKU

Elvis Costello bere ibilbideko lehen urteetara itzuli da The Imposters taldearekin grabatu duen Momofuku disko berrian. 70ko hamarkada amaieran kaleratu zituen diskoen soinu berdintsua aurkeztuz, Costellok irauli egin du azken urte hauetako diskoetan landutako soinu leun eta sofistikatua. Diskoaren izenburuak  "Ramen" fideo zopa asmatu zuen Momofuku Ando txinatarrari egiten dio aipamen.

Diskoaren grabaketa 2008ko otsailean egin zen. 2 aste nahikoa izan zituzten, diskoan aurkitzen ditugun 12 kantak grabatzeko eta nahasketen prozesua ere berehala amaitu zuten. Horren azkar lan egin izanak freskotasuna eta gordintasuna eman dizkio diskoari. Ez dirudi 54 urteko rock izar baten diskoa, oraintxe hasi berria den talde baten demo bat baizik. Hori bai, demo bikaina.  

Hasiera bateko ideia diskoa biniloan argitaratzearena zen, musikari britainiarraren betiko jarraitzaileentzat opari nostalgiko bat prestatzea baina azkenik, CD formatuan ere argitaratu da eta honek entzuleri zabal batengana gerturatu du Momofuku diskoa. Kritikariek bere azken urteetako lan onenen artean kokatu dute dagoeneko eta guk eitbmusikaren sintonian izango dugu entzungai.

PLAYLIST: RY COODER I, FLATHEAD

Chávez Ravine (2005) eta My Name is Buddy (2007) diskoen ondoren eta trilogia kaliforniarrari  amaiera emateko, Ry Cooder-ek I,Flathead izeneko diskoa argitaratu  du. Lan berri honetan, Kash Buck izeneko pertsonai arraro eta bitxia aurkezten digu, auto lasterketak atsegin dituen country musikari ibiltaria, The Klowns taldearekin batera amerikar lurretan barrena dabilena.  Diskoaren luxuzko edizioak, gainera, pertsonai honen bizitza errealean oinarritzen den eleberria dakar, 100 bat orrialdetako liburua non pasadizo eta abentura dibertigarri eta txoro xamarretaz gozatzeko aukera dugun.

Diskoa 14 abestiz osatzen da eta Ry Cooder-ek Kaliforniako musika mestizai aberatsa islatzen du blues, folk, rockabilly eta mugako herrietako musiketan oinarritutako abesti hauetan.  Diskoaren grabaketan parte hartu duten musikarien artean aipa ditzakegu bere seme Joachim, Flaco Jiménez akordeoilaria, Juliette Commagere abeslaria eta Mariachi Los Camperos taldea. Datozen egunetan, eitbmusikaren sintonian entzun ahalko dituzue I, flathead diskoan jasotako doinuak.

Egun bat Musikan: CILLA BLACK EMI-PARLOPHONE

1963ko uztailaren 24an, Cilla Black abeslari ingelesak ahots froga bat egin zuen EMI-Parlophone zigiluko ekoizle zen George Martin-entzat. Beatles taldearen managerraren bitartez iritsi zen abeslari gazte hau Parlophone estudioetara eta noski, bere gomendapenarekin, abeslariak aise gainditu zuen froga hau. Cilla Black, merseybeat-aren boom erraldoian egongo zen emakumezko abeslari bakarra bihurtuko zen gutxira.

Priscilla White izeneko emakume hau Cavern club txikian hasi zen abesten, The Beatles, The Searchers, Gerry & the Pacemakers eta Billy j. Kramer & the Dakotas taldeen agertoki izan zen eszenatoki berean. Club honetako jantzizain bezala egiten zuen lan sasoi hartan eta noizbehinka eszenatokira igotzen omen zen maitasun baladaren bat abestera. Pixkanaka – pixkanaka club-eko ohiko abeslari bihurtu zen eta Brian Epstein-en gidaritzapean 60ko hamarkadako pop abeslari arrakastatsuenetako bat. Honetarako nahikoa izan zen abeslariaren look xumea pixka bat aldatzea, bere ahotsa zein eszenatokiko jarrera lantzea eta trebatuta eta leunduta zegoenean George Martin ekoizlearen eskuetan uztea.

