Monthly Archives: August 2009

Tennessee Ernie Ford: Songs Of The Civil War

1861.urtetik 1865.urtera iraun zuen Estatu Batuetako Sezesio-gerrak. Konfederatuen eta unionisten arteko guda honetan, bi aldeetako soldaduen denborapasarik gogokoena kantatzea zen. Estatubatuar abeslari askok kantatu izan dituzte bando bateko zein besteko kantak, baina Tennessee Ernie Ford-ek 1961.urtean, gerraren mendeurrenean, grabatu zituen hauek gure arreta merezi dute. Ford estatubatuar bakarlaririk arrakastatsuenetako bat zen 60.hamarkadaren hasieran eta bere baritono ahotsarekin beste inork baino hobeto interpretatu zituen gerrako kanta hauek. Gaur, gaueko hamarretatik aurrera, eitbmusikaren sintonian, Tennessee Ernie Ford alde batekoen zein besteen kantak entzuteko aukera izango duzu. 

FREE DESIGN: KITES ARE FUN (THE BEST OF)

 

New Yorkeko Free Design taldearen sunshine pop musika ezagutzeko aukera paregabea duzue gaur, 22:00etan,  Eitb-musikaren sintonian, Eguneko Diskoa atala taldearen ibilbidea laburbiltzen duen Kites are fun:The Best of Free Design 1998ko bildumari eskainiko baitiogu. 

Dedrick anai-arrebek sortutako musikaren ezaugarritzat aipa ditzakegu euren abestietan egiten zituzten ahots armonia zerutiarrak eta jazz zein psikodeliaren eraginpean konposatutako pop kanta disdiratsu eta etereoak. Talde honen musika, Spanky & Our Gang, The Mamas and the Papas edota The Association taldeek egin zuten musikarekin alderatu daiteke.   

The Flying Burrito Brothers: The Gilded Palace of Sin

 Gaur gauean, 22:00etatik aurrera, The Flying Burrito Brothers taldearen aurkezpen diskoa izango dugu entzungai Eitbmusikaren sintonian. 1969ko The Gilded Palace of Sin The Byrds taldea utzi ondoren konposatu eta grabatu zuten Gram Parsons eta Chris Hillman musikariek eta 60ko hamarkada bukaerako country alternatiboaren disko handienetako bat bezala aurkeztu dezakegu. Disko honetan aurkeztu zituzten hamaika abestietatik, bi baino ez dira moldapenak, “Do Right Woman” eta “Dark End of The Street” soul abestiei dagozkienak (aipagarria Sneaky Pete Kleinow-ren steel gitarra) . Gainontzeko guztiak The Flying Burrito Brothers taldeko kideek sortuak dira. Psikodeliaren eta country rockaren ezkontzatik jaiotako disko honetan Los Angeles hiriko taldearen izenburu ezagunenetako batzuk aurkituko dituzue.

Giant Sand: Selections Circa 1990-2000

80. hamarkadatik, Arizonako desertuak Giant Sand-en soinua zizelkatzen dihardu. Talde hau,  Howe Gelb buru duela, americana delakoaren aitzindaria da.  Besteak beste, John Convertino eta Joe Burns izan ditu bidelagun Gelb-ek. Convertinok eta Burns-ek Calexico osatu zuten 90.hamarkadan. Egia esan, Howe Gelb-en inguruan mugitzen diren artistak aipatzekoak dira guztiak, eta hauetako batzuk, gaur gauean, eitbmusikan, Eguneko Diskoaren tartean entzungo ditugu: Juliana Hattfield, Victoria Williams, Evan Dando eta Lucinda Williams, esaterako.  Izan ere, gaueko hamarretatik aurrera, Selections Circa 1990-2000 bildumako kantak entzungo baititugu: Giant Sand-en musika ezagutzeko aurkezpen bikaina izan daitekeen kanta aukeraketa dotorea.

Nanci Griffith: The Last Of The True Believers

Nanci Griffith abeslari, gitarrista eta kantagile beteranoaren ahots garbiak Eguneko Diskoaren tartea beteko du gaur, eitbmusikaren sintonian, gaueko hamarretatik aurrera. Entzungo dugun diskoa The Last of The True Believers (1986) da. Lan honetan, country musika folk-ez zipriztintzen du Griffith-ek, bere betiko dotoreziarekin. Herri txikietako egunerokotasunaren istorioak kontatzen dizkigu bertako kantetan, musikari trebeenak lagun dituela.

