Monthly Archives: February 2010

Vampire Weekend: Vampire Weekend

Vampire WeekendGaur gauean Vampire Weekend New York-eko taldeak argitaratutako lehenengo diskoa entzungo dugu: Vampire Weekend (2008). Lau mutil hauen “Upper West Side Soweto” estiloak kritikaren eta publikoaren txaloak jaso zituen. Internet-en Vampire Weekend-en inguruko zurrumurruak urtebete lehenago zabaldu ziren. Sareak musika-talde berriak begia hets artean goraipatu edo ahazten dituen sasoi hauetan, Vampire Weekend-en lanak froga gainditu zuen eta entzuten dugun bakoitzean hasieran bezain fresko eta bizia iruditzen zaigu. Gaueko hamarretan, EitbMusikan izango dituzu.

Antony and the Johnsons: I Am a Bird Now

I Am a Bird Now2005.urtean, Antony and the Johnsons taldeak publiko zabalaren aurrera egin zuen jauzi I Am a Bird Now diskoari esker. Antony Hegarty buru duen banda honek argitaratutako bigarren lana izan zen hau eta berari esker, mundu osoak ahots hunkigarridun artista honen kantak ezagutu zituen. Candy Darling Andy Warhol-en musa ezagunaren argazkia azalean duela, disko honetan, malenkonia, galera, heriotza, maitasuna, itxaropena…nahasten dira. Gainera, hainbat gonbidatu ere izan zituen Antony-k berarekin batera abesten: Rufus Wainwright, Boy George, Devendra Banhartt eta Lou Reed, hain zuzen ere. Gaur, gaueko hamarretatik aurrera, Eitb Musikan entzungai izango dugu I Am a Bird Now.

Beirut: The Flying Club Cup

The Flying Club CupThe Flying Club Cup (2007) Beirut-en bigarren diskoa izan zen. Zach Condon, Beirut-en atzean dagoen gizona, Europa zaharreko musika tradizioarekin liluratutako estatubatuar gaztea dugu. Institututik ihes egin ahal izan zuenean, kontinente zaharrera etorri zen, eta Paris bere operazio-gune bilakatuz, Europa ekialdeko musikan, batez ere, murgildu zen buru-belarri. Gulag Orkestar (2006) Condon-ek bere logelan zituen musika-tresnekin grabatu zuen, bakar-bakarrik. Beirut-en lehenengo disko horrek sekulako arrakasta izan zuen mundu osoan. Bigarrenean, Balkanetako musikara eta bestelako soinu europarretara itzuli zen, beste behin, guztia bere erara moldatuz. Gaur, gaueko hamarretatik aurrera Eitb Musikan entzungo dugu The Flying Club Cup.

Loretta Lynn: Van Lear Rose

Van Lear Rose90.hamartean, hogeitamar urte lehenago country-aren izar bilakatu ziren artistak jokoz kanpo geratzen hasi ziren. Hala ere, hauetako batzuk –Johnny Cash, Merle Hagard…- jakin zuten sasoi berrietara moldatzen eta beren izaera galdu gabe, publiko berri batengana iristea lortu zuten. Loretta Lynn, country-aren mito haundia bera ere, 2004.urteko Van Lear Rose diskoarekin itzuli zen publikoaren bat egitera. Lan honetan White Stripes-eko Jack White izan zuen ekoizle. Mehatzariaren alabaren musikaren esentzia errespetatuz, White-k emanaldi gutxitan grabatu nahi izan zuen diskoa, gordin eta bapateko. Van Lear Rose gaur, gaueko hamarretatik aurrera, entzungo dugu Eitb Musikan.

The Flaming Lips: Yoshimi Battles the Pink Robots

Yoshimi Battles the Pink RobotsThe Flaming Lips Oklahomako rock talde alternatiboak 2002.urteko udan Yoshimi Battles the Pink Robots diskoa argitaratu zuen. Ordurako Wayne Coyneren bandak ia hogei urte zeramatzan musikan baina lan honek batu zituen ibilbide luze horretan lehendabiziko aldiz kritikaren eta publikoaren txaloak, aldi berean. Gaur, gaueko hamarretatik aurrera, disko honetako Eitb Musikan sentimenduz beteriko soinu esperimental eta ametsetako hauetan murgilduko gara.  

Lambchop: Nixon

LAMBCHOP NIXON 2000.urteko Nixon diskoa Nashvilleko Lambchop alt country taldearen lan berezienetako bat da. Merge Records zigilu diskografikoak argitaratutako disko honen grabaketan hamahiru musikarik hartu zuten parte eta Kurt Wagnerren taldeak inoiz baino nabarmenago azaleratu zituen euren musika sailkaezinaren eragin anitzak: countrypolitan, Philly soul, avant garde, jazz…

Diskoaren izenburuarengatik pentsa daitekenez, Lambchop taldearen  lan honek Richard Nixon presidente estatubatuarrari egiten dio aipamen. Hala eta guztiz ere, hau ez da disko kontzeptual bat eta abestiek ez dute beraien artean loturarik ezta garapen tematikorik. Diskoaren azalean ikusten dugun margolan hau, Kurt Wagnerren haurtzaroko lagun batek egina da, Wayne White artista grafikoak, talde honen beste zenbait diskoren portadak ere egin dituenak.

Gaur, 22:00etatik aurrera, Nixon diskoa entzun ahalko duzue Eguneko Diskoaren tartean.