Cilla Black abeslariak "Anyone who had a heart" eta "You’re my world" bezalako arrakasta handiak lortu zituen 60ko hamarkada erdialdera eta, zalantzarik gabe, Lulu, Sandie Shaw eta Dusty Springfield abeslariekin batera, Brittish Invasion delakoaren emakumezko ahots aipagarri eta arrakastatsuenetako bat izan zen.

Egun bat Musikan: JANIS SIEGEL

1972az geroztik Manhattan Transfer taldeko abeslari izan den emakume hau Brooklyn-en jaio zen, New Yorken, 1952ko uztailaren 23an.

Janis Siegel abeslariak eta Manhattan Transfer taldeko beste hiru kideek, 70ko eta 80ko hamarkadetako ahots talde arrakastatsuenetako bat osatu zuten eta grabatu zituzten pop, jazz, gospel eta blues standard edo klasikoak garaiko pop single salduenen artean kokatu ziren. Taldearen arrakasta handienen artean aipa ditzakegu  "Chanson D’ Amour", "Operator", "Birdland" eta "The Boy from New York City" abestiak. Taldearen izenak,aldiz, John Dos Passos idazle estatubatuarraren 1925eko Manhattan Transfer eleberri ospetsuari egiten dio aipamen. Nobela honetako orrietan New Yorkeko jazz egun distiratsuenak islatzen ziren.

Janis Siegel abeslariak 80ko hamarkadarekin batera ekin zion bakarlari bezala kantak grabatzeari eta, urte guzti hauetan, Manhattan Transfer taldearekin egindako lanak, bere bakarkako disko, emanaldi eta kolaborazioekin uztartu ditu. Jazz musikaren arloan ibilbide duina egin duen anderea, 1987an Grammy sarietara izendatu zuten, jazz abeslari onenaren atalean, At Home diskoan egindako lan bikainarengatik.  

1993an, The Swing Kids filmaren soinu bandarako grabatu zuen swing garaiko klasiko bat den "Bei mir bist du schoen", 1932ko I would if I could musikal judutarrerako izan zena konposatua eta The Andrews Sisters neskek grabatu zutenetik amerikar pop standard-etako bat dena.

Egun bat Musikan: Simple Minds CLUB FAN CLOSED

1999ko uztailaren 22an, Simple Minds eskoziarrek prentsa ohar baten bidez jakinarazi zuten, taldearen jarraitzaileen club ofiziala ixtea erabaki zutela. Erabaki triste hau, azken urteetan jasandako fan kopuruaren jaitsiera nabarmenaren ondorioz hartu zuten baina prentsa oharrean, ere, argi utzi nahi izan zuten asko eskertzen zietela taldearen jarraitzaileei horrenbeste urteetako ibilbidean erakutsitako maitasuna eta leialtasuna.

80ko hamarkadako talde arrakastatsuenetako bat, New Gold Dream eta Once upon a time diskoak pop arrakasten zerrendetako lehen postuetaraino iritsi ziren Atlantikoaren bi aldeetan eta "Alive and Kicking" edota "Don’t you forget about me" bezalako single ezagunak aurkeztu zituzten. Azken kanta hau, gainera, The Breakfast club filmaren soinu bandarako izan zen aukeratua eta filmaren arrakasta itzelak bultzatuta, singlea Billboard amerikarreko lehen posturaino igo zen.

90ko hamarkadako urteak ez ziren batere onak izan Glasgow-ko taldearentzat. Ez zuten nazioarteko arrakastik lortu eta taldearen jarraitzaileen kopuruak ere beherantza egin zuen nabarmenki. Azkenik, aipatu bezala, 1999ko uztailaren 22an itxi zuten taldearen fan club ofiziala. 

Egun bat Musikan: CAT STEVENS AKA YUSUF ISLAM

Steven Demetre Georgiou, 60ko eta 70eko hamarkadetako pop folk britainiarraren musikagile esanguratsu eta emankorrenetako bat, Londresen jaio zen 1948ko uztailaren 21ean. Hiru anaietan gazteena, aita greziarra izan zuen eta ama, berriz, suediarra. Haurtzaroko urteei buruz hitz egiterakoan tristuraz gogoratzen ditu bere gurasoak banandu zireneko egunak. Cat goitizena nerabezaroan jarri zion orduko bere neskalagunak, honen iritziz abeslariak katu begiak baitzituen.