Eguneko Diskoa: The Genuine Imitation Life Gazette (the Four Seasons)

Beach Boys-en Pet Sounds (1966) eta Beatles-en Sgt. Pepper’s Lonely Hearts Club Band (1967) disko historikoen ostean, rock musika “serioagoa” bilakatu zen. New Jerseyko The Four Seasons ahots-talde arrakastatsuak ere kaleratu zuen bere ahalegin kontzeptuala: The Genuine Imitation Life Gazette (1969). Beren estilo txukunarekin eta egitura klasikodun pop kantekin zerikusirik ez zeukan lan psikodeliko ausart honek ez zuen jaso bere garaian kritikaren txalo gehiegirik ezta publikoaren harrera beroegirik ere. Urteak pasa ahala, Frankie Valli eta konpainiaren diskorik gogoangarriena bilakatu da, aditu askoren ustetan. Gaur, gaueko 22:00etatik aurrera, eitbmusikan, Eguneko Diskoaren tartea eskainiko diogu.

Margo Guryan:Take a Picture

1968ko Take a Picture 60ko hamarkadako musikaren ezkutuko altxorretarako bat da. Margo Guryan New Yorkeko abeslari eta konposatzailearen aurkezpen lana, kaleratua izan zen garaian ez zen batere arrakastatsua izan baina urteen joanarekin eta Astrud Gilberto, Mama Cass eta Julie London bezalako abeslari famatuek disko honetan jasotako abestietan oinarrituz egindako moldapenei esker, Take a Picture 60ko hamarkada bukaerako pop musikaren harribitxietako bat bihurtu da.

Musika klasikoan eta jazz musikan hezitako emakume honek  pop musikarantz urrats hau ematearen arrazoia Beach Boys taldearen Pet Sounds diskoa izan zen. Californiako itsasertzetatik zetozen pop kanta haien, sofistikazio, sentiberatasun eta fintasunak erabat liluratu zuten Margo Guryan eta disko hau osatuko zuten kantak konposatzeari ekin zion. Leuntasunez xuxurlatuko dizkigu gaueko hamarretatik aurrera Eitbmusikan. 60ko hamarkada amaierako pop, jazz eta psikodelia atsegin dituzuenontzat galdu ezineko hitzordua.

Asleep at the Wheel:Ride with Bob

Asleep at the Wheel talde estatubatuarra gaur egun Western Swing musika egiten duen talde bakarretako bat da. Country musikaren barruan kokatzen den estilo honen sortzaile eta maisu handiena Bob Wills izan zen The Texas Playboys bere talde laguntzailearekin batera estilo honen klasiko handienak grabatu zituena. Gaur gaueko hamarretatik aurrera, klasiko hauetako batzuk entzuteko aukera izango duzue baina Asleep at the Wheel taldekoek 1999ko Ride with Bob diskorako egin zituzten moldapenetan: “New San Antonio Rose”, “Roly Poly”, “Cherokee Maiden“, “Right or Wrong”, “Faded Love”, “Take me back to Tulsa” edota “Stay all night”.

Asleep at the Wheel taldeak Bob Wills country musikariari eskainitako bigarren disko honetan 1993ko A Tribute to the music of Bob Wills & The Texas Playboys diskoan baino gonbidatu gehiagok hartu zuten parte. Beste batzuen artean, Dwight Yoakam, The Dixie Chicks, Mark Chesnutt, Lyle Lovett edota Shawn Colvin entzun ditzakegu disko honetako abestietan.

Sandy Denny: Sandy

Sandy Denny abeslariaren bakarkako bigarren LPa izango da Eguneko diskoa tartearen protagonista gaur gaueko hamarretatik aurrera. 1972an Island zigiluak argitara emandako disko hau Fotheringay taldeko Trevor Lucas australiarrak ekoiztu zuen, gutxira bere senarra izango zenak, eta diskoko abestiak Fairport Convention eta Fotheringay taldeetan Sandy Denny abeslariarekin batera aritutako musikariek grabatu zituzten (Richard Thompson gitarristak, Pat Donaldson baxu jotzaileak, Dave Swarbrick biolinistak, Linda Thompson abeslariak…). Diskoan aurkeztutako hamar abestietatik zortzi Sandy Denny abeslariak konposatuak dira eta gainontzeko beste biak Bob Dylanen “Tomorrow is a Long Time” eta Richard Fariñaren “The Quiet Joys of Brotherhood” abestien moldapenak.

1972ko Sandy diskoa 70eko hamarkada hasierako folk rock britainiarraren gailurretako bat bezala aurkeztu dezakegu baita Sandy Denny abeslariaren lan finenetako bat bezala ere.