Tag Archives: ’80s

The Waterboys: This Is The Sea

waterboys

The Waterboys taldeak 1985eko This Is The Sea diskoarekin lortu zuen nazioarteko oihartzuna.  Disko hau Londresen finkatutako taldearen hirugarren lana izan zen eta Fisherman’s Blues disko arrakastatsuaren aurrekari zuzena.

Mike Scott eskoziarrak honakoa esan zuen diskoa kaleratu zen garaian:  “This Is The Sea is the record on which I achieved all my youthful musical ambitions”.  Esaldi honetan argi azaldu zuen This Is The Sea izan zela gaztetxotatik egin nahi izan zuen diskoa eta disko honetan lortu zuela bere gaztaroko nahai eta beharrak asetzea.

Musikari bezala lortutako heldutasun horren adibide dira aire eta soka instrumentuetzat sortutako melodia zerutiarrak, abestien letra landuak eta sentimendu sakonenak azaleratzeko duen gaitasuna. Disko honetan malenkonia eta  pasioa musika bihurtzen dira erromantizismo garaiko konpositore onenen eskuetan bezala.

Klaus Nomi

nomi klausKlaus Nomi abeslari alemaniarra 1983ko abuztuaren 6an hil zen HIESak jota.  Ezaguna bere opera- pop rock abesti bitxiengatik, Klaus Nomi 70eko hamarkada bukaeran eman zen ezagutara David Bowiek  Saturday Night Live telebista programan berarekin batera azaltzeko gonbidapena egin zionean. Ondorengo bizpahiru urteetan oihartzun handiko musikaria izan zen, batik bat gay entzuleriaren artean, eta arrakasta handiko bertsioak egin zituen: “Can’t Help Falling in Love”, “You Don’t Own Me” edota “Lightning Strikes”.

Madness: House of Fun

Gaurko egunez, 1982.urtean,  Madness Erresuma Batuko singlerik arrakastatsuen lehenengo postura iritsi zen “House of Fun” singlearekin. Kanta honetan, 80.hamarkadako ska revivaleko talde protagonistetako bat izan zenak adinez nagusi izatearen ospakizunaz hitz egiten du, ordura arte debekatuak izan diren tentazioz beteriko garai berria agurtuz. Welcome to the house of fun!

Van Morrison & the Chieftains: Irish Heartbeat

Irish Heartbeat1988.urtean, Van Morrisonek The Chieftains irlandar folk talde ezagunarekin bat egin zuen Irish Heartbeat diskoan. Ordura arteko bere lanaren norabidea eten egin zuen, nolabait, Irlandako musika tradizionalak osatzen duen disko honekin. Adituen arabera, 80.hamarkadako Van Morrisonen lanak monotonian erortzen hasiak ziren eta Irish Heartbeatekin bere ibilbideko unerik gogoangarrienetako disdirara itzuli zen. Gaur, gaueko hamarretan, Eitb Musikaren sintonian, gure Eguneko Diskoa izango da Irish Heartbeat.

X: Wild Gift

X taldearen bigarren diskoa, Wild Gift, gaurko egunez argitaratu zuten, 1981.urtean. Los Angeles-eko punk eszenako bandarik esanguratsuenetako bat izandako honen lehenengo lau diskoak – Los Angeles (1980), Wild Gift (1981), Under the Big Black Sun (1982) eta More Fun in the New World (1983)-  orduko lanik txalotuenetako batzuk dira. The Doors-eko Ray Manzarek-ek “deskubritu” zituen. Orduan sasoian, punk-ek hippiak gorrotatzea espero zen baina beren aitabitxiaren ospeak disdira berezia eman zien beraiei. Gainera, Exene Cervenka abeslariaren umore adimentsudun hitzek eta beren soinuaren espektro zabalak (country, folk eta rock gogorra uztartzen zituzten) benetan berezi eta deigarri bilakatzen zituzten.

Snakefinger: Manual of Errors

Manual of ErrorsManual of Errors, gaurko egunez, 1982.urtean argitaratua, Philip Lithman-en bakarkako hirugarren diskoa izan zen. Gitarrarekin zuen abileziarengatik Snakefinger izen artistikoa hartu zuen eta horrela aurkezten zuen bere burua. 70.hamarkadaren hasieran, Londresetik San Francisco hirira joan zen eta han the Residents talde esperimentalarekin egin zuen bat, baina haien artean ez zuen oso ondo ematen: ez omen zen beraiek bezain arraroa, baina, egia esan, mainstream-erako ere ez zen nahikoa “normala”.

Dexy’s Midnight Runners: Searching for the Young Soul Rebels

Searching for the Young Soul RebelsDexy’s Midnight Runners britaniarren lehenengo diskoa entzutera gonbidatzen zaituztegu. Gaueko hamarretatik aurrera Eitb Musikan Searching for the Young Soul Rebels (1980) gure Eguneko Diskoa bihurtuko dugu. “Geno” eta “There, There My Dear” bezalako klasikoak bere baitan dituen lan honek Erresuma Batuko publiko gazteari soul musika gerturatu zion. Disko honen ostean, taldearen hasierako formazioa banatu egin zen, Kevin Rowland liderraren autoritarismoak egoera jasangarria bilakatu baitzuen beste kideentzat. Hala ere, Rowland-ek Dexy’s izenarekin jarraitu zuen, eta handik gutxira “Come On Eileen” (1982) arrakastatsuarekin mundu guztian ezagun egin ziren.

Lloyd and the Commotions: Rattlesnakes

RattlesnakesBritania Haundian, 80.hamarkadaren erdialdean agertu ziren hainbat taldek –Prefab Sprout, Aztec Camera, the Smiths…- beren izaera gitarraren soinua oinarri hartuta eraiki zuten, sintetizadoreekiko grina nagusi zen garai batean. Jangle Pop bezala ezagutzen dugun mugimendu hura definitzen duen diskorik bada, hori Rattlesnakes (1984) dugu. Lan hau Lloyd and the Commotions Glasgow-ko taldearen lehenengo diskoa ere izan zen: urte haietako debutik onenetako bat. Gaur, gaueko hamarretatik aurrera, Eitb Musikan, Eguneko Diskoaren tartean, osorik entzungo dugu.