Monthly Archives: May 2010

Pulp Fiction

Pulp FictionPulp Fiction pelikularen soinu banda entzungo dugu gaur gauean Eitb Irratian, 22:00etatik aurrera. Film honekin, Quentin Tarantinok, pelikulak egiteko modua eraberritu zuen bezalaxe, soinu bandak egiteko modu berri bat sortu zuen. Izan ere, Pulp Fictionen ez da entzuten espreski pelikularentzat sortutako girotze musikarik. Tarantinok surf musika aukeratu zuen horretarako, eta tartean hainbat soul, rock, pop eta country klasiko ere sartu zituen. Hala nola, Kool and the Gangen “Jungle Boogie”, Urge Overkillen “Girl, You’ll Be a Woman Soon”-en bertsioa eta Dusty Springfielden “Son of a Preacher Man”, besteak beste. Kanta-aukeraketa honek pelikularen biolentzia, umore eta estetikaren nahasketa basatia islatzea lortzen du.

Toots and Maytals: Pressure Drop The Defintiive Collection

toots and maytals

2005.urtean Trojan diskoetxeak Pressure Drop The Definitive Collection kanta bilduma argitaratu zuen.  Bilduma honetan Toots and Maytals hirukote jamaikarrak 1964tik  1974ra grabatu zituen zenbait kanta jasotzen dira , hirukotearen ibilbideko hamar urte emankorrenak bi cd-tan laburtuz.

Gaur, 22:00etatik aurrera, Eguneko Diskoaren tartean, Toots Hibbert, Nathataniel “Jerry” McCarthy eta Raleigh Gordon jamaikarrek egin zuten musika gogoratuko dugu, ska doinuetatik, rocksteady eta reggae musiketara.

Gram Parsons: Grievous Angel

GRIEVOUS ANGEL Gram Parsons country rock musikariaren bakarkako bigarren diskoa, Grievous Angel, 1974ko urtarrilean argitaratu zen, musikaria hil eta 4 hilabetetara. Disko honetan 1973ko udaran grabatutako zenbait abesti jaso ziren, 26 urteko musikariak Emmylou Harris abeslariarekin eta Hot Band taldeko kideekin grabatutako abestiak (Hot Band Elvis Presleyren talde laguntzailea zen sasoi hartan).

International Submarine Band, The Byrds eta The Flying Burrito Brothers taldeetako kide izandako musikari hau country rock musikaren aitzindaritzat har dezakegu bera izan baitzen rock talde batean country musika egin zuen lehenengotako bat.

Bihar, gaueko hamarretan, Gram Parsonsen Grievous Angel Eitb Irratian.

Raymond Scott: Manhattan Research Inc.

Manhattan Research IncRaymond Scott XX.mendeko musikaren aitzindari nagusienetako bat izan zen. Bere ibilbide profesional 30. hamarkadan hasi zuen, swingaren garaian. Musikari beltzak eta zuriak elkartu zituen historiako lehenengo orkestra osatzeaz gain, egungo musikaren garapenarentzat garrantzitsuak izan diren beste hainbat mugarri jarri zituen Scott-ek. Bera izan zen, esaterako, historiako lehenengo sintetizadoreetako baten sortzailea eta bere konposizio elektronikoak, 60.hamarkadan, geroago ambient bezala definitu zena aurreratu zuten. 1946.urtean Manhattan Research Inc. sortu zuen, musika elektronikoa eta konkretoa konposatzeko egon zitezkeen baliabiderik aurreratuenak garatzeko asmoarekin. Berak eraikitako tresna elektronikoekin sortutako konposizioak iragarki ugaritan eta telebista edo zinemarako filmeetan erabili ziren eta harrigarria da Scott-ek idatzitako piezen gaurkotasua . Gaur, gaueko hamarretatik aurrera, Raymond Scotten unibertsoa entzungai izango dugu Eitb Musikan.

Pavement: Shady Lane


Pavement 90.hamarkadako talde esanguratsua berriz ere zuzenekoak ematen ari da mundu osoan. Dakizuenez, hilaren 27an Bartzelonan joko dute Primavera Sound jaialdiaren programazioaren barruan.  Stephen Malkmus eta konpainiaren errepertorioa errepasatu nahi izanez gero, Quarantine the Past izeneko bilduma argitaratu berrian, lo-fi mugimenduko aitzindari hauen kantarik onenak batu dituzte. Eitb Musikaren programazioan jada entzungai duzu hauetako bat: 1997.urteko “Shady Lane” (kantaren bideoklipa Spike Jonzek zuzendu zuen).

Rokia Traoré: Bowmboï

BowmboïRokia Traoré bakarlariak 2003.urtean argitaratu zuen bere hirugarren diskoa, Bowmboï izenekoa. Maliko sendi zaharrenetako bateko kidea, Traorék bere herriko musika tradizio aberatsarekin loturak izan arren, bide berezi eta propioa jorratzen du, 90.hamarkadaren amaieran abesten hasi zenetik. Gaur, gaueko hamarretan, Eitb Musikako sintonian entzun ahal izango dugu moldaketa minimalistadun disko indartsu hau. Gainera, Rokia Traoréren ahots fina laguntzen Kronos Quartet hari-laukoteak ere esku hartu zuen diskoko pare bat kantatan. Harrapatuko gaituen saioa, zalantzarik gabe.

The Clash: Combat Rock

Combat_rock_cover The Clash laukotearen Combat Rock diskoa 1982ko maiatzaren 14an kaleratu zen. Londreseko punk taldeak New York eta Londresen grabatu zituen Lp honetako kantak eta diskoak Epic diskoetxean ikusi zuen argia. Hau izan zen jatorrizko formazioak grabatu zuen bosgarren eta azken diskoa 1985eko Cut The Crap diskorako Topper Headon bateria jotzailea eta Mick Jones gitarrista The Clash taldetik kanpo baitzeuden.

Diskoak arrakasta handiko 4 single aurkeztu zituen: “Know Your Rights”, “Should I Stay or Should I Go“, ” Rock The Casbah” eta “Straight To Hell”.

Milioika ale saldu zituen disko honen azalean Bangkok-eko trenbide abandonatu baten errailetan ikusten ditugu The Clash taldekoak. Argazkia Pennie Smithek atera zien 1982ko Far East kontzertu biran.