Cat Stevens-ek 18 urtekin argitaratu zuen "I love my dog" izeneko estreinako singlea eta urtebetera, The Tremeloes taldeak Erresuma Batuko pop arrakasten zerrendetako TOP 5-a eskuratu zuen Stevens-ek konposatutako "Here comes my baby" abestiarekin. 1967an grabatu zuen, ere, P.P Arnold abeslariak Cat Stevens-en ibilbide osoko izenburu ezagunenetako bat izan den "The first cut is the deepest" orduz geroztik hainbat eta hainbat abeslari eta taldek grabatu izan dutena, esateko, Rod Stewart eta Sheryl Crow abeslariek.

Sasoi hartan, tuberkulosiak jokoz kanpo utzi zuen hilabete batzuetarako. Gaixo eta eszenatokietatik urruti egon zen denboraldi luze hartan, abeslariak musika espiritual eta gogoetatsuagoa sortzeari ekin zion eta bere itzulera uste baino hobea izan zen. 1970 eta 1972 urteen artean, bere ibilbideko bi disko aipagarrienak argitaratu zituen Tea for the tillerman eta Teaser & the firecat. Disko hauek aukeztu zituzten Cat Stevens-en kanta goraipatuenak: "Morning has broken", "Wild World", "Father & Son", "Moonshadow", "Peace Train" etab.

1976an abeslari britainiarra itota hiltzeko zorian egon zen eta pasarte hartatik bizirik ateratzearen miraria eskertu nahian Coran liburu sakratua hartu zuen esku artean. Gutxira, fede islamiarra besarkatu zuen eta Yusuf Islam izen berria hartu. Ondorengo 20 urteetan ez genuen bere berririk izan eta musika arloan ez zuen inolako lanik egin. 90eko hamarkada bukaeraz geroztik, kanta berriak grabatzen dihardu nahiz eta ez duen, oraindik behintzat, 70eko hamarkada hasierako diskoen maila berdintsuko lanik aurkeztu.

Egun bat Musikan: DION DIMUCCI

Doo wop musikaren ahots aipagarrienetako bat, Dion DiMucci abeslaria, 1939ko uztailaren 18an jaio zen.

Metroko geltokietan eta New Yorkeko kale izkinetan abesten zuten ahots talde txikietako kide bezala hasi zuen bere musika ibilbidea eta 50eko hamarkada bukaeran lortu zituen bere lehen arrakastak The Belmonts taldeak Laurie Records zigilu berriarekin kontratu diskografikoa zinatzean. Talde honetako kideek betidanik ezagutzen zuten elkar, hirurak ziren jatorri italoamerikarrekoak, hirurak bizi ziren ere Belmont hiribidean eta hirurek ikasi zuten institutu berean.

1957tik 1959ra, Dion & The Belmonts Estatu Batuetako doo wop talde arrakastatsuenetako bat izan zen eta “I wonder why”, “A teenager in love edota “Come on little angel”, pop zerrendetako lehen postuetaraino iritsi ziren. 1960an Dion DiMuccik taldea utzi eta bere burua bakarlari bezala aurkeztea erabaki zuen. Ondorengo hiru urteetan, garaiko teen idol famatuenetako bat izan zen eta “Runaround Sue” zein “The Wanderer” abestiak Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko pop zerrenden gailurrean kokatu ziren. 1964an, ordea, Beatles laukoteak Atlantikoa zeharkatu zuen eta Liverpoolekoen etorrerak amerikar pop musika noraezean utzi zuen, urteak iraungo zituen krisi sakon batean.

Heroinak eta Jack Daniels-ak gainbehera jaurti zuten Dion DiMucciren ibilbide profesionala baita bizitza pertsonala. 70eko hamarkarda amaierarako Dion trapu zahar bat baino ez zen.  Urte haietan, tarteka diskoren bat kaleratu zuen arren, 2006 urtera arte ez zuen benetan esanguratsua den lanik argitaratu. Urte honetan, Dion: bronx in blue diskoak grammy sarietara izendapen bat jaso zuen eta abeslaria indarberrituta itzuli zen eszenatokietara. Hainbeste urte eta gero, kritikarien eta entzuleen babesa lortu zuen berriro.